Edurne Brouardek biktima oro onartzeko urratsak eskatu ditu

Edurne Brouard PPko Arantza Quiroga eta Borja Senper agurtzen, Iñigo Urkullu alboan dutela. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Gasteiz
2014ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarrak omenaldi instituzionala eskaini dio Santi Brouardi, eta haren omenezko plaka jarri du eraikinaren sarreran. GALek tiroz hil zuenetik 30 urte igaro ondoren egin du. HBko buruzagi eta legebiltzarkidearen memoriaren aldeko ikurra ikusgaiegongo da hemendik aurrera, ETAk hildako Gregorio Ordoñez, Fernando Buesa eta Enrique Casas legebiltzarkideen ondoan.

Omenaldi xumea eta hunkigarria izan da legebiltzarrak antolatutakoa. Edurne, Santi eta Tere Brouard HBko buruzagiarenseme-alabak bertan izan dira, eta baita Iñigo Urkullu lehendakaria, Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidentea eta Eusko Legebiltzarreko ordezkariak ere.

Plaka estalgabetu ondoren, Edurne Brouardek hitz batzuk eskaini dizkie bildutakoei. Biktima guztiak onartzearen alde lan egin dezatela eskatu die erakunde, alderdi eta herritarrei, eta egiaren eta memoriaren bidetik jarraitzeko deia egin die, «indarkeriaren jatorriaren araberako bazterketarik egin gabe». Haren esanetan, eragindako mina aitortzea da «lehen harria», eta horren gainean egia, justizia eta erreparazioa altxatu behar dira.

Sufrimenduaz eta saminaz mintzatu da Brouard. Eta baita barkamenaz ere. «Noizbait gure ekintzek, omisioek, hitzek edo isiluneek min egin badizuete, benetan sentitzen dugu», esan du. Halaber, adierazi du espero duela aitaren omenezko halako omenaldiak «gatazkaren ondorioz bizia galdu duten pertsona guztiekin egin behar den bide baten hasiera izatea».

Legebiltzarreko presidenteak ere parte hartu du omenaldian. Haren ustetan, «egian oinarritutako memoria» gogoratu behar da, eta ez «ahanzturan» oinarrituko dena. Egindako ekitaldiak balio izateko «biolentziaren erabilera eta eragindako samina antzua» dela aitortzeko itxaropena ere azaldu du. Biktima oro omentzearen alde lanean jarraitzearen alde egin du Tejeriak, «denon artean letra larriz idatzitako bakea eraikitzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.