«Enpatia, errespetua eta pazientzia behar dira negoziatzeko»

Bikote homosexualek heterosexualek baino gauza gehiago negoziatu behar dituztela uste dute Pedro Machok eta Javi Gonzalezek. Horrek baditu abantailak.

ainara arratibel gascon
2015eko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Pedro Machok eta Javi Gonzalezek urteak daramatzate bikote moduan. Urte hauetan makina bat gauza negoziatzea egokitu zaie. Horietako azkena duela gutxi izan zen: oporretara nora joan erabakitzea. «Hiru aukera genituen, eta plan oso desberdinak. Gainera, gure asmoak eta nahiak ere desberdinak ziren. Baina ados jarri gara», azaldu du Machok. Biek argi dute zein izan behar duen negoziazioaren abiapuntua: «Argi izan behar da bata ez dela bestea baino gehiago, negoziazioa parekoen artean egiten dela. Horrekin batera, berba egiten hasi aurretik, kanpotik aldez aurretik ezarritako rolak, aurreiritziak eta abar gainditu behar dira». Hortik aurrera, eskarmentua da gakoa, Gonzalezen ustez: «Negoziatzen negoziazioaren bidez ikasten da. Enpatia, errespetua eta pazientzia behar dira, batzuetan dosi handietan».

Bikote homosexualek heterosexualek baino gauza gehiago negoziatu behar izaten dituztela uste du Machok, bikote heterosexualen kasuan, oraindik ere, makina bat gauza rol edo genero banaketak ezartzen dituelako. Horrek gauzak gehiago negoziatzea badakar ere, baditu bere abantailak: «Autoaren kasuan, adibidez, gogo handiena daukanak edo bidea hobeto ezagutzen duenak gidatuko du, inongo aurreiritzirik, inolako arazorik gabe. Bikotearen beraren barne dinamikaren bidez egiten dira gauzak, askoz modu berdintsu, espontaneo eta errealago batean».

Horri esker, hainbat negoziazio errazagoak gertatu zaizkie, eta zenbait kasutan berez etorri zaizkie: etxeko lanen banaketa eta diruaren kudeaketa, adibidez. Diruarekin hasieratik argi izan zuten: «Kontu komunak ditugu, eta ez gabiltza neurtzen bakoitzak zenbat sartzen edo gastatzen duen. Dena biona da. Gastu inportanteren bat aurreikusten dugun bakoitzean ere aukerak aztertzen ditugu bion artean, eta ados jartzen gara». Etxeko lanei dagokienez ere, berez egin dute banaketa: «Gutako bat garbitasunarekin apur bat obsesiboa da, eta bestea ordenarekin. Gainera, batek denbora gehiago dauka besteak baino, lanordutegia dela eta. Biok jakin badakigu besteari zer kostatzen zaion gehiago edo zer gustatzen zaion gutxiago. Hori guztia hartzen dugu kontuan», nabarmendu du Gonzalezek. Dena den, onartu dute batek besteak baino gehiago egiten duela etxeko kontuetan.

Familia eta lagunak

Oreka gehiagotan bilatu behar dute denbora librearen kudeaketan. «Bati gehiago gustatzen zaio etxean egotea, eta besteari irtetea. Oso kuadrilla plurala daukagu, gainera. Baina ikasi dugu bikotea izateak ez duela esan nahi den-dena elkarrekin egin behar dugunik. Asteburuko plan bat atsegin badu batak, eta besteak ez, zergatik amore eman?», galdetu du Machok. Familiaren kasuan, «oso harreman ona» duten arren, aparte mantentzen saiatzen dira. «Badira egun zehatz batzuk, amaren eguna edo ezkontzaren bat, adibidez, non elkarrekin joaten garen, baina ez guztietara. Gabonetan, esaterako, bakoitzak bere gurasoen etxean afaltzen du abenduaren 24an, eta biok lagunekin abenduaren 31n. Edo iloben urtebetetzeetara odoleko osaba joaten da bakarrik, salbuespenak salbu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.