Joaquin Atxukarro. Piano jotzailea

«Agian denbora faltagatik ez ditut obra kutun batzuk joko»

Ez du bereizketarik egiten lehengo eta oraingo interpreteen artean, baina Euskal Herriko pianista unibertsalenak «hitzontziak» identifikatzen ditu. EOSekin lau kontzertu emango ditu egunotan.

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Igor Susaeta.
Donostia
2015eko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Entsegua bukatu da, eta Joaquin Atxukarrok (Bilbo, 1932) adierazi du ez dagoela gustura jarri dioten aulkiarekin; ez dela horrekin ondo moldatzen. Aurpegia ere okertu du.

Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin EOSekin ariko da bakarlari moduan, abonamendu denboraldiko bosgarren programako kontzertuetan: gaur, Gasteizko Principal antzokian; bihar, berriro, Donostiako Kursaalean [atzo ere jo zuen], eta etzi, Bilboko Euskaldunan. 82 urte dauzka, eta oraindik ere 50 kontzertu eskaintzen ditu, urtero, Euskal Herriko pianista unibertsalenak. «Duela 30 urte 90 ere eman nituen». Emanaldi kopuruari dagokionez, orain apalago dabilela dio. Baina hilaren bukaeran Madrilen joko du, gero Genevan (Suitza), Dallasera (Texas, AEB) eskolak ematera, hegazkin bat hartu eta Lisboara hurrena... «Gogoratzen dut joan den irail-urrietan, denbora gutxian, 80.000 bat kilometro egin nituela hegazkinez...». Dallas da aspaldian haren «grabitate gunea», baina Bilbon dauka «bihotza». Euskal Herrian dabil orain, eta hemen Edvard Grieg interpretatuko duenez, maisu norvegiarraren piezaren liburuxka aldean duela heldu da elkarrizketara. Ezker eskuko lau hatzetatik lau babestuta dauzka. «Galderak erantzun ondoren ikasten jarraitu beharra daukat». Kontzertuen aurretik, baina, «siesta on bat» egiteko ohitura dauka.

Azken 30 urteotan askotan jo izan duzu Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin. Zertan aldatu da orkestra bera?

51. aldiz ari naiz EOSekin. Marka al da? [Baietz uste duela erantzun dio orkestrako ordezkari batek]. Atsegin handiz gogoratzen dut Hego Amerikan barna [Maurice] Ravelen kontzertua joz egin genuen bira... Aho zabalik utzi genituen Buenos Airesko kritikariak. «Velada asombrosa (Jaialdi harrigarria)», idatzi zuten egunkariek. Baina ea orkestra aldatu den... Bada, bikaina zen, eta halakoa da orain ere.

EOSekin emango dituzun kontzertuetarako, Edvard Griegen Orkestra eta pianorako kontzertua, la minor-ean konposizioa aukeratu duzu. Zergatik hori?

Eta zergatik ez? [umorez].

Eta zergatik bai?

Kontzertu zoragarria da. Hamaika aldiz jo dut, eta horietako dozena batean Josep Caballe Domenech maisuarekin [hura du zuzendari egunotako kontzertuetan]. Eta tira, beste gauza bat ere aipatuko dut: nire amona Griegen lehengusua zen. Norvegiarra nuen birramona.

Nolakoa da Griegen obra?

Gazte zela osatu zuen, eztei bidaian zegoela. Freskoa da, oso bizia, poetikoa... Esploratu daitezkeen alderdi guztietan sakontzen du: birtuosistikoan, emozionalean... Edertasun liriko eta poetikoko pasarte zoragarriak dauzka.

Adierazi izan duzu kontzertu bakoitza erronka bat dela. Bai, baina Bilbon, zure jaioterrian, jotzea beste zerbait da. Etzi ariko zara han.

Lagunak etxera, bazkaltzera, gonbidatzen dituzunean, ahalegintzen zara haiei daukazun onena ematen. Gauza bera gertatzen da kasu horretan. Dena den, hemen, Donostian, kantatu zidaten Zorionak kantua, Brahmsen kontzertua bukatu nuenean. Beraz, badidate kariñoa, bai, Donostian... Bilbon antzeko zerbait gertatzen da.

Han eta hemen ematen dituzu kontzertuak. Gainera, 1990etik irakaslea ere bazara Southern Methodist Universityn, Dallasen (Texas, AEB).

Denbora gehiena han ematen dut. Ikasle oso onak dauzkat, ilusio eta amets asko dauzkatenak. Horiek ikustean, batek gogoratzen du ilusio eta amets horiek zituela... Ahal dudana egiten dut, haien etorkizuna ahalik eta distiratsuena izan dadin. Gazteriarekin daukadan harreman horrek gaztetu egiten nau derrepentean; tira, igual gazte sentitzen jarraitzen dut [umorez].

