Sevilla 1-0 Reala

Gozokia jarri, eta kendu

Bigarren zati hasieran Llorentek eginiko penalti inozo batengatik galdu du lehia Realak, Sevillaren zelaian. Europara sailkatzeko aukera gabe dira txuri-urdinak

Odriozola Realekoa eta Banega Sevillakoa baloiaren lehian, atzo, Sanchez Pizjuanen jokaturiko partida. JULIO MUÑOZ / EFE.
jon eskudero
2018ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Banegak (47. min.).Epailea. Jaime Latre. Txartel horiak: Sevillako Layuni, Sarabiari, Mercadori eta Banegari; eta Realeko Diego Llorenteri, Willian Joseri eta David Zurutuzari. Bestelakoak. 34.733 ikusle batu ziren Sanchez Pizjuan futbol estadioan.

Gozokia jarri bezala kendu dio ahotik Realak zalegoari. Aspaldiko bolada onak bultzatuta, Europako ateak inoiz baino zabalago zituzten txuri-urdinek, eta helburu horri begira, neurketa erabakigarria zuten atzo, Sevillaren zelaian. Bada, jarraitzaileen ikusmin artean, kale egin zuten nabarmen. Ez aurkaria baino gutxiago izan zirelako, ezta hala merezi izan zutelako ere, baina akats soil bat aski izan zuten esku hutsik geratzeko. Besteak beste, bigarren zatiko lehen jokaldian penalti inozoa egin zuen Llorentek, eta etxekoek ez zuten barkatu. Gerora, saiatu zen Imanol Alguacilen taldea ganorazko zerbait lortzen, baina malkar handiegiarekin egin zuen topo. Gauzak hala, Europara sailkatzeko aukera guztiak galdu ditu Realak.

Ezbairik gabe, hiru puntuen bila zelairatu zen Imanol, eta horretarako hamaikako onena atera zuen. Athleticen aurkako derbiarekin alderatuta, aldaketa bakarra egin zuen, halabeharrez. Odriozolak hartu zuen Aritzen tokia. Hori bai, partida hasieran Sevilla dezente gehiago izan zen. Azken zazpi jardunaldietan irabazi ez zuela eta, garaipen gosez zelairatu zen, erritmo biziz, eta estutu zuen ederki Reala. Gainera, Joaquin Caparros zuten aulkian. Itota jokatu zuten donostiarrek, eta Moyak eutsi zion husnakoari bere horretan. Fitxaketa eraginkorra izan dela erakutsi zuen, beste behin.

Minutuek aurrera egin ahala, behetik gora egin zuen Imanolen taldeak, eta aurkaria baino hobea izan zen. Canalesek hartu zuen aginte makila zelai erdian, eta Oiartzabal izan zen ausartena erasoan. Ezker hegaletik iritsi ziren jokaldi arriskutsuenak. Dena den, erasoan inoiz baino antzuago aritu ziren txuri-urdinak, Willian Jose bera ere ez baitzen ia azaldu ere egin. Gol aukera garbi bakar bat ez zuten sortu txuri-urdinek. Sevilla atsedenaldiaren atarian suspertu zen, baina ez zuen golik egin.

Bigarren zatiari begira, bistakoa zen gidoi bera izan zezakeela partidak. Sevilla indartsu bat espero zen hasieran, eta minutu gogor horiei eustea izan zitekeen sekretua Realarentzat. Ez zuen asmatu. Izan ere, lehen jokaldian penaltia iritsi zen, etxekoen alde. Llorentek tokia galdu zuen Sandoren aurrean, eta zango trabatu egin zuen azkenean. Banegak ez zuen barkatu penalti puntutik.

Orain, Prietoren agurra

Gol hori jasota, berdinketaren bila jo zuen Realak minutu luzez, baina erasoan ezer gutxi egin zuen. Canalesek eta Bautistaren pare bat agerraldi izan ziren gauzarik esanguratsuenak. Ez zuten asmatu, ordea. Kontuak hala, bi partida besterik ez ditu falta liga amaitzeko Imanolen taldeak, eta ez du Europan sartzeko aukerarik. Dena den, Anoeta beteko da hurrengo partidan, Xabi Prietoren agurra izango baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.