Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Indioak Gasteizen

2017ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Antigoaleko maien eraikin-hondarrak oihanaren bihotzean. Zuhaitz gainetan tximino ulukariak, ehunka matxango Chiapas Guatemala Yukatan guztiko aurriak zaintzen turisten jakinmin gaitzetik. Eta hor datoz samaldan (turistak, ez tximuak), gazte-gazteak ere ez, makila muturrean Puerto Ricoko banderatxoa daraman gizon bat dutela itulari. Igo dute mailadia, jarri dira horma landuari begira eta orduan hasi zaie gida prestua argia ekartzen ezjakintasunaren putzura: «Inork ez daki zer jartzen duen hemen. Hemendik Cancun-eraino, maiez mintzo direla diote indioek. Baina galde iezaiezue zer jartzen duen hemen. Ez dakite. Horregatik diot eurena ez dela hizkuntza bat, dialektoa baino. Gainera, guk ez ulertzeko eta gugatik gaizkiesaka jarduteko erabiltzen dute dialektoa».

Ilundu du; igaro dira egunak, asteak, ilargialdiak eta urteak. Adinagatik, harrak gobernatzen behar dute honezkero gidari «hori, hori, dialektoa!» errepika ematen zioten turista haietako asko, «non dago urrea?» eransteko ondoren, baina itulariak (beste banderatxo bat makila puntan), bere eginbeharrari loturik segitzen du. Diskurtsoa, moldatu egin behar izan du. Beste garai batzuk dira. Orain ez da politikoki zuzena esatea dialektoa dela, ez besterengatik gaizkiesaka aritzeko erabiltzen dutela indioek. Ezin esan lezake halakorik, are gutxiago (paperean behintzat) berbamodu hori ere ofiziala denean, baina oinarri-oinarrian, orduko hartan dago benetako gakoa, berdin da Palenqueko aztarnategian egon zein Gasteizko legebiltzarrean. Azken batean urrats ekologikoarekin, aberastasunarekin, generoarekin gertatzen dena agitzen da hemen ere: pertsona guztiak geure modura bizitzera, ez dago denontzat nahikoa mundu, ez dago nahikoa denbora: eta gu ezin egon gaitezke hau galtzen (segi ezazue arbola gainetan uluka), turismora kondenatu eta zeuek ere ulertzen ez duzuen dialekto, barka, hizkuntza batengatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.