The Joaquin Achucarro Foundation ere sortu dute han.

Zorretan nago haien dirua eta denbora hori sortzeko inbertitu dutenekin. Bikaina da haien jarrera. Kontzertuak-eta ahalbidetuz, pianista gazteei laguntzea du helburu fundazioak. Izan ere, batez ere horrela trebatzen zara interprete gisa.

Inoiz ez zenuen pentsatu irakasle izatea...

Zera esan nuen 1988an: «Ni ez naiz inoiz irakasle izango, denbora guztia niretzako behar dudalako». [Barreak].

Ikasle dituzun eta zu orain 60 bat urte zinenaren artean zein alde ikusten dituzu?

Bi pertsonaren artean egon daitezkeen berak.

Alegia, orain 60 urteko piano jotzaile gaiak eta oraingoak igualak direla haien nahietan.

Ikasi nahi duen jendea da: langilea, musika maite duena...

Dena den, pianista izar gazteen artean, «pailazo eta hitzontzi» asko dagoela adierazi zenuen orain gutxi.

Askok uste dute eszentriko bat izanda jenio bat zarela. Baliteke jenio guztiak eszentrikoak izatea, baina eszentriko guztiak ez dira jenioak, inondik ere. Eta eszentrikotasun horien berri behin eta berriz ematea hitzontzikeria da.

Pianista eszentriko bat eta jenio bat detektatzeko gai al zara?

Baietz esango nuke. Musika eta pianoari buruzko nire ideia estetikoak dauzkat. Partitura asko modu oso-oso sakonean ezagutzen ditut, eta badakit zer esan nahi duten, zer esan nahi zuen konpositoreak. Eta ikusten dudanean norbait errespeturik gabe ari dela jolasean konpositorearen ideiekin, bada hitzontzi bat iruditzen zait.

82 urte dauzkazu, baina ez duzu erretiratzeko asmorik.

Ez zait burutik pasatu erretiratzea, baina badakit noizbait gertatuko dela.

Bien bitartean, nola entrenatzen zara?

Beti ahalegindu izan naiz kirola egiten, eta, hortaz, bizikletan ibiltzen naiz eta igeri egiten dut.

Eta zenbat denbora igarotzen duzu obrak ikasten?

Ahalegintzen naiz lau ordu igarotzen gutxienez, eta, ahal badut sei ere bai. Dallasen nagoenean, esaterako, goizeko seietarako neure estudioan nago, ikasten, pare bat ordu geroago hasten direlako eskolak.

Pianoaren aurrean igaro dituen orduak aldera batera utzita, 80 urteko pianista zertan izango da beti hobea 40ko batekin alderatuta?

Esperientzia da iraganean egin dituzun akatsak kontuan hartzea, ezta? Horregatik esan diezaiokezu gazte bati «ez ezazu egin hau, hura edo bestea».

Eta zein garrantzi dauka alderdi fisikoak?

Izugarria. Horregatik saiatzen naiz sasoiko egoten.

Zenbait kritikarik diotenez, pianista batzuek behin 70 urteak bete dituztenean egin dituzte haien grabaketa onenak...

Noski. Urteak bete ahala beste gauza batzuk azaleratzen dira pianistarengan. Esaterako, ñabardurak soinuan, denboran, harmonia eta esaldikapen baten tentsioan... Musikan sakontzen duzu urteak bete ahala.

Obra berriak ikasten jarraitzen al duzu?

Bai, bai. Duela bi urte, oker ez baldin banago, Tomas Marcoren Sonata en forma de carmenes estreinatu nuen, adibidez. Oraindik ere [Johann Sebastian] Bachen preludioren bat ikasi nahi dut, [Frederic] Chopinen Mazurkas-en sakondu, eta [Wolfgang Amadeus] Mozarten sonatak areago bereganatu. Obra berriak dira.

Zuk, ordea, sekula ez duzu obrarik konposatu...?

Nik Leioa herriko [Bizkaia] ereserkia konposatu nuen! Eskatu zidaten, eta behin hori eginda, konpositoreenganako sentitzen nuen errespetua izugarri-izugarri areagotu zen.

Kutuna duzun zein obra ez duzu oraindik publikoaren aurrean jo?

Badauzkat batzuk, baina beharbada inoiz ez ditut joko, obrek denbora behar dutelako behar bezala barneratzeko. Zein obra? Mozarten kontzerturen bat, esaterako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.