Osasungintza. Lehen arreta, lubaki politikoan

Izurriaren legealdia izan da amaitu berri dena. COVID-19ak agerian utzi zituen osasun sistemaren arazoak eta gabeziak, eta langileen pazientzia agortu da. Nafarroan, mobilizazio eta greba deialdien artean heldu dira alderdien promesak.

Txibite, Indurain eta Carolina Darias ministroa, Iruñean. IÑAKI PORTO / EFE.
Ion Orzaiz.
2023ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Karguaren zina egin zutenean, egungo agintari politikoek nekez iragarriko zuten, ordutik urtebete eskasera, pandemia batek planeta osoa astinduko zuela eta horrek hankaz gora jarriko zituela bai osasungintza publikoa bai gizartea bera. Egungo osasun sistemaren gabeziak agerian utzi zituen COVID-19aren izurriak, eta presioa areagotu zion lehendik ere borborka ari zen eltzeari: profesionalen eskasia, baliabiderik eza, aparteko orduetan eta lan gainkargan oinarritutako egitura oso bat, inprobisazioa... Iragan urteetako murrizketen eragina utzi zuen agerian koronabirusak 2020ko martxotik aurrera; eta, izurriaren okerrena igarota ere, osasun sistema publikoaren zuloak ez zion handitzeari utzi. Ordutik, lan baldintza eta arreta duinen aldeko aldarriek ez dute etenik izan Euskal Herriko kaleetan.

Nafarroan, gobernua osatzeko itun programatikoan jasotako gakoetako bat izan zen osasun publikoaren indartzea. 2019an sinatu zuten akordio hori PSNk, Geroa Baik, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak, baina, lau urte geroago, osasungintzari eta lehen arretari buruzko helburu nagusiek bete gabe segitzen dute.

Itun programatikoan jasotako lehen puntua Osasunaren Foru Lege berriari buruzkoa da. Akordioan berariaz jasota dago lege berri bat garatzeko asmoa, «Osasunbidea eta Osasun Publikoko eta Lan Osasuneko Institutua berritzeko». 2019ko irailean, arau berria ontzeko lehen urratsak iragarri zituen Santos Indurain kontseilariak; legealdiaren bukaeran, baina, egitekoen zerrendan dago oraindik. Batzorde parlamentario bat eratu zen, EH Bilduren ekimenez, heldu den legealdian auziari heltzeko.

1990eko Osasunaren Foru Legea moldatzea izan da kontsolamenduzko saria. Legealdiaren azken hatsarekin batera heldu da erreforma, osasun arloko sindikatuen greba eta mobilizazio artean, eta bertan jasoak dira Nafarroako Gobernuak SMN Sindikatu Medikoarekin, LABekin eta UGTrekin hitzartutako neurriak: hala nola hilean 400 euroren soldata igoera sendagileentzat, lehen arretako administrarientzako soldata osagarria eta mediku egoiliarren tutoretzengatik pagatzen den soldata gehigarria handitzea. Ituna sinatu ez zuten sindikatuek —USAEk, ELAk eta CCOOk— uste dute neurriok «adabakiak» besterik ez direla, eta «konpromiso zehatzagoak» eskatu dizkiote gobernuari. LABek eta UGTk ontzat eman zuten ituna, baina kritiko dira oraindik Osasun Departamentuarekin.

Auziak sortu duen ezinegona ikusita, alderdi ia guztiek hauteskunde kanpainaren lehen lerroan jarri dute osasungintza, eztabaidarako jaurtigai bihurtzeraino. Honako hauek dira hautagaitza bakoitzak auziaz agertu duen jarrera eta eskaera nagusiak.

UPN

Legealdia hasi zenetik, UPN izan da —Navarra Suma koalizioaren barruan nahiz kanpoan egonik— ahalegin handiena egin duena egoera nahasiari etekin politikoa ateratzeko: izurriaren okerrenean ere, Javier Esparzaren alderdiak jopuntuan izan zuen osasun sistemaren kudeaketa, eta kritika gogorrak egin zizkion Santos Indurain kontseilariari eta haren departamentuari ia egunero. Hala, COVID-19aren aurkako txertaketa kanpainaren kudeaketa, enpresentzako maskara kirurgikoetan diru publikoa xahutu izana eta itxaron zerrendak luzatzea leporatu zion gobernuari.

Hauteskundeak hurreratu ahala, osasungintza izan da UPNren arma politiko nagusietako bat, eta Javier Esparzak hauteskundeen karira egin dituen promesa nagusiek lotura dute osasun publikoarekin. Zehazki, esan du lehendakari izatera iritsiz gero 40.000 pertsona aterako dituela itxaron zerrendetatik, psikiatra gehiago kontratatuko dituela eta zaintza aringarrien lege bat sustatuko duela.

