Literatura

Ezjakintasunezko bizimodu bati amaiera ematen

Gay izateagatik jasandako jazarpena eta sorterritik alde egin arteko bidea kontatzen du Edouard Louis idazle frantziarrak 'En finir avec Eddy Bellegueule' nobela autobiografikoan.

2018ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Europan eta Ameriketako Estatu Batuetan, eskumako mugimendu populistak izaten ari diren arrakastaren aurrean, komunikabideak aztertzen eta eztabaidatzen aritu dira ea zerk motibatzen dituen landa eremuko langile klasekoak, diskurtso ofizialak ahaztutako horiek, mugimendu horiei hain bultzada handia ematera. Frantzian, Edouard Louisek (Edouard Bellegueule jaiotzez, Picardy, Frantzia, 1992) gai berari heldu dio En finir avec Eddy Bellegueule nobela autobiografikoan (2014, Eddy Bellegueuleren amaiera), errealitate horren parte eta biktima izan denaren ezagutza sakonarekin. Frantziako langile klaseko herrixka txiro batean gay izatea zer den azaltzen du lanak, baina ez da Frantziari buruzko istorioa bakarrik. Bertan azaldutakoa Atlantikoaren bi aldeetan aurki daitekeen errealitatearen isla da.

Lehen aldiz Eddy Bellegueuleren berri ematen zaigunean, jipoi galanta jasotzen ari da eskolan. Denek argi dute, Eddy bera barne, tokiz kanpo dagoela herrian. Eskuak gehiegi mugitzen ditu, ahots tonu altuegia du, eta bere ibilera ez da benetako gizon bati dagokiona. Gay dela ez du inork zalantzan jartzen, baina onartu, ez du inork onartzen, ezta Eddyk ere. Mutilek erakartzen dute —oraindik ume bat dela beste mutilekin sexu harremanak izaten hasten da—, baina inori aitortzen ez dion sekretua da hori. Jendearen aurrean bere gaytasuna gainditzen saiatzen da, neskekin aterata, besteak beste. Horrek, ordea, ez du libratzen irain eta jipoietatik. Ageriko maritxu bat den aldetik, makurretan makurrena da; emakumeak baino makurragoa; arabiarrak, juduak eta aljeriarrak baino makurragoa.

Liburuko guztiak, Eddy bera barne, arrazista funtzionalak dira. Lotsa eta izua gainditzen lagun diezaiokeen erreferentzia mekanismorik ez du protagonistak, eta, ondorioz, bere buruarekiko gorrotoan ez ezik, bera bezala tokiz kanpo dauden horiekiko gorrotoan hartzen du babes.

Eskolan bezala etxean ere ez da giro. Gurasoek kostata lortzen dute familiakoen oinarrizko beharrak asetzea. 17 urte zituela ekarri zuen amak lehen umea mundura, eta, bi hamarkada geroago, amorru bizian bizi da, une oro ezpain artean duen zigarroa kontsolamendu bakar duela. Aita indarkeriara emandako fabrikalangile alkoholikoa da, lanaren ondorioz etengabe sentitzen dituen bizkarreko min jasanezinengatik langabezian geratuko dena. Bata zein bestea kezkatuta dauzka gizontasun keinurik erakusten ez duen semeak. Eddyk zorrotz azaltzen duenez, haiek haserrearazteko egindako arte proiektu arraro bat balitz bezala tratatzen dute bere gaytasuna.

Gurasoen gaineko erretratu zorrotz bezain zehatza eskaintzen du En finir avec Eddy Bellegueule-k, baina ez dira haiek nobelako kritikaren jomuga. Bellegueuletarrek eta gainerako herritarrek azaltzen duten homofobia, misoginia, menpekotasun, krudeltasun, arrazakeria eta indarkeriarako joeraren erantzule egiten ditu egileak ezjakintasuna eta, batez ere, sentitzen duten babesgabetasuna eta ezintasuna.

Testuinguruaren eragina

En finir avec Eddy Bellegueule kokaturik dagoen garaian, 1990eko hamarkada hasieran, langabeziak, alkoholismoak, indarkeriak, arrazakeriak eta bizitzak inolako norabiderik ez izatearen sentimenduak jotako komunitatea da Hallencourtekoa. Ulertu eta kontrolatu ezin dituzten indar ekonomikoen gatibu, herritarrek beren bizimodu miserableagatik harro sentitzen ikasten dute, eta, modu berean, harekin bat ez datorren guztia arbuiatzen dute. Eddyk afaldu hitza erabiltzen duenean aitak hobesten duen irentsi-ren ordez, barre egiten diote gizarte klase altuago batekoa izatearen itxurak egiteagatik. Eta bere arrebak emagin ikasketak egiteko asmoa agertzen duenean, ideia horiek burutik uxatzen ahaleginduko dira ingurukoak, egitasmo handiegia delakoan; hobe denda batean kutxazain aritu, lanbide egokiagoa baita haien modukoentzat. Ez da kasualitatea batxilergo institutuaren eraikinak herriko lantegi nagusiaren itxura bera izatea; gazteak batetik bestera zuzenean joatea da espero dena.

Inguruko gizonak —haien artean, protagonistaren anaia zaharrenak— beren duintasuna morroi gogorraren itxuran oinarrituriko maskulinitatearen bidez indartzen saiatzen diren bitartean, neurririk gabe edan, borroketan parte hartu, pornoa ikusi, eta lan fisikoa egitearen bidez, bere ihesa planifikatzeari ekingo dio Eddyk. Paradoxikoki, besteen jazarpenaren jomugan jartzen duen horrek laguntzen dio herrikoentzat aldez aurretik erabakita dagoen patuari ihes egiten. Pobrezian hazitako mutikoen gaineko nobela klasikoetan liburuekiko maitasunak zabaltzen du askatasunerako bidea, eta, horretan, En finir avec Eddy Bellegueule ez da salbuespena. Familiakoek ez dute begi onez ikusten Eddyren liburuzaletasuna —gay den beste seinale bat dela uste dute—, baina zaletasun horrek ateak irekiko dizkio bestelako bizimodu bati.

Eddy Bellegueule izena alde batera utzi, eta Edouard Louis bilakatzeko bidean dela amaitzen da En finir avec Eddy Bellegueule. Horren ostean etorriko direnak komunikabideetan azaldutakoetatik dakizkigu. Parisen ikasketak burutu ostean, soziologia liburu akademiko bat editatuko du. Fama iristen zaionean, gonbidatu gisa parte hartuko duen Frantziako tertulia saioetan esango du ez direla berez krudelak, ez bere gurasoak, ez eta Hallencourteko gainerako herritarrak ere, berarekin gogorrak izan arren. Aitzitik, mundu kapitalista honetan, beste hainbatek bezala, jazarriak sentitzearen ondorioz jazartzen zaizkie besteei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.