Presoen etxeratzea arlo guztietatik lantzeko garaia dela adierazi dute adituek

Foro Sozialean parte hartu duten adituen hitzetan, «gizarte zibilak» bultzatu ohi du presoen auzia askatzera.Amnistien ordez, baldintzapeko askatasunen alde egin du Holderrek

Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2014ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Asko izan dira hizlariak eta asko ikuspuntuak. Eztabaida gaia, bakarra: presoen parte hartzea konponbiderako bidean eta haien etxeratzea. Ia lau ordu eta erdiko eztabaidan, nork bere irizpideak azaldu ditu. Baina guztiek egin dute bat zerbaitetan: Espainiako Gobernuak ez du konponbidea errazteko borondaterik, ez du euskal presoen egoera aldatzeko asmorik, baina aldaraz daiteke. Bakoitzak bere modua defendatu du hartarako, baina denak daude ados gaia arlo guztietan lantzen hasi behar dela.

Bake prozesua indartzeko Foro Sozialaren bigarren saioa, Bilbokoa, Brian Currin hegoafrikar abokatuaren gomendio batekin hasi da. Hark badaki presoen korapiloa askatzea ez dela erraza izaten, baina badaki ezinbestean askatu beharrekoa dela eta konponbide prozesu guztiek heldu diotela gaiari, lehenago edo geroago. «Batzuetan, presoen egoerak bat-batean aldatzen dira, Hegoafrikan bezala; eta besteetan, progresiboki, konponbidearen barruan, Ipar Irlandan bezala, baina aldatzen dira». Bultza egiteko deia egin du, «gizarte zibilak» indar eginda ekiten baitzaio presoen kaleratze eta gizarteratzea lantzeari.

Seanna Walshek —21 urtean IRAko preso izana da— presoek eztabaidan parte hartzearen premia nabarmendu du. Sakabanatuta daudenek informazioa jasotzea «oso zaila» dela ohartarazi du; «horregatik izan zen IRAren baldintza presoen bozeramaileek informazio zuzena jasotzea». Ostiral Santuko Akordioan presoak kaleratzen hasteko data adostu zuten, eta, bitartean, asteburuetan etxera joateko baimenak izan zituzten askok. Horrek, gainera, kaleko buruzagiekin biltzeko aukera eman zien haiei. Walshen hitzetan, «kanpokoen eta barrukoen harremana beharrezkoa da» konponbidean aurrera egiteko.

Juan Mari Olano AAMko kide izateagatik jasotako zigorra bete berritan azaldu du EPPK-ko kideak, «ahal duten neurrian», badirela eragile aktibo. Hala ere, sakabanaketak eztabaidatzea ia ezinezko egiten diela salatu du, eta uste du haien egoera bestelakoa balitz «ekarpen sakonagoak» egin ahalko lituzketela.

Foro Sozialaren «musika berriarekin» oso pozik dagoela aitortu, espetxeetan «arnasa berria» eta ilusioa dagoela adierazi, eta presoei ekarpenak egitea errazteko eskatu du Olanok. «Lubakiak» alde batera utzi eta presoen alde herriz herri elkarlanean aritzeko deia ere egin du: «Konbentzitu behar dugu elkarrekin egiten denak duen balioa bikoitza dela; begiratu besterik ez dago gobernua nola saiatzen den hori eteten».

Sakabanaketa

Iñaki Lasagabaster Zigor Zuzenbideko irakaslearen eta Jose Antonio Martin Pallin Espainiako Auzitegi Goreneko magistratu emerituaren esanetan, zenbait gauza legeak aldatu gabe egin daitezke. Sakabanaketa hartu dute hizpide, eta ohartarazi dute Espainiako zein Europako lege eta ebazpen judizialen arabera presoek familia bizitzarako eskubidea dutela; hortaz, etxetik ahal den gertuen egon behar dutela. Beraz, ohartarazi dute eskubideak zein Europako Itunak urratzen ari direla, legearen aurka ari direla, «prebarikatzen».

Zuzenbideak «bakerako baliabidea» izan behar duela azaldu du Martin Pallinek. Kode Zibilari eutsi dio: «Legeak errealitate sozialaren arabera interpretatu behar direla esaten du. Ezin da ukatu Euskadin beste errealitate sozial bat dagoela. Edozein arau hori kontuan hartuta interpretatu behar da». Jarrera aldatzeko eskatu du: «Zuzenbideak ezin du sekula bakea oztopatu».

Rafa Sainz de Rozas Zigor Zuzenbideko irakaslea ez da erabat bat etorri magistratuarekin. Legeak beti berak direla adierazi du eta presoen eskubideak ezin direla egoeraren arabera baldintzatu. Hala ere, salbuespeneko egoera batean salbuespeneko zigorrak ezarri direla esan du, eta ezohiko egoera hori aldatu bada zigor horiek ere baliogabetu behar direla.

Beste gai bati ere heldu dio Sainz de Rozasek: iraganaren kontakizuna egiten denean aitortzan «sakonago» jo behar dela iruditzen zaio. «Minaren aitortza soilik egin ordez, indarkeriari zilegitasuna kentzeko adierazpenak» eskatu ditu. Haren ustez, ETAk «gaizki» egin zuela ere aitortu behar luke, horrela Espainiako Gobernuari orain arteko jarrera eusteko«zailtzeko».

«Zuek zarete bake prozesua», esan die entzuleei Daniel Holder Justizia Administrazioari buruzko Batzordeko presidenteordeak. «Presoen arazoa konpontzeko legeak aldatu behar dira, borondatea behar da eta, gaurkoz, ez dago. Borondatea egon dadin egoera sortu behar da».

Amnistia saihestu beharra dagoela iritzi dio Holderrek, bestela estatuen krimenak ezingo direla ikertu ohartarazita. Baldintzapeko askatasunen aldeko hautua egin du, Irlandako ereduari jarraituta. Gehiago ere esan du: «Estatua amnistia akordioan sartzen saiatu zen, haien iragana ez ikertzeko marra bat ezartzeko».

Presoak nola gizarteratu

Presoak gizartean nola gizarteratu proposatu du Jon Landa Zigor Zuzenbideko irakasleak. Haren ustez, «deliturik gogorrenengatik» zigortutakoek zigor zati bat espetxean igaro behar lukete; zigor erdia aipatu du.

Javier Mira Valentziako Unibertsitateko Zigor Zuzenbideko irakaslea gogor mintzatu da: «Zigor armategia da desarmatu behar dena, presoei ezartzen zaien zigor armategia baita kaleratzeak eragozten dituena». Ziur dago Espainiak ez duela hori egiteko borondaterik, eta, beraz, gizartea argudioekin irabaztera deitu du. Ez da zaila, haren iritziz, euskal presoen aurka ezartzen ari diren neurriak Europako itunen eta Espainiako Konstituzioaren aurkakoak direlako.

Mirak esan du horrek preso asko kaleratuko lituzkeela. Epaiketa zain edo ihesean daudenei «delitutik borondatez urruntzeagatik» 579. artikulua ezarrita zigorra gradu bat edo bitan jaistea proposatu du. «Ezker abertzalekoak izateagatik» preso direnei indultua emango lieke; «legearen aurka, prebarikatuta zigortu zituzten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.