BAZEN BEHIN...

Polizia, Aldaketaren laguna

«Errepresioa erregimenaren kontua zen, ez Aldaketarena». JESUS DIGES / EFE.
K Saioa Alkaiza(h)
2017ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Norbaitek zerbait galdetzekotan, honela agurtu behar duzue: «Kaixo, Hola, Hello, Bonjour, Saluton!». Ordena horretan. Esperantoa goraka doa, eta ezin dugu inor kanpoan utzi. Eta, gero, galde iezaiozue zer moduz dagoen, bost hizkuntzatan hori ere, senti dezala berarekin zaudetela, ondoan, laguntzen: triste badago, besarkatu eta errepikatu aplikazioaren 7.0 gidan ipinitakoa; lagun hurkoren bat behar badu, zuek zarete momentu horretan; gose bada, oroitu herritarrak elikatzeko oinarrizko aperitibo kit osasungarriki orekatua dugula, ez hamaiketako bat izateko bezainbeste, baina bai brunch bat baino gehiago, pilula bakarrean funtsezko bitamina guztiak dauzkana; galdu bada, emaiozue eskua, eskanea iezaiozue hatz erakusleko identifikagailua eta eraman Girien Meeting Point-era; eta, isunen bat jarri behar baduzue, beti irribarrez ipini. Herritarrak eta gu bat gara. Denon hobe beharrarengatik ari gara.

Etxeberria/Echeverria/Etcheverria /Echeverry/Etchxerripé udaltzainburuak azken aginduak eman dizkie agenteei, uztailak 5 dituenean. Egun bakarra baino ez da falta jaiak hasteko. Orain, udaltzainak ez dira udaltzainak. Figura hierarkiko hori amaitu egin zen Aldaketa iritsi eta bi legealdira. Aldaketaren Lagunak deitzen dira, 2034tik. E. andrea, beraz, ez da udaltzainburua, baizik eta Aldaketaren Bideratzaile Ez-Gorena.

Asko aldatu dira gauzak Iruñean borrak kendu, dialektika ikastaroetara bidali, eta soinu igorleak eman zizkietenetik Aldaketaren Lagunei. Baten bat atxilotu nahi izanez gero, aparatua frekuentzia altuenean jarri eta ustezko delitugile hori segundo batzuez gortu eta atzeman ahal dute orain, hori bai, jipoitu gabe. Soilik tinpanoa arinki minduta. Errepresioa erregimenaren kontua zen, ez Aldaketarena. Herritarrekin batera lan egitea da politika berria, 2073. urtean.

—Baina, E. andrea, eta iazkoa gertatzen bada? —galdetu dio, nekez, Aldaketaren Lagunak taldeko 4.639 kideak E. andreari. Jakinda iazkoa ia aipaezina dela. Armairuan gorde beharreko gaia. Tabua.

—Ez esan tontakeriarik, 4.639. Hori ez da gertatuko, ezinezkoa da, beharrezko neurri guztiak hartu ditugu. Ezin gara katramilatu urte bateko akatsarekin. Iazkoa gaizki joan zela, bai, ados, noski. Batzarrean gaude, eta hemen guztiok ondorioztatu genuen horizontalki hala izan zela, errore bat. Ez dakit nola lortu zuten. Dena dela, lasai ibil gaitezke: Etxabakoitzen dago A Herri Mugimenduaren Herri Gune Parte Hartzailea, eta Sarrigurenen, B Herritarren Jardun Askatzailearen Zonalde Horizontala. Txantrean, Arrotxapean eta Antsoainen, Aren eszisioa izan zen D Eremu Antikapitalista eta Parte Hartzaile Benetan Horizontala eta Alde Zaharrean, friki horiek, F Utopiaren Txoko Berdinzale-koak. Egon zaitez lasai, lau katu dira, eta oso banatuta daude.

—Bai, E. andrea —ausartu zen Aldaketaren Lagunak taldeko 3.384 kidea—, iaz ere lau katu ziren, eta, hala ere, lortu zuten: Txupinazoa izorratu ziguten, hogei minutu atzeratu zen pankarta erraldoi madarikatu horrekin... Herria da aldaketa jartzen zuen... Baina zer gehiago nahi dute? Zer esan nahi zuten horrekin? Zein pitzadura klase daukate? Dena aldatu da erregimenaren garaitik.

—Jende horri gertatzen zaiona da ez duela memoria historikorik, gehiago baloratuko bailuke bestela orain daukana—, ziurtatu duAldaketaren Lagunak taldeko 3.384 kidearen ondoren eserita dagoen 1.837k.

—Aldaketaren etsaiak dira, hori baino ez. Eskuinari egiten diote mesede —erantzun du batzarraren izkina batean jarrita dagoen 5.374k.

—Lasai, aurten ez da halakorik gertatuko -Ahots irmoz mintzatu da E anderea-. Hogeita bi prozesu parte hartzaile ditugu martxan billabesen ordutegiak finkatzeko, gune komunitarioen izenak zehazteko sei prozesu ez-lotesle, bi eraikinen aurrealdeak margotzeko bi herri bozketa, liburutegia ordu erdi gehiago irekitzeko sinadura bilketa, jaietako kartelak aukeratzeko irizpideak zehazteko bilera irekiak, udaletxeko leihoak aldatzeko auzolanak... Zer gehiago nahi dute ba?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.