'Brexit'-a. Europako hauteskundeak

Zalantza handieneko bozak

Erresuma Batuak apiril erdialdera arteko epea du Europako hauteskundeetan parte hartzeko

Nigel Farage UKIPeko diputatua eta Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidentea, joan den urtarrilean, Europako Parlamentuan. STEPHANIE LECOCQ / EFE.
mikel rodriguez
2019ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Europako Parlamenturako hauteskundeetarako bi hilabete eskas falta dira, eta, brexit-aren ondorioz, argitu gabe dago Erresuma Batuko alderdiek parte hartu beharko duten ala ez. Aurtengo hauteskundeak aspaldiko garrantzitsuenak bihurtzearen arrazoietako bat da hori, haiek ez egoteak parlamentuaren osaera aldatuko bailuke, eta parte hartuko balute, brexit-a gauzatzeko epea dezente luzatzearen ondorio izanen litzatekeelako. Horrez gain, eskuin muturreko alderdiek orain arteko aukera handiena dute ordezkaritza handitzeko, EB Europako Batasuneko hainbat estatutan anitz hazi direlako 2014tik gaurdaino. Hortaz, bi elementu horiek garai batean ez zuten zalantza egoera eragin diete Europako hauteskundeei.

Izenik eman ez zuen EBko funtzionario batek Reuters agentziari atzo adierazi zion apirilaren erdialdera arteko epea dagoela erabakitzeko Erresuma Batuak parte hartu behar duen ala ez. 751 diputatu ditu Europako Parlamentuak, eta horietako 73 dagozkio Erresuma Batuari. Alemaniaren eta Frantziaren ondoren ordezkari gehien duen estatua da—Italiarekin berdinduta—. Aurkeztuko ez balitz, 73 jarleku horiek gainerako estatuen artean banatuko lituzkete, Lisboako Itunaren 14. artikulua aplikatuta. Artikulu horrek zehazten du estatu baten gehienezko diputatu kopuruak 96koa izan behar duela —Alemaniak dauzkanak—, eta, gutxienekoak, seikoa —Ziprek, Luxenburgok eta Maltak dituztenak—. Erresuma Batuaren balizko desagertzetik Frantziak eta Espainiak aterako lukete etekin handiena, bortzna diputatu irabaziko bailituzkete —79 edukiko lituzke Frantziak, eta 59 Espainiak—.

Horrez gain, Erresuma Batua parlamentuan ez egoteak sektore politiko bakoitzaren ordezkaritzan nola eraginen lukeen da bertze zalantza nagusia, EBn ondorio handia izan bailezake horrek. Gaur egun, UKIP Erresuma Batuaren Independentziaren Alderdia da Erresuma Batuko alderdi nagusia Europarlamentuan, 73 ordezkarietatik 24rekin. Brexit-a sustatu zuen UKIPek, eta parlamentuko zortzi taldeetatik zazpigarreneko indar nagusia da —Askatasunaren eta Demokrazia Zuzenaren Europakoa—. Eskuin muturreko eta EBren integrazioaren aurkako hainbat alderdik osatzen dute —horien artean Italiako Bost Izar Mugimenduak—, eta 41 ordezkari ditu. Erresuma Batuko bigarren indarra laboristak dira; parlamentuko bigarren taldean daude, alderdi sozialdemokratekin, eta horien 186 ordezkaritatik hogei dituzte.

Erresuma Batuan agintean dagoen alderdiak, berriz, Alderdi Kontserbadoreak, hemeretzi eurodiputatu ditu. Parlamentuko laugarren taldeko indar nagusia da, Kontserbadore eta Erreformista Europarretakoa. Talde horren sortzaileetako bat izan zen 2009an, EPP Europako Alderdi Popularretik ateratzea erabaki zuenean, jarrera euroeszeptikoago bat defendatzeko. Bazkide nagusitzat du Poloniako Gobernuko PiS Legea eta Justizia alderdi ultrakontserbadorea.

EPPk, parlamentuko indar nagusiak, 217 diputatutatik bi baino ez ditu Erresuma Batukoak —bi tory disidente—, baina bertzelako buruhausteei aurre egin behar die: bata, eskuin muturraren konpetentzia, eta, bertzea, Hungariako Gobernuko Fidesz alderdiarekin duen barne arazoa. EPPk atzo erabaki zuen Fidesz zigortzea, eta taldearen barrenean erabakiak hartzeko eta bozkatzeko dituen eskubideak eten zizkion.

Erdibideko zigorra Fideszi

EPPko kide batzuek, horien artean Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteak, eskatu zuten Fidesz botatzeko, baina Alemaniako CDU Batasun Kristau-Demokratak eta CSU Batasun Sozial Kristauak erdibideko neurritzat proposatu zuten behin-behinean zigortzea, eta EPPk hori onartu du. Viktor Orban Hungariako lehen ministroak erantzun du zigorra beteko dutela, eta ez dutela taldea utziko. Fideszek migrazioaren aurka egiten ari den kanpainan Junckerri, EBri eta EPPri egin izan dizkion kritika gogorrek eta Hungarian justizia arloan egin dituen erreformek eragin dute ezinegona EPPn.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.