KRITIKA. Musika

Aniztasun erakargarria

2016ko azaroaren 5a
00:00
Entzun

BOS

Zuzendaria: Paul Daniel. Pianista: Nikolai Demidenko. Non: Euskaldunajauregia (Bilbo). Noiz: Azaroaren 3a.

Txaloaldi beroarekin bukatu da Bilbao Orkestra Sinfonikoaren denboraldiko laugarren kontzertua. Bertan, Paul Daniel zuzendari entregatua, Nikolai Demidenko bakarlari aparta eta oso ondo jo zuen BOS izan ziren protagonista bikainak.

Nahiz eta 20 urteko diferentziarekin eginak izan, egitarauaren lau lanak desberdinak dira. George Gershwingen Strip up the band musikalaren oberturan, konpositoreak jazzarekiko zeukan erritmo sinkopaturako joera azaltzen da. Joaldi horretan, instrumentuen senide guztiek ederto jo dute: hasi perkusionista talde zabaletik, doinu dotorea zeramaten biolinekin eta egurrezko tresnekin jarraitu, eta metalezkoen erakargarritasunarekin bukatu.

Desberdina da, ordea, urte bat lehenago, 1926an, Sergei Ratxmaninoffek erbestean zegoenean asmatu zuen sol minorreko piano eta orkestrarako 4. Kontzertua. Lan horrek ez dauzka beste kontzertuetan ezagunak diren doinu zoragarriak; hemen, erromantizismo iluna nahastu egiten da ezagutu berri duen lengoaiarekin, hots, jazzarekin. Nikolai Demidenka pianista sendoa, orekatua eta biribila da:haren digitazioa boteretsua izanik, lirismo eta ziurtasuna ematen du, idazkera zaila izan arren. Hasierako Allegro-an, eder konbinatu zituen armonia batzuetan disonanteak, erritmo konplexu eta muturreko dinamikekin. Bigarrenean, Largo-n, lirismo kontrolatua haizeratu zuen pedalaren erabilera orekatuan, orkestrak giro erromantikoa zeraman bitartean. Hirugarreneko Allegro Vivacepianoan deabrukeriak egiteko aproposa da: gora eta beherako eskalak, prestissimo-ak , oktabetan jauziak, azentu markatuak serieetako hasierako notetan, tempo rubato-ak tarteka… Zuzendariak ondo konbinatu zuen pianoren protagonismoa orkestraren akonpainamenduarekin, soinuaren balantzea kontrolatuz. Azkenean, Demidenkok Chopinen bals alaiarekin eskertu zuen publikoaren entrega.

Tinbreen konbinazioak ematen duen lilura da hein batean Claude Debussyren Iberia- ren indarra. Bertan, Espainiako flamenkoak ematen zion inpresio exotikoa azaltzen du, nazionalismoaren generoan jausi gabe. Musika guztiz egokia da orkestraren kolore guztien arrandia egiteko, bakarka zein taldeka. Ondo baliatu zuten zuzendariak eta orkestrak birtuosismoa azaltzeko. Baita Maurice Ravel euskal herritarraren La Valseizeneko balsaren deskonposizio bihurrian ere. Azken horretan, zuzendariak eta musikariek dirdiraz islatu zuten dantza aristokratikoak duen apoteosia, gutxika herio dantza bihurtua, azkenean, mila zatitan leherrarazia izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.