«Lasterketaren parte dira belodromoko dutxak»

Oso berezia da Paris-Roubaix klasikoa, sona handia dauka Roubaixeko belodromoak, eta xarma ikaragarria belodromoko dutxek. Helmugako marra igarota ez, belodromoko dutxetan gozatua hartuta amaitzen da proba.

Pedro Horrillo, erabat lehertuta, Roubaixeko belodromoko dutxetan. BERRIA.
unai zubeldia
2015eko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Aurpegia desitxuratuta, begirada galduta, lokatzez lepo... Pedro Horrillok badauka argazki eder bat gordeta, «Eddy Merckxen ezagun-ezagun baten berdina», Roubaixeko belodromoko dutxetan ateratakoa. «Niretzat lasterketaren parte dira dutxak». Bost izarreko hotelen parera iristen ari dira jada World Tourreko taldeen autobusak, eta bertan freskatu ohi dira lasterketak amaitu berritan. «Baina Paris-Roubaixen kasuan, belodromoan dutxatu izan naiz beti». Nolakoak dira, ordea, dutxa horiek? «Zahar-zaharrak, hormigoizkoak, eta esertzeko koska txiki bat daukatenak. Kiskaltzen ateratzen da ura, baina leku zoragarria da sentsazioak trukatzeko».

Horrillok berak ireki zion Imanol Erbitiri Roubaixeko belodromoko atea. «Nire hirugarren urtean izan zela uste dut, amaitu nuen lehen aldian». Izugarri sufritu zuen urte hartan nafarrak. «Eta azken 50 kilometroak harekin egin nituen. Asko lagundu zidan; zailena eginda neukala esan eta esan aritu zitzaidan ondotik». Behin helmugako marra igarota, dutxen berri eman zion bizkaitarrak. «Eta ilusio ikaragarria egin zidan. Kartel txiki bat dauka dutxa bakoitzak, urte horretako irabazlearen izenarekin. 1983an jaio nintzen ni, eta urte hartako irabazlearen kartelari begira dutxatu nintzen». Hennie Kuiper herbeheretarra nagusitu zen. 1983an.

Dutxetan sartzeko aukera izaten dute argazkilariek. «Txirrindularien intimitatea errespetatuz, noski», zehaztu du Horrillok. «Hain nekatuta egoten gara, momentu horiek islatzen saiatzen dira argazkilariak».

Irizar, autobusean

Autobusaren erosotasunari segika, azken urteotan bertan dutxatu izan dela aitortu du Markel Irizarrek. «Baina lehen urteetan belodromora joaten nintzen, eta oso momentu berezia izaten zen». Trek sortu berritan, Roubaixeko belodromo berrian egin zuen taldeak aurkezpena. «Eta zorte handia izan nuen, dena lasai-lasai zegoela hura ikusteko aukera eduki nuelako». Fabian Cancellara tartean egonda —«Tom Boonenekin batera, historiako klasikozalerik onena»—, Trekentzat «oso berezia» izaten da beti Paris-Roubaix. «Eta bezperan gustatzen zait inguru guztia nola dagoen ikustera joatea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.