Lehengo lepotik du burua Tolosaldeak. Denboraldiko zazpigarren bandera etxeratu zuen atzo, Ondarroan (Bizkaia), ETE ligako hamargarren jardunaldian, eta Patxi Francesen arraunlariek beste behin argi erakutsi zuten zerbaitegatik daudela sailkapeneko lehen postuan.
Dena den, Tolosaldea taldekoek zuten guztia eta gehiago eman behar izan zuten Deustu garaitzeko; bi talde horiek lehia oso estua izan zuten amaiera arte. Aiora Sorozabal Tolosaldea taldeko patroia eta haren kuadrilla Tomatera ontzikoek baino segundo bat azkarrago heldu ziren ziabogara. Hibaika atzoko hirugarren sailkatua ere ez zen aparte; itzulerako luzean, ordea, laugarren kaletik ez ziren fin ibili. Zumaia txanda berean aritu zen, baina atzerapen handia izan zuen helmugan; bosgarren sailkatu zen, Ondarroaren atzetik.
Itsasoa jostalari zegoen; nahikoa ontziari abiadura emateko. Tolosaldea eta Deustu moldatu ziren hobekien, eta maniobra egin ostean, azkar asko egin zioten hanka Madalen traineruari.
Tolosaldea bigarren kaletik ari zen arraun egiten; Deustu, berriz, hirugarrenetik, eta olatuek lehenengo kaletik laugarren kalerako norabidea zutenez, Jone Garcia Tomatera traineruko lemazainak 31 eskutik zuen. Hala, Sorozabal Tolosaldea taldeko patroiari ez zion ababorrera joaten uzten. Dena den, Francesen taldearentzat desabantaila hori ez zen oztopoa izan, eta atzetik zetozkion olatuak ondo baino hobeto baliatu zituen, eta ez zion garaipenak ihes egin. Deustu hiru segundo geroago iritsi zen; eta Hibaika, hamabi geroago. Sailkapen nagusian, bai Tolosaldeak eta bai Deustuk urrats sendoa egin dute Euskotren ligako igoerako kanporaketarako sailkatzeko.
Kaikuk kosk egin du
Bizkaitarra ontziak beste hozkada bat eman zion atzo sailkapenari, erlojupekoan, Astilleron (Espainia), KAE 1 ligako hamargarren jardunaldian. Denboraldiko hirugarren bandera irabazi zuen Kaikuk, eta azken biak Jose Luis Korta talde teknikoan dela; are, atzokoa, lehendabiziko garaipena zuen entrenatzaile gisa Orioko Ortzaika auzokoak. Lehen lau ontziak sei segundoren barruan sailkatu ziren; Kaikuk lau segundo atera zion Pedreña bigarrenari, bost segundo Getariari, eta sei Arkoteri. San Pedro, bestalde, ez zen lehiatu, taldean izandako positibo kasuengatik. Sailkapen nagusian Getariak jarraitzen du lider, baina Pedreña eta Kaiku oso gertu ditu. Gaur, Getarian (Gipuzkoa) izango dute estropada (11:30).
KAE2 ligan, bestalde, Mutrikuk lehendabiziko garaipena eskuratu zuen atzo, Pasaian (Gipuzkoa), bederatzigarren jardunaldian. Busturialdea bigarrena izan zen, eta Portugalete, hirugarren.
Arrauna
Tolosaldeak ligako talderik indartsuena dela berretsi du
Denboraldiko zazpigarren estropada irabazi du, Ondarroan, ETE ligako estropadan. KAE 1 ligan, Kaiku nagusitu da erlojupekoan, Astilleron

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu