Baloirik gabeko ikuskizunaren gunea

Errugbi eta hockey partidak, boxeo borrokak, kontzertuak, auto eta moto lasterketak... Eraikinaren erosotasunak bultzatuta, Wembley zaharrean eta berrian ez dira izan futbol kontuak soilik.

2007ko abenduaren 23an izan zen autoen lasterketa. BERRIA.
unai zubeldia
2015eko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Futbolak goratu du Wembley. Manchester Unitedek 1968an irabazitako Europako Kopa, Tony Adams eta Peter Shilton Ingalaterrako selekzioko bi ikurren partida sortak, Bartzelonaren 1992ko Europako Kopako titulua... Baloiaren gune kutuna izan da Londresko estadioa 1923an sortu zenetik. Baina, eraikuntzaren erosotasunak eta harmailetako zale kopuruak ahalbidetuta, Wembleyk ez die aterik itxi beste hainbat ikuskizuni. 1948an eman zuen behin betiko pausoa, Olinpiar Jokoen gune gisa Emil Zatopek atleta urre kolorez jantzi zuenean —10.000 metroko proba irabazi zuen, eta zilarra eskuratu zuen 5.000 metrokoan—.

Errugbi eta hockey partidak, futbol gaelikokoak, zakur lasterketak... Hainbat kirol eta kultur diziplina bildu ditu Wembleyk, eta historiari ere keinu politak egin dizkio. Urrutira joan gabe, AEBetatik kanpo Londresen jokatu zen futbol amerikarreko lehen partida, 2007ko urriaren 27an. New York Giantsek 13-10 irabazi zieten Miami Dolphinsi. Sortutako ikusminarekin, egun horretan bertan hasi zen indartzen egunen batean Super Bowleko partida bat bertan jokatuko den zurrumurrua.

Jendetza kontzertuetan

Gertuenekoari helduta, berriz, Carl Froch eta George Groves boxeolari ingelesen arteko borrokak 80.000 zale elkartu zituen Wembleyn, iazko maiatzaren 31n. Zortzigarren round-ean KOz hartu zuen mendean Frochek Groves. Hori bai, gehienetan gertatzen den moduan, musika kontzertuek pilatu izan dute jende gehien Wembleyn. 1972an ireki zion atea Wembleyk musikari, eta ordutik bertan gozatutakoak dira, besteak beste, Bo Diddley, Jerry Lee Lewis, Little Richard, Freddie Mercury, Michael Jackson, Muse taldea, The Rolling Stones, Foo Fighters eta U2.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.