UDAKO SERIEA. Muturreko kirolak (III). Laia Barbero

Sasi, harri eta sustraien artetik

Lander Muñagorri - Ianire Renobales
Bilbo
2014ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Mendian behera abiadura handiz jaisteak eragiten dion adrenalina izan zen 'downhill'-a, mendiko bizikletako modalitatea, egiten hasteko aitzakia. Minutu gutxitan izaten diren arrisku sentipen eta zirrarak eraman du lehiaketetan parte hartzera.

Gehienek bizikleta bat paseoan ibiltzeko erabili ohi dute; eskulekua ongi heldu, eta pedalei eragiten diete aisialdiaz gozatzeko. Kirola egiteko aitzakia erabilita, haur zein helduentzat erakargarri bihurtzen da garraiobide mota hori. Baina, aisialdian erabiltzeko edo ibilaldi bat egiteko baino gehiago, adrenalina sentitzeko darabilte kirolari askok bizikleta. Eta adrenalina hori sentitzeko, mendira igo eta maldan behera jaisten dira «abiadura biziarekin». Sentipen hori maite dutenek downhill izeneko kirola egin ohi dute, mendiko bizikletaren muturreko modalitatea. Aldez aurretik zehaztutako zirkuitu natural batean, orokorrean basoan barrena, goitik beherako ibilbidea egiten dute parte hartzaileek. Aldapa maldatsuetan behera eta sasi, harri zein sustrai artean ibiltzen dira txirrindulariak. Muturreko kirolari horietako bat da Laia Barbero (Castellbisbal, Herrialde Katalanak, 1990).

Barbero familian aspaldi hasi ziren bi gurpilen gainera igotzen. Katalanaren lehengusu batek ere downhill-a egiten du aspalditik, txikitatik, eta mota horretako lehiaketetan parte hartzen zuen bakoitzean, nebarekin batera joan ohi zen senidea animatzera eta txapelketako argazkiak ateratzera. «Pixkanaka zale bihurtzen hasi nintzen», gogoratu du. Txango horietako batean, saio bat egitera animatu zuten ingurukoek. Eskuak eskulekuan kokatu, eta bizikleta zahar batera igotzea erabaki zuen berehala. «Lehenengo saio hartan lau kolpe hartu nituen jaitsiera egin bitartean. Baina, azkenekoan, lurretik altxatu, eta argi ikusi nuen: mendiko bizikleta niretzat eginiko kirola zen». Azken kolpe hark ibilbide berri bati eman zion hasiera. Gaur egun, lagun talde batekin entrenatzen da Durangoko (Bizkaia) inguruetan.

Nahiz eta downhill-ean lehiaketa mota eta puntuak eskuratzeko modu desberdinak egon, orokorrean, ordulariaren kontrako txapelketetan aritzen da. «Beste kirol batzuen antzera, denbora marka hobea egiten duenak irabazten du horretan ere». Lur eremua, ostera, «ez da gainontzeko zenbait kiroletan aurki daitekeen zirkuitu erraz bat». Parte hartzaileek jaitsiera aldapatsuei egin behar diete aurre, eta bat-batean ageri diren harriak eta sustraiak saihestu behar izaten dituzte segundo gutxitan. Gainera, «lokatza nonahi dago, eta hori beste zailtasun bat da, askotan, bizikleta kontrolatzeko arazoak eragiten dituelako».

Downhill-a egiteko erabiltzen diren bizikletek pneumatiko bereziak izaten dituzte, lur eremu horietara egokitutako gurpil zorroak, hain zuzen. Hala eta guztiz ere, nahiz eta bizikletaren eta soinean jantzi beharreko segurtasun ekipamenduaren kalitatea garrantzitsua izan, kirolariaren arabera, kirol horretarako trebezia gidariaren esku gelditzen da.

Abiaduraren zaleak

Barberok dioenez, kirol hau hitz bakar batekin definitu beharko balitz, abiadura izango litzateke. Aldapan behera joaten direnez, abiadura handia hartzen dute, eta, noizbehinka, arrisku egoerak izaten dira. Hori dela eta, «denek ez dute erronkari aurre egiteko adore nahiko». Pertsona batek ordu batean egiten duen ibilbidea lau edo bost minutuan egiten dute dowhill-a egiten dutenek. «Abiadura gustukoa izan behar duzu». Abiadura bizi horrek eragiten duen adrenalina izan zen Barberori grina piztu ziona. «Nahiago dut minutu gutxi horietan sentitzen duzun esperientzia bizikleta gainean hiru edo lau ordu eman beharrean».

