TXARTEL EZKUTUAK

2017ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Zer dira txartel ezkutuak?

Caja Madrideko zuzendaritzako eta administrazio kontseiluko kideek beren gastu pertsonaletarako erabili zituzten kreditu txartel batzuk dira. Berez zuriak izan arren, black (beltza) txartelak deitzen zaie, ez direlako kontratuetan edo kutxaren estatutuetan agertzen, eta Ogasunari ezkutatu zitzaizkiolako.

Noiz sortu ziren?

1980ko hamarkadan hasi ziren erabiltzen, baina oso kopuru mugatuetan. Miguel Blesa Caja Madrideko lehendakaritzara iritsitakoan, ordea, erabilera asko zabaldu zen. 2012. urtean eten zituzten txartel ezkutuak, Caja Madridek eta beste kutxa batzuek sortutako Bankia bankua nazionalizatu zutenean.

Zenbat lagunek erabili zituzten?

Ikerketek diote 86 pertsonak izan zituztela, baina haietako hiruk ez zituzten inoiz erabili, susmo txarra hartu zietelako. Espainiako Auzitegi Nazionalak 65 lagun epaitu eta kondenatu ditu, besteen delitua epaitzeko garaia bukatu zelako.

Zenbat diru gastatu zuten?

15,25 milioi euro gastatu zituzten, baina 12 milioiren erabilera zigortu dute epaileek, 2003 arteko gastuak zigortzeko epea igaro baita.

Zertarako erabili zituzten?

Gastu batzuk beren lanarekin zerikusia zuten kontuei lotuta zeudela esan dute erabiltzaileek, baina gehienak gastu guztiz pertsonaletarako erabili ziren: supermerkatuko produktuak, bikotekideentzako bitxiak, luxuzko arropak, ardoak...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.