KRITIKA. Dantza

Ezezagunaren metafora

Agus Perez.
2018ko martxoaren 8a
00:00
Entzun

'Tempus fugit'

Kontzeptua, koreografia eta jantziak: Toula Limnaios. Musika: Ralf R. Ollertz. Argiak: Felix Grimm. Eszenografia: Antonia Limnaios. Dantzariak: Daniel Afonso, Leonard Daquino, Alba de Miguel, Priscilla Fiuza, Katja Scholz, Hironori Sugata, Karolina Wyrwal. Lekua: Donostiako Viktoria Eugenia antzokia. Eguna: Martxoak 6.

Aurtengo dFeriaren bigarren egunean, begirada guztien arreta lortu du Viktoria Eugenia antzokian aurkeztu den dantza emanaldiak.

Toula Limnaios (Atenas, 1963) Pina Bauschen zuzendaritza artistikopeko Folkwang Dance Studioko kide izan zen —horrek azaltzen du lan honen osagaietariko bat—, eta Berlinen ezarri zuen bere konpainia, hango harresia erori ostean. Harrezkeroztik, Alemaniako dantza konpainia garaikide nagusietariko bat bihurtu da Limaiosek eta Ralf R. Ollertzek fundatu zutena. Bestetik, ikusi dugun emanaldia bere osotasunean ulertzeko, jakin beharra dago Ollertzena izan dela entzun dugun soinu banda konplexu eta erabatekoa, eta Toularen ahizpak —Antoniak— diseinatu duela eremu eszeniko artegagarria. Izan ere, dantza emanaldi onenetan koreografoak berak hartzen du bere gain eszena gaineko arlo askoren diseinua, edo, gutxienez, bere konfiantza osoa duten kideengan delegatzen du, kasu honetan bezala.

Tempus fugit honetarako, biluztasun gordinean agertu da Viktoria Eugeniako eszenatokia, atzeko horma guztiek beren gogortasun iluna erakusten zutela, eta bi orbela lerrok apaindu dute eremu soildu hura. Orbelaren gainean itzulipurdika ageri dira banan-banan zazpi dantzariak, gabardina eta barruko arropa soilik jantzita, eta denboraz kanpoko ezleku hartan gertatu da giza talde ezezagun haren metafora, Tadeusz Kantorren ildoko estetika goibelean murgilduta eta aurpegiak zurbil-zurbil zituztela. Ollertzen soinu banda aurreratuan alemaniar kulturako zenbait konpositoreren zatiak erabili dira —Haydn, Mozart edota lehen Beethoven agian, Mahler gero, hori seguru— soinu industrial gogorrekin, ate-kolpe ugariekin eta dantzarien oihu batzuekin nahastuta, dantzak zeukan dentsitate espektral bera erdietsi arte.

Hasierako sarrera kolektiboaren ostean, bizkarra emanda jarri dira dantzariak tinko, eta handik eszenako hainbat posizio okupatu dituzte, betiere bizkarra emanda, eta, bitartean, musika kementsuak gorputzen eztanda are kementsuagoak eragiten zituen. Hortik aurrera, ugariak izan dira atzera joanez egindako ibilbideak, taldekako txandakatzeak eta beste baten gorputzaren inguruan egindako itzuliak, eta horrek oso sentsazio aldrebestua eragin digu, film bat edo binilo bat atzeraka ikusi edo entzungo bagenu bezala.

Forsytheren tankerako balizko anabasa horretan, Itzik Galiliren estiloko eszena kolektibo kementsuak nagusitu dira, eta haien artean izaera berezia hartu du haurtxo baten panpinarekin izandako pasarteak, dantzari batzuek harekin egiten zutena beste batzuek errepikatzen zutelako benetako dantzarien gorputzekin, panpina zein gizakiak trapuzkoak balira bezala. Desolazioaren paisaia horretan, behin eta berriro ikusi ditugu gorputz desmaiatuak, eta egungo gizakiak aurrean duen denboraren metafora horretan ez dira falta izan amesgaizto errealetako elementu batzuk ere: amaiera aldean, poliziaren aurrean bezala dantzatu dute, eskuak gora lehen, eta gero atzean lotuta balituzte bezala, gero belauniko, eta horrek benetan beldurgarri bihurtu du pare-parean dugun denbora hurbil hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.