Katalunia. Carles Guillot. Stop Bales de Goma elkarteko kidea

«Protokoloek ez dute ezertarako balio, eta ez dira errespetatzen»

Poliziek erabilitako jaurtigaien kolpearen ondorioz, lau pertsonak begi bat galdu dute Katalunian izandako azken protestetan. Inpunitatea salatu du jaurtigai horien aurkako elkarteko kide batek. «Inoiz ez dugu lortu polizia bat judizialki zigortzea».

DANI CODINA.
Igor Susaeta.
Bartzelona
2019ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Trantsizioaren garaitik 2013ra arte, gomazko jaurtigaiekin 30 bat pertsona larri zauritu zituzten Polizia indarrek Espainiako Estatuan. Bederatzi hil egin zituzten, eta hogei inguruk begi bat galdu zuten erasoaren ondorioz. Datu horiek jaso zituen Stop Bales de Goma elkarteak, 2013an kaleratutako txostenean. Dena dela, zehaztapen bat egin zuen: «Denek ez zituzten gertaerak salatu, konfiantza faltagatik edo beldurragatik». Duela bi aste, Katalunian epaiaren harira izandako protestetan, beste lau pertsonak galdu zuten begi bat Espainiako Poliziak erabiltzen duen jaurtigai horren ondorioz.

Carles Guillot elkartearen sortzaileetako bat izan zenak (Bartzelona, 1972) begi bakarra du duela hemezortzi urtetik. «Ari gara ahalegina egiten Europako Parlamentuak horri buruz ezatabaidatu eta mota horretako jaurtigaiak debeka ditzan». Nolanahi ere, Stop Bales de Gomaren helburu behinena Polizia eredua bera zalantzan jartzea da.

2001ean galdu zenuen begi bat, Espainiako Polizia Bartzelonako etxe okupatu batera indarrez sartu zenean, eta zortzi urte geroago eratu zenuten elkartea.

Bartzelonako okupa mugimendutik nentorren, eta antifaxistekin eta globalizazioaren aurkakoekin ere banituen loturak. Eduki nuen nire ingurune politizatuaren babesa. 2007an, 2008an, eta 2009an, batik bat kirol garaipenen ospakizunetan, zazpi gaztek begi bat galdu zuten Katalunian, Mossos d'Esquadrak jaurtitako jaurtigaiengatik. Jauzi kuantitatibo bat gertatu zen gisa horretako jaurtigaien ondorioz zauritutakoen kopuruan. Zauritu asko egoten dira haiek balak jaurtitzen dituztenean, baina esanguratsuagoa da begi bat ateratzen dizutenean. Orduan, zaurituotako batzuek elkartzea aztertu genuen. Hasieran, elkarri babes emozionala emateko.

Gainera, iritzi publikoari igorri nahi genion agian beharrezkoa zela gisa horretako jaurtigaiei buruz eztabaidatzea. Batik bat, jende hori ez zelako mutilatua izan garai bereziki politikoetan. Kanpainak egiten hasi ginen, molde horretako jaurtigaiek zer esanahi duten bisualizatzeko.

Eta 2012an, bi greba orokorretan, hiru mutil larriki zauritu zituzten, eta, gainera, Esther Quintanaren kasua dago [begi bat galdu zuen, mosso batek gomazko pilota bat jaurti ondoren]. Kasu horrek, nolabait, guk aurrez egindako lan guztia hauspotu zuen.

Erasoaren ondorio fisikoak agerikoak dira, baina emozionalak ere badaude.

Ispiluaren aurrean jartzen zaren bakoitzean, inoiz ez duzu ikusiko erasoaren aurretik zinen pertsona. Oso grafikoa da [partxea kendu du]. Horrek, protesi bat jarri arren, giza harremanetan, harreman afektiboetan, sexualetan, eragiten du. Zuk zeure burua ezberdin ikusten duzu, eta besteek ezberdin ikusten zaituzte.

Polizia derrigortuta al dago protokoloren bat betetzera gomazko pilota horiek jaurtitzeko orduan?

Gomazko pilotak jaurtitzeko badago halako zerbait. Nire epaiketan, Barne Ministerioari eskatu genion, eta txosten bat bidali zuten azalduz gutxienez 50 metroko distantziara jaurti behar direla; beti, aurrena, lurrean errebotatu behar dutela; eta, errebote horren ondoren, pilotek gorputz adarretara joan behar dutela. Protokoloek ez dute ezertarako balio, eta ez dira errespetatzen. Eta errespetatuko balira ere... Guk epaiketa guztietan frogatu ahal izan dugu, eta, hain zuzen, Kataluniako Parlamentuak gomazko pilotak debekatzeko argudioetako bat izan zen: polizia askok lekuko gisa deklaratu dutenean, edo gaiaz mintzo direnean, esaten dute pilota ezin dela kontrolatu fusilaren ahotik ateratzen denetik, ibilbide alderraia duela.

Esan nahi dut, bide batez, parlamentuak gomazko pilotak debekatu zituela, guk, herri mobilizazio oso indartsu bati esker, debate hori hara eramatea lortu genuelako.

Abisatzen al du Poliziak jaurtigai horiek erabiliko dituela?

Mossos d'Esquadrak badu orain protokolo bat, eta bertan adierazten dute edozein oldarraldiren aurretik abisatu egin behar dela. Baina ez dute abisatzen oldarraldi bat dagoen bakoitzean.

