Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Hizkera arazo bat

2017ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Bada zerbait elite politikoa deitu gogo dugun horretan antipatiko egiten zaiguna, amorragarri, iraingarri. Abiapuntuek, jarrerek eta hizkerek bereizten gaituzte. Egunerokoan, hor daude; gauzak pixka bat estutzen direnean, are ageriago zaizkigu. Azken egunetan EAEko irakaskuntza publikoan bizi izan diren hiru greba egunetan ikusi izan da berriro.

Sindikatuetatik, sektoreak bizi dituen zuloak salatu dituzte: murrizketek ekarri duten ratio handitzea geletan, LOMCE eta Heziberri planen desegokitasuna, atzerapenak ordezkapenetan, plantilla urriak... azken batean, inbertsio handiagoa eskatzen zaio administrazioari, Europar Batasuneko batez bestekora heltzeko eta hezkuntza sistema publiko sendo bat izateko.

Lakuak serio hartu du langileen erronka, nahiago izan du gobernu bozeramaileari eman erantzuteko ahala. Eta Erkorekak esan duena da, gutxi-asko, grebak «ez daudela inolaz ere justifikatuta», «ez dela unea», eta propina legez, arlo publikoko irakasleekdituztela lan-baldintza onenak, eta iradoki, beraz, zertan dabiltzan bazterrak nahasten pribilegiatu batzuk badira. Panzer bat tiroka.

Ezer berririk ez. Eskatzen dena eskatzen dela, administraziotik greban dauden beste edozein langileri eman izan ohi zaien erantzuna (nola zen Pantokratorraren hatz akusatzaileak ziotsena Gurutzetako langile pankartadunei?: «hau da zuen ohiko lantokia?»). Handi-haize gaiztoz, eskaerak eta eskatzaileak gutxietsiz beti. Gauza jakina baita pribilegiatuen jokamoldea dela interes pertsonalaren gainetik interes komunaren alde agertzea. Bada kuadratzen ez duen zerbait mintzamolde honetan. Zerikusi handirik ez, zer esango dut ba, Petronorreko edo Iberdrolako buruekin izaniko negoziazioen ostean poz kolektiborako deien artean adierazten direnekin. Klasista baita gure elite politikoaren hizkera.

Ez dute lantegi txikia honek eragiten duen atzerakadaz ohartzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.