Donostiako Nazioarteko 64. Zinemaldia. Sail Ofiziala

Rodriguez: «Oraindik konpondu ez dugun arazo baten isla da filma»

Francisco Paesa espioia da Alberto Rodriguezen 'El hombre de las mil caras' pelikulako protagonista. Luis Roldanen ihesaldi eta atxiloketan jokatu zuen rola du ardatz lanak, eta ustelkeria hizpide nagusi

Alberto Rodriguez zuzendaria ?ezkerretik laugarrena?, Carlos Santos, Alba Galocha, Jose Coronado, Marta Etura eta Eduard Fernandez aktoreekin, atzo, Donostian. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2016ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Espainiako zerbitzu sekretuetako espioia, arma trafikatzailea, iruzurgilea... Espainiako estoldetan ederki mugitzen jakin izan zuen gizona da Francisco Paesa. Haren izena 1990eko urteetan egin zen ezagun: lehenik, ETAren aurkako Sokoako operazioarekin eta GALekin lotuta; eta, geroxeago, Luis Roldan Guardia Zibileko zuzendari nagusiaren ihesaldian eta haren atxiloketan jokatu zuen rolagatik. Hainbat aldiz hiltzat eman, eta beste horrenbeste aldiz agertu da berriro, bizi-bizirik. Hari buruz asko idatzi den arren, misterioz inguratutako pertsonaia da oraindik ere, eta misterio horrek erakarrita filmatu du Alberto Rodriguez zinemagile espainiarrak El hombre de las mil caras, haren ibilera guztien artetik Roldanen auzian izan zuen zeregina ardatz hartuta. Lana atzo aurkeztu zuen Sail Ofizialeko lehian, eta txaloka hartu zuen publikoak.

Ustelkeriagatik ikertzen ari zirela eta, Roldanek Paesarengana jo zuen, ihes egiteko eta diru bereizietatik lapurtu zituen milioiak gordetzeko laguntza eske; hori da filmaren abiapuntua, eta urtebeteko tartea hartzen du kontakizunak, Roldan atxilotzen duten artekoa. Espainiako iruzur kasu sonatuenetakoa du hizpide, hortaz. «Bere historia hurbilaz hitz egiteko gizarte nahikoa heldua dugula pentsatzea izan zen filma egiteko arrazoi nagusietako bat», azaldu zuen Rodriguezek.

Asko idatzi da auziaz, eta dokumentazio ugari zuen zuzendariak filma egiteko. Bereziki, Manuel Cerdan kazetariak plazaratutako Paesa: El espía de las mil caras (Paesa: mila aurpegiko espioia) liburua hartu zuen oinarri gisa. «Irakurtzen ari nintzela, nahiz eta hura duela hogei urte gertatu zen, gaur gaueko albistegiko berri bat izan zitekeen sentsazioa izan nuen, ispilu joko batean bezala errepikatzen zen arazo bat zela». Hala, filmak ez duela soilik 1990eko urteez hitz egiten uste du: «Oraindik konpondu ez dugun arazo baten isla dela esango nuke». 2012an hasi zen gidoia idazten —Rafael Cobos Lopezekin elkarlanean—, eta ordutik, «zoritxarrez», gaiak are aktualitate handiagoa duela iruditzen zaio. «Liburua irakurtzean etenaldiak egin behar izan nituen, offshore zer zen, edo dirua paradisu fiskaletan nola ezkutatzen zen ulertzeko. Ordutik hona, uste dut denok jada master bat egin dugula ezkutuko ekonomian».

Benetako gertakarietan oinarritu arren, istorioarekin fikzioa egin nahi izan duela azaldu zuen Rodriguezek: «Gertatu zena ziurrenik ez dugula inoiz guztiz ezagutuko jabetu nintzen dokumentazio fasean, eta fikzionatzea zela zintzoena. Hori da politena, gainera». Bere azken lanetan Espainiako historia hurbila hizpide izan badu ere, ez duela kronikari lana egiteko bokaziorik izan gaineratu zuen, soilik kezkatzen duten gaiez hitz egitea izan duela helburu. «Film honetan ere ez dut gertatu zena bere horretan kontatu nahi izan; ikusleari tarte atsegin bat eskaintzea eta galderak sorraraztea izan da asmoa». Horregatik, gaur egungo gazteek ordukoak ezagutu ez bazituzten ere, pelikula haiek erakartzeko modukoa ere izan daitekeela uste du zuzendariak.

Aktoreen lana

Paesa pertsonaia «txundigarria» iruditzen zaio Rodriguezi, «nahiz eta bere moralarekin bat ez etorri». Harekin nahiz beste pertsonaiekin enpatizatzerik ba ote dagoen galdetuta, hori ikusleak bere buruari egin beharreko galdera dela erantzun zuen, eta, hala gertatzen bada, zergatik izan daitekeen. «Tonu ironikoa du filmak, nire ustez erraz sumatzen dena. Ez dut uste bilauak heroi bihurtu ditugunik».

Gertakari bitxi batez ere galdetu zioten: Vanity Fair aldizkariak Paesa elkarrizketatu izanaz, hain juxtu ere hari buruzko filma aurkezten zen egunaren bezperan. «Duela gutxi esan nuen ez nekiela berriro ere hilda ote zegoen... bada, ez da berriro ere hil», adierazi zuen Rodriguezek, barrez. «Oso harrituta geratu nintzen elkarrizketarekin, baina, aldi berean, oso Paesa da hori gertatzea. Gainera, une batean aipatzen du elkarrizketan esandakoak egia izan daitezkeela, edo ez... pentsa», gaineratu zuen.

Eduard Fernandez aktoreak jokatu du haren rola, eta Paesaren larruan sartzea ez zaiola hain zaila egin azaldu zuen. «Denok ditugu gure okerrenak gordetzen dituzten tiraderak». Baina hain erraza ere ez zaio gertatu. «Hari buruz datu asko egon litezke, baina aktore batentzat ez dago helduleku handirik halako maskara eraiki duen pertsona batekin». Dena den, Paesa usteltzat soilik jotzea «gutxi» iruditzen zaiola adierazi zuen, ironiaz. «Paesa handia izan da, handia, eta ia miresmenetik interpretatu dut alde horretatik».

Roldan, berriz, Carlos Santosek gorpuztu du. «Hark une batean esaten duen esaldi bati heldu nion nik pertsonaiarekin enpatizatzeko: 'Denek egiten zutena besterik ez dut egin', esaten du. Hortik aurrera, erraza egiten da une kritiko horretan gizon hori ulertzea».

Jose Coronadok bi zeregin bete ditu filmean: batetik, Paesaren laguntzaile Jesus Camoesen pertsonaia jokatu du —haren ustez, «gizatiarrena»—, eta, bestetik, harena da istorio osoa gidatzen duen narratzailearen ahotsa ere. Azken hori gertatu zaio zailena, «ardura handia» sentitu baitzuen. «Ikuslea Camoesekin identifikatu ahal izateko oso narrazio hurbila egin behar nuen. Bidaia guztian hura gonbidatzea zen asmoa».

Nieves da Marta Etura filmean, Roldanen emaztea, eta pertsonaia indartsua dela azaldu du. «Bikote horretan hura zen indartsua, giro garratz horretan erabakiak hartzeko burua hotz zuena eta erortzear zenean senarrari eutsi ziona». Rodriguezen gidaritzapean aritzea plazera izan dela gehitu du donostiarrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.