Niko Iurramendi.
Eusko Label liga. ARRANPLATIK

Haizea

2021eko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Coruñan izango dugu aurtengoan ere, iaz bezalaxe, TKE Ligari hasiera emango dion estropada. Gustuko dudan eremua da, bertan horren gustukoak ez diren emaitzak lortu baditut ere. Eremu haizetsua eta jostaria da. Ziur naiz han haizea dabilela orain, hitzok irakurtzen dituzun momentua edozein dela ere. Hala izan da, behintzat, Orzan badiara TKE liga joan den sasoi guztietan, eta 2021ean datorkigun hau ez da ezberdina izango. Duela hamar bat egun hasi ginen taldeetako arraunlari eta ez arraunlariak eguraldi aurreikuspenei begira, urduri. Eta hamar egunotan aurreikuspenak aldakorrak izan arren, beti haize zakar eta oso zakarraren artean egon dira. Jostalari egongo da.

Erronka berriarekin ekingo diot ekitaldiari, urte luzez soinean izan dudan Donostiarraren jantzi zuri-urdina erantzi eta Urdaibairen tonu ilunagoko urdina defendituko dut. Defenditu? Ez, defenditu ez, nik aurrera egin nahi dut, eta aurrera egiteko, asteburuan sendo erakutsi behar dugu gure nahia ohorezko txandan egotea dela ezbairik gabe.

2020ko ligak izan zuen aldartea ikusten diot aurtengo sailkapenaren goialdeari hasiera honetan. Azken bi urteetan, estropaden eta banderen borrokan ibili diren Santurtzi, Hondarribia, Urdaibai, Orio, Zierbena eta Donostiarrarengandik ez aparte, eta maiz tartean sartzeko moduan ikusten ditut Ondarroa eta Cabo.

Moreek eta berdeek dagoeneko erakutsi dute beraien horretan jarraitzen dutela, neguan egin diren estropadetan garaipenak eskuratu dituzte. Beraz, defenditzen aritzeko zama duten taldeak dira. Horiek, hutsuneren bat izan badute ere, hori izaten jarraitzen dute, marroiak beti oso erasokor, eta zuri-urdinek orain arteko negurik azkarrena egin dute.

Maila galtzeko jokoan edota mailaren defentsan sartuko nituzke Lekittarra, Ares, Zarautz eta liga nagusira itzuli den Tiran. Ea zer dakarren aurtengoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.