Donostiako Nazioarteko 65. Zinemaldia. Sail Ofiziala. KRITIKA

Bidegabeko algarak

Angel Aldarondo.
2017ko irailaren 26a
00:00
Entzun

'Ni juge, ni soumise'



Zuzendariak: Jean Libon , Yves Hinant. Herrialdea: Frantzia-Belgika. Iraupena: 99 minutu.

Umorearen mugak epaitzen, horrela jarraituko dugu ikusleok bi zuzendari belgikarren dokumentalean. Diotenez, justizia itsua delako, eta zuzenbidearen inpartzialtasunari buruzko metafora zuzena delako. Ni juge, ni soumise-ren kasuan, ordea, zuzenbidea gizakion eta gizatxarren gauza dela aitortu egingo du Françoise Tourmet epaile superkarismatikoak.

Bruselako epaitegi batean bizi den errealitate latz eta zurbilen joan-etorria da. Horregatik da eskertzekoa eta ezinbestekoa Françoisen ikuspuntua filmean, berak krudeltasun horren guztiaren naturalizazioa egiten baitu. Umorearen mugak ezabatuko ditu, eta poliziaren Ez pasa zinta altxatuko du berarekin batera zurbiltasun hori guztia ezagut dezagun. Laztasun guztien aurrean erakusten duen axolagabetasunak eta arintasunak aho zabalik utziko gaitu, erailketa, bortxaketa, eta bestelakoen aurrean pasteltxoak jaten dituen epailea izango delako.

Ezin hobea da epaile honen hautaketa casting-erako, bera gabe dokumental —faltsu?— honek ez lukeelako lortuko bilatzen duen helburu gaizto hori. Tourmeten erantzunak oso zorrotzak direlako, hain perfektuak eta komikoak, non fikziozko dokumentala dirudien. Egiazkoa bada, manipulazioaren susmopean hartuko dugu, baita erakusten dituen gaizkileen profilengatik ere, agian etorkin gehiegi ez ote diren.

Zer eta nola epaituko dugu filmean? Otzan hasiko gara, lasai, barrez hasten garenerako geure buruari galdezka hasiko gara, nolatan hau guztia? Barregarria beharko ez lukeen zerbaitetaz algaraka? Baina ez dezagun epaitu, hori Françoisen lana delako. Akaso, epaitu dezagun zuzendarien intentzio morbosoa, edo gure algara konplize eta desegokiak egiazko dramen aurrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.