Txirrindularitza. Italiako Giroa

Elkarlanean, hobeto

Mark Cavendishek bigarren etapa garaipena lortu du esprintean, taldekideen lan ona baliatuta

Elkarlanean, hobeto.
Imanol Magro Eizmendi.
2013ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Helmuga gurutzatu eta berehala, haren bila hasi zen. Etapa bukaerako zoramenean bazekien nor besarkatu nahi zuen. Mark Cavendishek (Omega) aurtengo Italiako Giroko bigarren etapa garaipena lortu zuen atzo, eta bazekien zati handi bat Greg Steegmansi (Omega) zor ziola. Taldekide, bideratzaile, bizkartzain eta lagunari eskerrak eman ondoren, gauza bera egin zuen beste taldekideekin. Banan-banan. Behin arnasa berreskuratu eta kazetarien aurrean agertu zenean, pozez zoratzear zegoen: «Garaipen izugarria izan da». Taldeak lana hain ondo egiteak hunkitu zuen; hain zuzen, aurten Omega Pharmari egotzi zaionaren aurkakoa. Keinu politena, halere, podiumean izan zuen, Cavendishek Wouter Weylandt zenaren 108 dortsala erakutsi zuelako. Atzo bete ziren bi urte Giroa korritzenizandako istripu batean hil zela.

Esprint urduria jokatu zen Margerita di Savoiako kaleetan barrena. Talde asko saiatu ziren euren erritmoa ezartzen: Orica, Cannondale... Azkenean, Argos-Shimano izan zen tropela azkeneko kilometroan sartu zuena. Halere, apurka Omegaren elastikoak agertzen hasi ziren. Sasoi hasieran taldeak kritika asko jaso ditu Cavendishentzat behar bezala lan egiten ez zuelako eta esprinterraren lehortea horregatik zela. Atzo, baina, dena behar bezala joan zen. Azken metroetan sartu aurretik, Steegmans eta Cavendish zeuden aurrean, eta elkarlanak bere fruitua eman zuen. Elia Viviani izan zen bigarren (Cannondale) eta Matthew Goss hirugarren (Orica-GreenEdge). Tentsioaren eraginez, bultzakadaren bat edo beste egon zen. Helmugan, Mattia Gavazzi (Androni) Matthew Gossi kontu eske joan zitzaion modu txarrean.

Wiggins eta Nibaliren zain

Esprintera kondenatuta zegoen atzoko etapa, baina erorikoek hautsi zuten lasaitasuna. Helmugarako 32 kilometro geratzen zirela, txirrindulari asko harrapatu zituen bat egon zen. Tropela bitan banatu zen, eta 50 bat txirrindularik egin zuten aurrera. Atzean, besteak beste, Bradley Wiggins (Sky) eta Vincenzo Nibali (Astana) gelditu ziren, itzulia irabazteko bi faboritoak.

Wiggins eta Nibali minutu bat galtzera iritsi ziren. Tropeleko aurreko aldeak, baina, ez zuen erritmoa bizitu, eta atzekoei itxaron zien. Ikustekoa izan zen Juanma Garate (Blanco), besteak beste, beterano rolean tropeleko aurrealdeko txirrindulariei gelditzeko eskatzen. Wigginsek eta Nibalik helmugarako hogei kilometro inguru geratzen zirela elkartu ziren tropelarekin, eta hortik aurrerakoetan Sky jarri zen aurrean. Bukaerarako hiru kilometro faltazirela, Wiggins zegoen buruan. Sailkapen nagusian ez zen aldaketarik egon. Luca Paolinik jarraitzen du lehen postuan (Katuxa) eta Beñat Intxaustik hirugarrenean (Movistar).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.