Koronabirusa

Pentsiodunak protestara itzuli dira

Zenbait erakunderen egoitzen aurrean eta zahar etxe batzuetako atarietan elkartu dira. Adineko zentroetan hildakoak gogoratu dituzte

Gasteizen atzo eginiko elkarretaratzean parte hartu zutenetako batzuk. RAUL BOGAJO / FOKU.
jokin sagarzazu
2020ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Bi hilabete geroago, mobilizazioei berrekin diete pentsiodunek. Dozenaka lagun elkartu ziren atzo Nafarroako Gobernuaren eta Bizkaiko eta Arabako foru aldundien egoitzen aurrean, herri ugaritan, eta zahar etxe batzuetako atarietan ere bai. Besteak beste, COVID-19agatik adinekoen zentroetan hildakoak gogoratu dituzte, eta instituzioek alor horretan egin duten kudeaketa salatu. Izan ere, 808 lagun zendu dira zaharren egoitzetan; Hego Euskal Herrian hildako guztien %41. Horrekin batera, iragarri dute protestan jarraituko dutela, unean uneko segurtasun eta osasun araudiak errespetatuz.

Alarma egoera ezarri aurreko astelehenean egin zituzten azkeneko elkarretaratzeak, martxoaren 9an; 2018ko urtarriletik ari dira mobilizatzen, gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izan dadila eskatzeko. «Pentsiodunen mugimenduak aurrera jarraituko du, eta osasun alarmak uzten digun neurrian, astelehenero egongo gara kalean», azaldu du Jon Fanok, Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduko bozeramaileak.

[youtube]https://youtu.be/XeWm_gZ-8AU[/youtube]

Pentsiodunen elkarte batzuek ez dute deitu protestara, eta ez dute parte hartu antolatutakoetan: UGTren Erretiratuen eta Pentsiodunen batzordeak eta Ados kolektiboak, esaterako, eta herri batzuetako batzarrek. Ez dute egoki ikusi «pandemia bete-betean» kalean mobilizatzea.

Horren harira, Fanok esan du mugimendu guztietan daudela «edozein ekinaldi babesteari uko egiten dioten pertsonak». Bizkaiko mugimenduan %5 baino gehiago ez direla zehaztu du. Dena den, azpimarratu du bere asmoa ez dela polemikak elikatzea, eta gogoratu du pentsiodunen mugimendua «asanblearioa eta demokratikoa» dela.

UGTkoek, berriz,«arduragabekeriaz» jokatzea egotzi diete protesten aldekoei. Adierazi dute egungo egoeran hobe dela halakorik ez egitea, eta uste dute deitzaileak «legearen mugak behartzen» ari direla. «Ez gaude pentsiodun bat bera ere arriskuan jartzeko moduan. Eta ez dugu nahi hainbeste babestu gaituen gizarte horrek orain gu ikustea arduragabe batzuk izango bagina bezala».

Ados pentsiodunen plataformakoentzat ere ez da protestak berriro hasteko garaia. Haien ustez, «dagokion unean» aztertu beharko da administrazioek zertan huts egin duten osasun publikoan eta adinekoen egoitzen antolaketan eta funtzionamenduan.

Zahar etxeetara begira

Bilboko protestan hainbat pankarta agertu zituzten zahar etxeen pribatizazioa salatzeko; horrekin batera, eta, ohi dutenez, «pentsio duinak» aldarrikatu zituzten, eta 2011ko eta 2013ko pentsioen erreformen «puntu atzerakoiak» indargabetzeko eskatu zuten.

Fanok gogorarazi duenez, Bizkaian aldundia da lurraldeko zahar etxe publiko, itunpeko eta pribatu guztiak «kontrolatzeko» arduraduna, eta horregatik mobilizatu dira foru jauregiaren aurrean, eta ez udaletxean, ohi bezala. Horrekin batera, erakunde horretako agintarien jarrera salatu dute. «Apirilean gutun bat bidali genion ahaldun nagusiari, eta ez dugu erantzunik jaso. Hona etorri gara, ez digulako erantzuten, eta gure nahigabea adieraztera».

Zahar etxeen egoeraz gain, Fanok azpimarratu du COVID-19aren osteko egoera oso zaila izango dela «enpleguari eta eskubide sozialei dagokienez», eta izango dela gizarte osoarentzat, oro har. Hala ere, nabarmendu du horrek ez duela aldaraziko euren aldarrikapen nagusia.

Arabako pentsiodunek ere elkarretaratzea egin zuten atzo diputazioaren eraikinaren aurrean, lurraldeko zahar etxeetan hildakoei «omenaldia» egiteko, eta EAEko arartekoari eskatzeko ikerketa bat abia dezala, «gertatutako guztia argitzeko». Gogoratu dute pertsona horietako batzuk «erabat bakarrik eta euren senideen laguntza jaso ezinda» hil direla, eta salatu dute zentro horietako langileen baldintzak ere ez direla behar bezala ziurtatu. «Uste dugu osasun krisi honek agerian utzi duela gizarte honetan dagoen balio eta gizatasun krisia eta, batez ere, esparru politiko, instituzional eta ekonomikoena. Eta premiazkoa dela balio horiek berreskuratzea eta zerbitzu publikoak egokitzea eta indartzea».

Iruñeko elkarretaratzean, protestara deitu zuten taldeek Maria Txibiteren gobernuari beste behin eskatu zioten «azterketa sakon» bat egiteko zahar etxeetan gertatutakoaz eta zentro horien egoeraz.

Donostian, berriz, ez zuten elkarretaratzerik egin, eta horren ordez Alderdi Ederreko Pentsiodunen Batzordeak agiri bat kaleratu zuen. Bilera bana eskatu die Gizarte Politiketako foru diputatuari eta Donostiako Udaleko Gizarte Ongizateko zinegotziari. Plataforma horrek uste du osasun eta zaintza zerbitzu publikoen egoerari buruzko gogoeta eta eztabaida sustatu behar dela lurraldean. «Ezin dugu onartu murrizketak aplikatzen segitzea edota enpresa pribatuen esku uztea zerbitzu horiek. Eta funtsezkoa iruditzen zaigu pertsona helduen eskubideei buruz jendea kontzientziatzeko kanpainak egitea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.