Udal eta foru hauteskundeak. Gipuzkoa

EH Bilduk kritikatu egin du Madrildik heldu den «zarata»

Maddalen Iriartek, Oskar Matutek eta Oihane Brionesek parte hartu dute koalizioak Irunen egin duen ekitaldian. «Akordioen» alde dira

Oihana Briones, Maddalen Iriarte eta Oskar Matute, atzo, Irunen. JON URBE / FOKU.
arantxa iraola
Irun
2023ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Bidasoaldeko udal hauteskundeetako hautagaien ondoan egin zuen atzo kanpainako ekitaldia EH Bilduren Gipuzkoako ahaldun nagusi izateko hautagaiak, Madddalen Iriartek. Irunen izan zen, Ficoban. Ondoan izan zituen, beraz, Irungo alkategaia, Oihana Briones, eta Hondarribikoa, Garoa Lekuona. Eta hitza hartu zuen ekitaldian Espainiako Kongresuko diputatu Oskar Matutek ere. EH Bilduren zerrendatako hainbat pertsonaren iragana ETArekin lotuta dagoelako goiburu asko zabaldu ziren atzo egun osoan zehar Euskal Herriko hedabideetan, baita Espainiakoetan ere, ozen eta era hanpatuan nabarmendu ziren horietako asko, eta horri buruzko erreferentzia egin nahi izan zuen Matutek. «Konturatuko zineten hauteskunde kanpaina honetan dagoen zarataz. Dagoeneko lortu dute Euskal Herrira ekartzea Madrilgo politikaren alderdirik txarrena; zarata, eztabaida antzuak, herritarrei inporta ez zaizkien eta ezer ekartzen ez duten liskarrak», deitoratu zuen.

EH Bilduren jarrera bestelakoa dela esan zuen. «Jendea kezkatuta dago, eta soluzioak eskatzen ditu etxebizitzaren arazoa konpontzeko, Osakidetzarako, bizitzaren garestitzerako, pentsioetarako...». Kezka horiei begira gobernatu nahi dutela argudiatu zuen, eta horren aldeko apustu irmoak ezberdintzen dituela gainerako taldeetatik.«Izan ere, zarata ateratzen dute konponbideez ez hitz egiteko. Zarata egiten dute betikoek betikoa egiten eta betikoei laguntzen jarrai dezaten».

Boz hauetan sakoneko aldaketak lortzen badira, «boterearen talaietan» beti «kapitalaren» alde egiten duten egiturak beste norabide batera begira jartzeko ahalegina egingo dutela defendatu zuen, eta etxebizitza arloan lege berri bat ontzeko EH Bilduk Madrilen hitzartu duen akordioa jarri zuen adibide gisara.

«Indarrez nator, maite dudan Irun hau delako», kemena erakutsiz hasi zuen bere hitzaldia Iriartek. Eta hilaren 28an koalizioak lor ditzakeen emaitza onen gaineko esperantzak ez direla ameskeria bat defendatu zuen: «Esku-eskura daukagu». Gipuzkoan EH Bilduk emaitza on bat lortzea erabakigarria dela gogoratu zuen. «EH Bildu indartsu bat ezinbestekoa da Gipuzkoa gaurkotzeko hasi dugun biderako. Irunen erabakigarriak izatea EH Bilduk lortuko dituen emaitza onak berrestea da», esan zuen. «Ez da etorkizuneko akordiorik egongo Irunen EH Bildu gabe».

Aurrera egiteko

Boz hauetan galdera «sinplea» egin behar dela uste du Iriartek: «Aurrera egin eta hobetu, ala egonean egotearekin konformatu. Izan ere, EAJk eta PSEk haien statu quo mantentzeko formuletan nahi gaituzte». EH Bildu «ezberdinen arteko akordioak» lortzeko prest egongo dela esan zuen, eta, bide horretan aurrera egiten ez bada, «Gipuzkoa eta Irun gutxi batzuen interesen eta eskuetan» geratuko dela.

Gipuzkoako Foru Aldundirakodituen asmoei begira, osasun sistema indartzeko aldaketak bultzatzea, eta tokiko merkataritza sustatzea; Bidasoalderako bi alorretako egitasmoak dituztela nabarmendu zuen. Denak ere, «bidelagun» aski sendoen laguntzari esker bideratu ahal izango dituztela pentsatzen du, eta erantzun berriak ematea ezinbestekoa dela. «Galdera berriak ditugu mahai gainean, eta ezin zaie erantzun zaharrik eman; erantzun berriak behar ditugu». Erantzunak «lidergo konpartitu batetik» bilatu behar direla argi du: herritarrei hitza emanda.

Oihana Brionesek hirira begirako proposamenak azaldu zituen, zentzu berean: «Irun jendearekin, elkarteekin eta auzoekin eraikiko dugu». Mugikortasunaren arloko proposamena egin dutela esan zuen, tokiko merkataritza ere sustatu nahi dutela, eta osasun zerbitzu hobeen alde ariko direla. Horien alde egiteko talde «prestatua» direla uste du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.