Arrauna. LUGAÑENE BASERRITIK

Erakusleihoaren atzealdean

Ane Sanchez Goyogana
2023ko uztailaren 25a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Arraun talde bat osatzeko jende mordoa behar izaten da: hogei bat arraunlari, entrenatzailea, prestatzailea, medikua, zuzendaritza taldea, materiala hara eta hona mugituko dutenak ... Hamalau arraunlari uretaratzen dira; horiek jarriko dira erakusleihoan, besteak lehorreko lanak egiten ari diren bitartean. Arraunlari gehienoi tokatzen zaigu noizbait lan horiek ezagutzea, eta zaila izaten den alderdi hori bizitzea.

Denek ulertzen dugu entrenatzaileak taldearentzat onuragarriena uste duena eta mila irizpide kontuan izanda hartutako erabakia direla. Buruhauste asko sortzen dituena ere bai. Gogorra da aukeratutako hamalauko hori uretaratzen ikusi eta agurtzea, norbera arrapalan edo hondartza ertzean geratzen denean. Frustrazioa, haserrea, tristura eta beste hainbat emozio sentitzera eramaten zaituzte. Burua matrakan hasten da; eta, aldi berean, aurpegi ona jarri eta zure taldekideak animatu behar dituzu.

Esperientziak egoera hori nola kudeatu behar den erakusten du: hamalaukoan zaudenean kanpoko taldekideak gogoan izaten, haien azalean jartzen eta estropadak jokatzeko aukerak aprobetxatzen. Taldean denak gara ezinbesteko. Lehorreratzean, emaitza edozein dela,besarkatzeko besoak, ospatzeko gauzak daudenean irribarreak eta momentu gaziagoetan animoak izango dituzula jakiteak izugarrizko balioa du. Horrek egiten gaitu talde. Gure entrenatzaileak dioen moduan,kanpoan egoten dakitenek egiten dute talde bat irabazle, haien lana itzalean geratzen den arren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.