UPNrentzat, baina, zaila izanen da bere azken agintaldian eginiko murrizketen eta kaleratzeen itzal luzea gainetik kentzea. Sindikatuek eta ezkerreko alderdiek behin baino gehiagotan aurpegiratu diote, Marta Vera Osasun kontseilari zen garaian, inoiz baino gehiago luzatu zirela itxaron zerrendak eta Osasunbideko langileen %6 kaleratu zituztela. Zama astun hori arintzea eta bere irudi publikoari buelta ematea erronka izanen du alderdi eskuindarrak.

PSN

UPNk ez bezala, PSNk ez du bere hauteskunde kanpaina osasungintzaren inguruan ardaztu. Itxaron zerrenden auziak eta azken hilabeteetako lan gatazkek kalte egin diezaiokete Maria Txibiteren alderdiaren irudiari, eta, horren jakitun, sozialistek nahiago izan dute Nafarroako Gobernuak beste alor batzuetan lortutakoak nabarmendu. Hala ere, hauteskunde programan nabarmendu dute Nafarroako «eredu» izan dela «osasun publiko eta unibertsalaren alorrean».

Osasunaren Foru Legea jo dute horren adibidetzat, bai 1990ekoa, bai heldu den legealdian onartu asmo dutena. «Sozialistak aurreko legearen sustatzaile izan ginen, eta badakigu, indarrean den araua moldatzea bainoago, beharrezkoa dela garai berrietara egokitutako lege bat ontzea, osasun sistema berri bati oinarri juridikoa emate aldera».

Proposamen zehatzen artean, PSNk ezinbestekotzat jo du «ospitaleen kudeaketa eredua berritzea, koordinazioa areagotzeko», eta lehen arretaren eta ospitaleen arteko elkarlana sustatzeko. Horrez gain, bost atal indartu nahi dituzte bereziki: buru osasuna, arreta onkologikoa, sexu osasuna, aho-hortzetako osasuna eta zaintza aringarriak.

GEROA BAI

Legealdi honetan, gobernuko kide izan da Geroa Bai, baina PSNk baino balantze dezente ezkorragoa egin du osasun politikei dagokienez. Uxue Barkosen esanetan, COVID-19aren izurriak «efektu suntsigarria» izan du «osasun azpiegituretan eta gizartearen beharretan». Horregatik, koalizioak lehentasuntzat jo ditu «itxaron zerrendak laburtzeko, lehen arreta indartzeko eta buru osasuna hobetzeko neurri eraginkorrak».

Osasun publikoa indartzeko proposamenen artean, Geroa Bairen hauteskunde programan jasota daude honako hauek: «Lehen arreta, arta espezializatua eta buru osasunaren arteko estrategia bateratuak diseinatzea; jokabide suizidak prebenitzeko plan orokorra berritzea; eta lehen arretaren eredua egokitzea osasun eremu bakoitzaren beharretara, herritarren sakabanaketa edo zahartzea bezalako auziei erreparatuz».

EH BILDU

EH Bilduko lehendakarigai Laura Aznalen esanetan, osasuna eta arreta soziosanitarioa «legealdiko lehentasunetako bat» izan dira koalizioarentzat. Aznalek gogorarazi du EH Bilduk eginiko ekarpenei esker, aurrekontuetan diru gehiago bideratu zela «profesionalak kontratatzeko, itxaron zerrendak laburtzeko eta osasun zentroetan inbertsioak egiteko». Hala ere, parlamentariak beharrezkotzat jo du «osasun sistemari buelta ematea». Zehazki, eredu berri bat galdegin du: «Landa eremuetan osasun arreta duina bermatuko duena, profesional kopuru nahikoa izanen duena, lehen mailako arreta eta arta pediatriko ekitatiboak eta irisgarriak eskainiko dituena eta adinekoei kalitateko arta soziosanitarioa emanen diena».

Koalizio independentistaren programan jasota dago Osasunaren Foru Lege berri bat onartzea, «osasun sistemaren finantzaketa egokia bermatzeko eta lehen mailako arreta sistemaren erdigunean jartzeko xedez».

ZUREKIN NAFARROA

Ahal Dugu, Nafarroako Ezker Batua eta Batzarre biltzen dituen koalizioak dei egin die «Nafarroako indar aurrerakoiei» hiru akordio nagusi sinatzeko, osasun publikoaren, etxebizitzaren eta enpleguaren esparruetan. Horiek izanen dira, Zurekin Nafarroaren irudiko, «etorkizuneko auzi nagusiak» herrialdean.

Osasungintzari dagokionez, sistema publikoa «berregituratzea» planteatu du koalizioak, Osasunaren Foru Lege berri baten bidez. Arau hori abiapuntutzat hartuta, lehen arreta berrantolatu eta baliabideak %25 handitu nahi ditu Begoña Alfaro lehendakarigaiak. Horrez gain, buru osasunari buruzko foru lege bat ere sustatu nahi du koalizio ezkertiarrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.