Italiako Giroa

Lehia bizia buruz buru

Italiako Giroa jokatuko dute bihartik hilaren 14ra. Anna van der Breggen eta Annemiek van Vleuten dira faboritoak. Gavia igoko dute 5. etapan (ikusi ibilbidea).

Lehia bizia buruz buru.
enaut agirrebengoa
2019ko uztailaren 4a
00:00
Entzun

Bapo egingo du txirrindularitza zaleak asteburu honetatik aurrera. Izan ere, Italiako Giroa hasiko da bihar, eta egun bat geroago Frantziako Tourra. Biak dira urteko lasterketetarik garrantzitsuenak; Giroaren kasuan, emakumezkoen egutegiko itzuli handi bakarra delako. Lasterketaren 30. aldia izango da aurtengoa, eta hamar etapaz egongo da osatuta, azken bi urteetan bezala. Txirrindulariek 922 kilometro egin beharko dituzte guztira, Cassano Spinolatik Udinera. Horietatik 30 kilometro izango dira erlojuaren kontra: hemezortzi lehen eguneko taldekako saioan, eta gainontzeko hamabiak, seigarren etapan, bakarka. Bosgarren etapak piztu du ikusmin handiena, Gavia mendate mitikoan bukatuko baita.

Munduko ziklistarik onenak ariko dira nor baino nor gehiago, maglia arrosa preziatua soineratzeko lehian. Zabala da hautagai sorta, baina badira ororen gainetik aipatu beharreko bi ziklista: Anna van der Breggen (Boels) eta Annemiek van Vleuten (Mitchelton) herbeheretarrak. Lehena munduko txapelduna da, eta bi aldiz irabazi du Giroa, 2015ean eta 2017an. Gainera, bi bider egin du hirugarren, 2014an eta 2016an. Bestea, berriz, iaz gailendu zen aurrenekoz, erakustaldia eginda: hiru etapa irabazi, eta lau minutu baino gehiagoren aldea atera zion bigarren sailkatuari. 2017an ere podiuma zapaldu zuen; hirugarren koskara igo zen orduan.

Hori bai, bi herbeheretarrak sentipen nahiko kontrajarriekin iritsiko dira Giro honetara. Van der Breggenek ohiko mailatik behera jardun du klasikoetan. Fleche Wallonne irabazi du bakarrik, eta gainontzekoetan lehen hamar postuetatik kanpo gelditu da. Itzuliei dagokienez, Kaliforniako Itzulian nagusitu da. Van Vleutenek oso bestelako distira izan du egun bakarreko probetan: Lieja-Bastogne-Lieja eta Strade Bianche irabazi ditu, eta bigarren izan da Flandriako Tourrean, Amstel Gold Racen eta Fleche Wallonnen. Itzulietan ez du pedal kolpe sendorik topatu, baina konfiantzaz gainezka helduko da, Herbehereetako erlojupeko txapelketa hanka batekin irabazi ostean.

Haien arteko buruz buruko borroka espero da, baina bada duopolioa apur dezakeenik. Horien artean daude Amanda Spratt (Mitchelton), Elisa Longo Borghini (Trek) eta Ashleigh Moolman (CCC). Hirurek badakite zer den lasterketa italiarreko podiumera igotzea. Cecilie Uttrup Ludwig (Cervelo) eta Katarzina Niewiadoma ere (Canyon) gertutik jarraitu beharrekoak dira. Eta Marianne Vos ere (CCC) ezin daiteke aipatu gabe utzi, Giroan hiru sailkapen nagusi eta 21 etapa irabazi baititu. Edonola, jada ez du garai bateko mailarik.

Ibilbide aldapatsua

Hankak ongi zukutu beharko ditu Giroa irabazi nahi duenak. Izan ere, etapa gehienek dute ibilbide hautsia, bi erlojupekoak barne. Lehen egunean zabalduko dira aurreneko tarteak, taldekako erlojupekoan, eta hurrena, hiru etapa gorabeheratsu jokatuko dira, astearteko etapa handiaren aurretik. Bakoitza bere lekuan jarriko du Gavia gainak. Ondoren, bakarkako erlojupekoa eta ibilbide bihurriko beste bi etapa izango dituzte. Eta larunbatean erabakiko da lasterketa behin betiko, Lehen Mailako Montasion. Azken eguna tramite hutsa izango da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.