Barberoren ustez, pertsona askok pentsatzen dute downhill-a kirol erraza dela; izan ere, egin beharreko esfortzu guztia aldapan behera izaten da. «Jendeak uste du esfortzua aldapan gora baino ez dela ematen, baina downhill-a egitea ez da lan erraza. Behera heltzerako, oso nekatuta ailegatzen gara». Ahalegin handia egin behar denez, fisiko ona izan behar dela nabarmendu du muturreko kirolariak. «Kirol oso zirraragarria da, eta indar handia izatea eskatzen du; hori dela eta, une oro ibili behar dugu ahal beste ematen», dio katalanak. Indartsu egoteko, gimnasioan ematen ditu ordu asko entrenatzen. Haren ustez, mendian ibiltzeko gihar onak izan behar dira, eta horiek, mendian baino gehiago, gimnasioan gara daitezke hobeto. «Besoetan indarra izan behar da bizikleta une oro kontrolpean izateko». Zenbat eta indar handiago, orduan eta hobe. Mezu argia zabaldu du: «Zuk gidatu behar duzu bizikleta, ez aldrebes. Harriak eta bihurguneak nonahi ageri dira, eta bat-batean ibilbidea aldatzeko gaitasuna izan behar da. Horretarako, ezinbestekoa da indar nahiko izatea bizikleta mugitzeko eta gidatzeko».

Pixkanaka, jende gehiago hurbiltzen ari da kirol horretara. Barberok dioenez, gero eta zale gehiago biltzen dira lehiaketetara. «Garai batean, triatloiak egiten zituzten kirolariek soilik egin ohi zuten downhill-a».

«Euskal Herrian, bizikletan ibiltzeko ohitura handia dago. Hala ere, Herrialde Katalanetan downhill kirolarekiko zaletasun handiagoa dago, eta karrera gehiago antolatzen dira». Herrialde Katalanetako lehiaketek bi eguneko iraupena dute. Euskal Herrian, ordea, egun bateko txapelketak antolatu ohi dira; gehienetan, larunbatez. «Euskal Herrian lehiaketa bat prestatzen denean, 90 lehiakide bil daitezke. Herrialde Katalanetan, 200 inguru». Barberoren arabera, nesken parte hartzea ere ez da berdina; Euskal Herrian bi edo hiru neska aritzen dira, eta Herrialde Katalanetan, hogei.

Ausardia, segurtasunez

Orokorrean, lehiaketa batean bizikleta hartu baino lehen, jaitsiera oinez egiten dute behin. Xedea ingurua ezagutzea eta arrisku guneen ikuspegi orokor bat lortzea da. «Jaitsierari errespetua izan behar zaio beti. Hala ere, errespetua alde batera utzi behar da, bestela, ez duzu esperientziarekin gozatzen». Barberok argi dauka beldurrari aurre egin behar zaiola: «Eman beharreko jauzi batek ikaratzen banau, ordezko bide bat topatzen saiatzen naiz».

Hala ere, lehiaketa guztietan parte hartzea zaila da gaur egun, «laguntza ekonomikoak oso txikiak» direlako. Downhill-ean aritzen direnek laguntza ekonomiko eta babes gutxi jasotzen dituztela salatu du Barberok. «Beharbada, gainontzeko kirolarietatik desberdintzen denari laguntza emango diote enpresa pribatuek». Baina kirolari kataluniarrak ez du laguntza ekonomikoa jasotzen duen gertuko kasurik ezagutzen. Barbero Zonabike dendaren izenarekin aritzen da lehiaketetan. Dena den, parte hartzeak eragiten dituen gastu guztiak bere poltsikotik ordaintzen ditu. «Kirol hau oso erakargarri bihurtzen da egiten dutenentzat; oso ondo pasatzeko abagunea ematen du. Bizikletara igo, eta arazo guztiak ahaztu egiten dira, adrenalinak gainontzeko guztia estaltzen duelako».

Muturreko kirola izanik, erortzeko eta min hartzeko arriskua dago. Barberok ez du lesiorik izan kirola egin bitartean, baina erorketa «latz» bat izan zuen 2011n, Panticosan (Huesca, Espainia) lagunekin entrenatzen ari zela. Aurreko gurpilaren kontrola galdu, eta harri baten kontra kolpe handia hartu zuen. Hala ere, ez dio beldurrik mendiko bizikletari, eta bere horretan jarraitzeko asmo irmoa ageri du. Txapelketetan segurtasun ekipamendu egokia izan behar dela uste du; batez ere, kirolariek lesio bat baldin badute. Barbero ere tentuz ibiltzen da minik ez hartzeko. «Belaunetan bi lesio dauzkat txikitatik. Belaunburuak lekuz kanpo eta kartilagoak ahulduta dauzkat». Lesio horiek ibiltzeko orduan arazoak ematen dizkiote noizbehinka. Gaur egun, martxotik darama bizikleta batera igo gabe; tratamenduan dago ahalik eta lasterrena zirkuituetara bueltatu ahal izateko.

Denboraldiko hurrengo txapelketei begira dago Barbero. Ahalik eta lasterrena sendatu eta bizikletara noiz igo irrikan, alegia. «Etxetik gertu egin nuen azken lehiaketa, baina lesioek eragindako minak mugitzea eragozten zidan, eta ezin izan nuen lasterketarekin jarraitu», gogorarazi du. Indarrak hartzen dabil egunotan, lokatzez berriz leporaino noiz zikinduko zain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.