Beraz, oinarrizko eskubideak urratzen ari dira.

Noski. Hau da, aurreko bi asteetan, irudiak kontuan hartuta, Som Defensores sarea [gatazka testuinguru batean egindako protestetan gertatutako oinarrizko eskubideen urraketak ikertzen ditu] egiten ari den azterketak aintzat hartuta, protokoloak bost inporta zaizkie; urraketak sistematikoak dira.

Polizia indarren arabera, gomazko pilotak ez dira «hilgarriak».

Armamentu ez-hilgarriaren teoriak zera dio: zuk armamentua behar bezala erabiltzen baduzu, ez-hilgarria da. Hau da, zuk borrarekin emandako kolpea behetik gorakoa bada, eta gorputzaren enborra edo adarrak jotzen badituzu, orduan ez-hilgarria da. Poliziak defentsa hori bera erabiltzen duenean, goitik behera joz, buruan joz, potentzialki hilgarria den arma bihurtzen da.

Zer gertatzen da gomazko pilotekin? Nazioarteko mekanismoen arabera, arma ez-hilgarri bat da, baldin eta ezaugarri batzuk baditu. Ezaugarri horien artean, zuk erregulatu dezakezu tiroaren potentzia. Eta ez dute erregulatzen mantsoago joan dadin... Gerra fusilen bidez jaurtitzen dira gomazko pilotak, baita foam jaurtigaiak ere. Armamentu militarreko enpresek ekoizten dituzte. Ateratzen denean jaurtigaiak hartzen duen potentziak hilgarri bilakatzen ditu. Adibide bat, Iñigo Cabacasekin gertatutakoa. Gehienetan ez duzula inor hiltzen? Ez, baina errealitatea da jaurtigai horiek hil egiten dutela.

Kataluniako Parlamentuak gomazko pilotak Katalunian erabiltzea debekatu zuen 2013an. Baina Espainiako Poliziak erabiltzen ditu Katalunian ere. Hori egitea debekatu diezaiokete Kataluniako instituzioek?

Ez. Zuk lor dezakezu Kataluniako Parlamentuak ebazpen bat onartzea, exijituz Espainiako Barne Ministerioari ez dezala armamentu hori erabili, baina ez du balio betearazlerik.

Duela bi urte Madrilera joan ginen. Bildu nahi genituen gomazko piloten biktimak, eta abiatu nahi genuen Espainiako Estatuan ere Katalunian eginikoaren antzeko kanpaina bat, Katalunian gomazko pilotak debekatzea lortu zuena. Baina konturatu gara Euskal Herritik eta Kataluniatik kanpo autoantolaketa oso txikia dela auziaren inguruan. Halere, ez da auzi nazional bat, baizik eta oinarrizko eskubideen errespetuarekin loturikoa, eta biolentzia instituzionalaren eta polizialaren kontrakoa.

Zertan bereizten dira gomazkopilotak eta mossoek zein Ertzaintzak, esaterako, erabiltzen dituzten foam jaurtigaiak?

Gomazko pilotak kautxuzko esferak dira, eta, batzuetan, metalezko esfera bat dute barruan, trinkotasun handiagoa emateko. Foam jaurtigaiak kartutxo batzuk dira, puntan foam dutenak. Produktu biskoelastiko bat da, eta, zerbait jotzen duenean, deformatu egiten da; ez dago erreboterik. Zehaztasunezko jaurtigaiak dira, eta gomazko pilotak jaurtitzeko fusilek ez bezala, begira-puntuak dituzte. Gorputz adarretara eta enborrera soilik jaurti daitezke, eta pertsona jakin bat menderatzea dute helburu. Gomazko pilotak, ustez, masak sakabanatzeko dira.

Jaurtigai batek zein besteak eragin dezakeen kaltea antzekoa da?

Badakigu Lyonen eraiki behar zuten aireportu baten harira egindako protestetan hiru gaztek begi bat galdu zutela foam jaurtigaien kolpearen ondorioz. Beste adibide bat: duela bi aste Katalunian egindako protestetan entzumena galdu zuen pertsona batek, foam jaurtigai baten kolpea jasota.

Jaurtigai horiek guztiak debekatzeko eskatzen dugu. Poliziaren argudioetako bat izaten da tiroa entzuten denean jendea instintiboki makurtu egiten dela. «Ni behera apuntatzen ari nintzen», esaten dute.

Behin Espainiako Estatuan instantzia judizial guztiak agortuta, Giza Eskubideen Europako Auzitegira eraman zenuen zeure kasua 2013an, baina ez zuten tramiterako onartu. Gisa horretako kasuetan oso zaila da poliziak zigortzea?

Guk inoiz ez dugu lortu tiro horiengatik polizia bakar bat judizialki kondenatzea. Poliziaren biolentzia begiratu behar da: sistematikoki urratzen dituzte protokolo guztiak. Eta, gainera, inoiz ez dago ikerketarik segurtasun indarren barruan. Gero, epaiketetan, denak absolbitzen dituzte, ezinezkoa delako tiro egin duen agentea nor izan den frogatzea. Horren guztiaren emaitza da polizia indarrek duten inpunitatea. Hau da, nik, polizia gisa egiten dudana egiten dudala, baldin badakit ez zaidala ezer gertatu behar, nahi dudana egingo dut. Dena dela, noizbait torturengatik edo zigortu badituzte, politikariek indultatu egin dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.