Onintza Enbeita.
LARREPETIT

Jabetza

2017ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Umetan gure gauzez hitz egiten erakutsi ziguten: gure eskola, gure etxea, gure gurasoak, gure jostailuak, gure lagunak... gerora, ostera, dena niretu genuen: nire nobioa, nire karrera profesionala, nire etxea... eta badakit logela propioak emakumeen bizitza aldatu egin zuela, baina ez naiz horretaz ari. Euskararen ezaugarririk ederrenetakoa kolektibotasun hori da. Ilobekin eztabaidan pasatzen dut denbora: «'Nire ama' ez, bihotza, 'gure ama'». Esan beharraren esan beharraz, gure lehengusinari «zuen ama» esaten diot, eta gure lehengusina alaba bakarra da.

Euskarak munduari eman diezaiokeen kontzeptuetako bat da gutasunarena. Bakarrik edozertarako gai garela erakusten ari zaizkigu egunero, eta guk behin eta berriro aldarrikatzen dugu hori ez dela horrela. Elkar behar dugula, elkar zaindu behar dugula, gu garela. Eta orduan diot nik: eman diezaiogun munduari gutaz hitz egiteko joera natural hori.

Neure buruari begiratuta, esan dezaket neure-neurea horixe baino ez dudala: neure burua bere gorputz eta guzti. Besterik, neurea bakarrik denik, ez dut ia ezer. Ama eta aita berberengatik jaiotako hiru pertsona gaude gurean, etxearen zati bat bankuarena da oraindik eta bikotekiderik ez dut inoiz neuretzat esklusiban izan. Dena gurea, beraz. Agian horregatik, edo batzuetan nahi gabe euskarari ez dituen abantailak bilatu nahi dizkiodalako defendatzen dut gurea dugunaz hitz egitea. Eta dena ustez berea duen jendearen ninininitasun alternatibo faltsuki kolektibizatuaknazkatuta nauka. Konpartitzeaz hitz egiten didate, komunitatean bizitzeaz. Teoria zoragarriak kontatzen dizkidate, baina funtsean, aldarrikatu nahi duten bizimoduari erreferentzia egiten ziotenadierazpide guztiak galtzera utzi dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.