'Palau auzia', azkeneraino

Bartzelonako Palauko Partzuergoak CDC alderdia akusatu du azkenean; Generalitatea, aurreko bozketan ez bezala, abstenitu egin da orain. ERCk PDECateko gobernukideei jarreraz aldatzeko eskatu zien parlamentuan.

Jaume Asens alkateordea eta Joan Llinares Gardentasun Bulegoko zuzendaria, atzo, Bartzelonan. BARTZELONAKO UDALA.
Saioa Baleztena Rudi.
Bartzelona
2017ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
«Ustelkeria, edo esesten da, edo ezkutatzen da». Horixe erraten zuen egunotan Bartzelonako Udaleko Gardentasunaren Bulegoko zuzendari Joan Llinaresek. Eta esetsiz Bartzelonako Udalak lortu du Espainiako Ministerioak, Generalitateak eta Bartzelonako Udalak osatzen duten Bartzelonako Palauko Partzuergoak CDC Kataluniako Konbergentzia Demokratikoa akusatzea, kontratu publikoak adjudikatzearen truke 6,6 milioi euro legez kanpo kobratu izanagatik.

Atzokoa zen Palau auzian Convergencia akusatzeko azken aukera. Ada Colau alkateak deitutako bileran, CDC akusatzearen alde bozkatu zuten Bartzelonako Udaleko bi ordezkariek —Llinares tartean—, Espainiako Kultura Ministerioko bi ordezkariek eta Kataluniako Orfeoiko kide batek —beste lau kidek kontra bozkatu zuten—. Generalitatearen boto aldaketa giltzarria izan da; maiatzaren 12ko bozketan ez bezala, oraingoan abstenitu egin baitzen.

PDECat Alderdi Demokrata Europar Katalanaren sorreraz geroztik, convergenteek ustelkeriatik urruntzeko egin dituzten saiakeratzat hartu da orain arteko jarrera. Maiatzaren 12an, esaterako, Palauko Partzuergoko Batzorde Betearazlean zuen gehiengoa erabili zuen Generalitateak, CDCren kontrako ustelkeria akusazioa saihesteko.

Jarrera horrek, hala ere, erantzun azkar bat izan zuen. Colauk bilera berri batera deitu eta irizpidez aldatzeko eskatu zion Generalitateari: «Estrategia juridikoa birplanteatu eta erregenerazio demokratikoa herritarrei bermatzeko». Parlamentuak ere esku hartu zuen; gobernuari estrategia aldatzeko eta akusazioaren alde egiteko bi ebazpen onartu zituen maiatzaren 17an. Catalunya Si Que Es Pot eta CUPen ekimena izan zen, eta oposizio guztiaren babesaz gain, errepublikanoek ere sostengatu zuten. PDECateko gobernukideekin desadostasuna agertu eta jarreraz aldatzeko eskatu zion ERCk.

Aurrekariak

Uztailean zortzi urte beteko dira Kataluniako musikaren jauregiaren auziak eztanda egin zuenetik. 2009ko ekainean fiskaltzak kereila bat aurkeztu zuen Felix Millet i Tusellen kontra —1990ean sortu zuen Kataluniako Orfeoia fundazioa —Bartzelonako Palau—. Bi milioi euro desbideratzea leporatu zioten Milleti, eta beste hiru kide ere salatu zituzten. Milletek urte bereko uztailean utzi zuen kargua.

Palau auziaren epaiketa, berriz, martxoan abiatu zen. Milletek, ordura arte, gastu partikularretarako 3,3 milioi euro desbideratu zituela aitortu bazuen ere, lehen saioan baieztatu zuen musikaren jauregia kudeatzen zuen Ferrovial enpresak legez kanpoko eskupekoak ordaindu zizkiola CDC alderdiari «kontratu publikoak adjudikatzearen truke». Antza, diruaren zati bat patronatuak eskuratzen zuen, Felix Millet eta Jordi Muntullek, besteak beste, eta bertze zatia, berriz, CDCren diruzain Carles Torrent eta Daniel Osacarrek eskuratu zuten. Partzuergoa ostiralean da ikerketaren ondorioak aurkeztekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.