Badauka azalpenik

Eibarrek aurrelari batekin jokatu ditu partida gehienak, eta hautu horren atzean hainbat eragile daude; besteak beste, Enrichen eta Charlesen lesioak, eta jokalarien ezaugarriak. Ikusteko dago gaur zenbat ariko diren Valladoliden.

Aitor Manterola Garate.
2019ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Ezagun egiten dute talde bat hainbat kontuk: jokatzeko moduak, jokalari batzuen maila bikainak edota entrenatzailearen eraginak. Eibarren kasuan, duela lau urte pasatxotik, Jose Luis Mendilibar taldean denetik, badu bereizgarri bat hamaikakoa zelaian jartzeko moduan: ia beti bi aurrelarirekin jokatu izan du. Atezaina, lau atzelari, lau erdilari —tartean bi euskarriak— eta bi aurrelari. Denboraldi honetan, ordea, gehiagotan egin du entrenatzaileak aurrelari batekin jokatzearen alde, atzetik hiru erdilari dituela.

Harridura eragin du horrek neurri handi batean. Izan ere, bi aurrelarirekin jokatzea erabat mesedegarri izan zaio taldeari aurreko denboraldietan, eta egon behar du aldaketa horren atzean eragile batek. Badago, bai. Ez da izan Mendilibarren burutazioa bi aurrelariena aldagelan uztea. Hasiera batean, ez zuen beste aukerarik eduki. Halabeharrez tokatu zitzaion jokalarien zelaiko hasierako marrazkia aldatzea. Ez da gezurra jokalarien ezaugarriak baldintzatzen dutela entrenatzaileen lana, eta ezin beti horiek nahi bezala taxutu taldea. Horixe gertatu zitzaion Mendilibarri. Izan ere, Sergi Enrichek min hartu zuen, eta beste hiru aurrelariak geratu zitzaizkion aukeratzeko: Kike Garcia, Charles Dias eta Quique Gonzalez. Hiru horietan, Charles bakarrik da Enrichen antzekoa jokoan, eta beste biekin ere ondo uztartzen dena, Enrich bezala. Gaitasuna du aurkariaren erdiko atzelariak beren lekuan geldirik edukitzeko, eta lerro artean abila da baloiaren bila etortzeko. Baina brasildarra ere minez egon da, eta bi aurrelarirekin jokatzeko aukerak itzali egin zitzaizkion Mendilibarri.

Charles osatu zenean, gainera, ez zen ondo aritu. Ez zegoen sasoi betean, eta ezin asko erabili. Bi aukera bakarrik geratu zitzaizkion Mendilibarri, eta ez dira bateragarriak elkarrekin jokatzeko Kike Garcia eta Quique. Hortaz, Enrichen etaCharlesen lesioek galarazi egin diote hain gustukoa duen hautuaren alde egitea.

Ez da izan, baina, eragile bakarra aurrelari batekin jokatzera eraman duena entrenatzailea. Beste hau ere oso kontuan hartzeko egoera da. Ondo jokatzenaritu dira Edu Exposito, Gonzalo Escalante eta Sergio Alvarez, euskarriaren aurreko leku horietan, eta horrek aurrelari bakarrarekin jarraitzeko bultzada eman dio Mendilibarri. Hirurak ondo mugitzen dira: ez dira leku batean geldi egoten. Leku batetik abiatuta jokatzen dute, eta mugikortasun horrek aukera ematen die, besteak beste, aurkariaren areara iristeko. Horregatik, taldea zelaian irudikatzen duen marrazkiak aurrelari bat azaldu izan badu ere, jokoaren bilakaerak eta aurrelari horren atzeko jokalarien ezaugarriek bi aurrelariren pareko jarduna osatu izan dute.

Beste aldagai batek ere bultzatu du entrenatzailea aurrelari bakarrarekin jokatzera: Kike Garcia eta Quique bakarrik edukitzea jokatzeko moduan. Biak elkarrekin jokatzeko balekoak ez izateaz gain, beste kezka batek ere bideratu zuen Zaldibarko entrenatzailea aurrelari batekin bakarrik jokatzera: biak batera jarriz gero, aulkian aurrelaririk ez edukitzea, gero biak batera jokatzeko beharra eskatu arren partidak. Horregatik ere, bietako bat aulkian utzi behar izan du.

Mendilibarrek, ordea, Bartzelonaren aurkako azkeneko partidan, berriz ere bi aurrelari atera zituen hamaikakoan: Charles eta Enrich. Ematen du kataluniarra ondo dagoen bakoitzean beste aurrelari bat jarriko diola alboan, Enrichen bereizgarriek bat egiten dutelako beste hiruren ezaugarriekin. Hala ere, aurreko denboraldietan jokatu izan du Enrichek berak ere bakarrik aurrealdean, askotan izan ez bada ere. Hori gertatu zen hegalekoak sakontasun handiko jokalariak zirenean; adibidez, Ivan Alejo eta Takashi Inui. Izan ere, aurrelariak ez dio sakontasunik ematen jokoari, eta erasorako ezinbesteko bereizgarria izanik, alboetan bi jokalari bertikal behar ditu Enrichek. Pentsaezina litzateke, adibidez, Fabian Orellana eta Pedro Leon hegaletan direla, kataluniarra aurrealdean bakarrik ikustea. Taldeak ez luke inolako sakontasunik izango.

Golik ezarekin, lasai

Aurrelari bakarrarekin ala birekin jokatu, ordea, ez da eztabaidagai nagusia orain taldearen inguruan. Azkeneko bi partidetan Eibarrek puntu bakarra atera du, eta begiradak aurrelariengana joanda daude orain. Izan ere, ez dira golak sartzen ari. Datua hor dago, eta bere horretan soilik aztertuta, eman dezake zeresana: soilik Charlesek sartu du gola lauren artean, eta bakarra, gainera.

Datu hotzak, ordea, badu bestelako hausnarketa inguruan. Kike bakarrik ez da egon min hartuta, eta jokalariek denbora behar dute sasoi onenera iristeko. Quiqueren kasuan, beste zama txiki bat ere badu: Mendilibarren estiloa berria da harentzat. Dena den, gero eta hobeto ari da barneratzen kontu berri guztiak.

Entrenamenduetan, lehia jatorra dute lau aurrelariek postuaren edo postuen bila. Denei eman die hasieratik jokatzeko aukera Mendilibarrek, eta badakite sasoi onean dagoenak jokatuko egingo duela [Charlez ez du deialdian sartu gaurko]. Lehia jator hori ona izango da haientzat eta talde osoarentzat. Ea gaur Valladoliden zeinen aldeko hautua egiten duen.

VALLADOLID-EIBAR

Valladolid. Masip; Moyano, Olivas, Salisu, Nacho; Plano, Joaquin, Michel, Toni Villa; Enes Unal eta Guardiola.

Eibar. Dmitrovic; Tejero, Oliveira, Arbilla, Jose Angel; Pedro Leon, Diop, Escalante, Orellana; Enrich eta Quique.

Epailea. Munuera Montero.

Lekua. Jose Zorrilla (26.512 ikusle).

Ordua. 18:30ean (Movistar La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.