Rikardo Arregi Diaz De Heredia.
HIRUDIA

Hildakoak

2018ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Artze hil zaigu. Eta badirudi hildako berriarekin hildako zaharrak hil direla berriro ere, gogora etorri zaigulako bat-batean Lete ere hil zaigula, Imanol ere hil zaigula, Laboa ere hil zaigula, Txillardegi ere hil zaigula. Gutariko bakoitzak zerrendari izenak eta izenak gehitu ahal dizkio, izen ospetsuak eta norberak bakarrik, eta agian lagun bakan batzuek, dakizkienak, hiltzen den pertsona bakoitzak aurretik hil diren guztiak biltzen baitu galdutakoaren lurralde lausora.

Bizirik geldirik garenontzat hildakoak beti dira ezeroso: alde batetik, norberaren heriotza seguruaren ispilua garbitzen dutelako eta, bestetik, norberak ez dakielako oso ondo zer egin haiekin negarraren ondoren. Bakoitzak konpodu beharko du kontua bere hildako pertsonalekin. Baina zer egin arteak edo literaturak etengabe ekoizten dituen hildako ospetsu horiekin guztiekin? Hasierakoa erraza da gehienetan: laudoriozko artikuluak egunkarietan testu beti labur batzuekin, azken elkarrizketaren berrargitalpena beharbada, minutu gutxiko bideoak telebistetan, abesti pare bat irratietan, presaka antolaturiko ekitaldiren bat. Gero egunak eta asteak eta hilabeteak ahantzurak bere lan geldo edo azkarra egin dezan eta, hildakoa zorionekoa bada, urtemuga iristen denean, laudoriozko artikulu bat (bat) eta, nork daki, presa gutxiagorekin antolaturiko ekitaldi bat, edo ez, modak beste bide batetik joateko ohitura gorrotagarria du.

Kasu batzuetan hildakoarekiko zekenkeria heriotzaren hurrengo segundoan hasten da eta oso luze jo daiteke, bizirik zegoenean ere zikoizkeria arrunta baitzen. Txillardegiren kasua eredu argia da. Donostiako herritar batzuek orain dela gutxi eginiko omenaldia zela eta, Eneko Goia alkatearen hitz laburrek harritu ninduten, ez hainbeste erakusten zuten xuhurkeriagatik, baizik eta azalerazten zuten ezjakintasun entziklopedikoagatik: ez al da konturatu Goia jauna berak darabilen euskaran Txillardegi, gustatu ala ez, txertaturik dagoela, nire hitz hauetan bezala, 2018ko euskaldun guztiongan bezala? Ez dut Txillardegi euskalduntasunaren santu izendatzeko asmorik, ez nion Labartzari agur (Erein, 2005) bere azken eleberriari kritika goxorik egin, baina deabrutzat hartzea absurdoa da guztiz.

Kontrakoa gertatzen da askotan, eta berehala euskal santu-santa egin nahi ditugu hiltzen zaizkigun idazle, kantari edo margolariak. Eta hor hasten dira komeriak zeren, pentsamendu magikoaren bidez, idazle edo margolari ona pertsona on, zintzo eta prestu bilakatu nahi baikenuke, hil ondoren batez ere, eta kontua ez da beti ondo ateratzen: liburu onak idazteak ez du inor pertsona hobeago bihurtzen, nire iritziz behintzat. Azken urteetan Artzeren pentsamoldea kontserbatzailea omen zen; horren aurrean askok nahiago lukete ezinikusiarena egin edo alde ustez gogaikarri hori ezkutatu. Baina Artzeren balizko azken usteek ez diote ezer kentzen, ezta gehitzen ere, bere literatur lanari. Zer egingo genuke, orduan, Borgesekin, T. S. Eliot-ekin edo, muturrerago joanda, Ezra Poundekin? Hartuko al du norbaitek Artzeren biografia serio bat egiteko lana?

Horregatik mirestekoa iruditu zait Koldo Izagirrek, begirune eta kritika (biak zentzurik onenean) uztartuz, prestatu duen Leteren antologia, epilogoa eta guzti. Idazle hildako bati egin dakiokeen omenaldirik onena bere liburuak bizirik mantentzea da, berrargitaraturik edo antologaturik, edo haren gaineko liburuak ateratzea. Euskal kultur munduko pertsona batzuek ez dute begi onez ikusi mundu guztiak zekiena, plagioarena, aipatzea. Zergatik ez hitz egin arazoaz mundu guztiak baldin bazekien? Beti pentsatu izan dut mundu guztiak dakiena eta inork ez dakiena oso esapide sinonimoak direla askotan, eta mundu guztiak dakien horren atzean, azken buruan, iniziatu batzuek baino ez dakitena bizi dela gorderik. Euskal kulturaren munduan horrelako asko dago, horrelako hitz erdiak, horrelako isiltasunak, horrelako diskrezioak, horrelako sekretutxo merkezurrekoak. Egiak, hildakoen antzera, ezeroso izan daitezke, baina beti izango dira askatasunaren bide..
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.