Italiako Giroa

Onenen artean onena ematera

Hiru euskal ziklista ariko dira Giroan: Eider Merino, Ane Santesteban eta Enara Lopez. Lehen biek sailkapen nagusiari begiratuko diote, eta hirugarrena talde lanean ariko da.
Enara Lopez.
Enara Lopez. BERRIA

Eñaut Agirrebengoa -

2019ko uztailak 4

Iazko Giroan, tropeleko izar nagusien pare egin zuten distira Eider Merinok (Balmaseda, Bizkaia, 1994) eta Ane Santestebanek (Errenteria, Gipuzkoa, 1990). Zortzigarren geratu zen Merino (Movistar), eta haren atzetik Santesteban (WNT-Rotor). Italiako lasterketan sekula halako mailarik eman gabeak ziren. Bigarren aldia zuen Merinok, eta seigarrena Santestebanek. Bada, aurten ere onenen artean beren onena eman nahiko dute.

«Egunez egun joatea da asmoa. Ea ez dudan egun txarrik. Aurre-aurrean ibiltzea gustatuko litzaidake», adierazi du Merinok. Gora begiratu eta zortzigarren postua hobetzea gustatuko litzaioke; baina, halaber, «errealista» izan nahi du. «Lortzen ez badut, ez dut erabat penatuta gelditu nahi. Postuaz harago, garrantzitsuena ondo sentitzea eta neure burua onenen alboan ikustea da». Anbizio gehiagoz mintzo da Santesteban. «Iaz, erori, eta denbora galdu nuen erlojupekoan. Hala, berriz bederatzigarren egiten edo postu hori hobetzen saiatuko naiz».

Prestakuntza lana ondo egin duen sentipenarekin iritsiko da errenteriarra. «Hasieran bizkarreko minez izan nintzen, baina gerora nahiko ondo ikusi dut neure burua. Azken asteetan altuerako entrenamenduak egin ditut Galizian. Orain, gainontzekoak nola dauden ikusi beharko da». Merinok, ordea, aho zapore mikatzagoa dauka. Ongi ekin zion denboraldiari, Valentziako Itzulian laugarren eginda, baina «kili-kolo» ibili da geroztik. Edonola ere, altueran egindako saioek mesede egingo dioten itxaropena dauka. «Ez dut nire pedal kolperik onena aurkitu, baina kontzentrazioan ondo ibili naiz, eta Espainiako Txapelketan aurrean egon nintzen. Egindako lan guztia orain islatzea espero dut».

Oso gogorra da Giroaren ibilbidea, baina euskal ziklistek ez dute kexarik. Beren ezaugarriekin bat datorrela diote. «Oroitzen dudan Girorik gogorrena izango da. Ez dago etapa erabat laurik. Gainera, bi etapa mendi oso garaietan bukatuko dira. Niretzat oso aproposa dela uste dut», azaldu du Santestebanek. Iritzi berekoa da Merino. «Oso ibilbide menditsua da, eta horrek mesede handia egingo dit. Igoera luze eta garaiak izango ditugu, eta, hain justu, horiek datozkit hobekien. Onenen gurpilari eustea gustatuko litzaidake».

Badakite min handia egingo dutela Montasiok (22 km eta %5eko pendiza) eta Gaviak (25,6 km eta %5,5). Batak 1,5 kilometrora du helmuga, eta besteak, 2,6ra. Halako luzera eta garaierarekin, triskantza gerta daiteke. Merinoren esanetan, «indar mentala» da gakoa halako igoeretan. «Wattak jaitsi eta pultsazioak igo egiten dira. Gorputza muturrera eramaten duzu». «Ez gaude ohiturik halako igoeretara. Gogorra izango da, eta ezusteko bat baino gehiago egon daiteke», gaineratu du Santestebanek.

Gipuzkoarra WNT-Rotor taldeko burua izango da, Erica Magnaldirekin batera. Merinok, berriz, bere gain hartu beharko du lidergoaren zama guztia. «Mavi Garciak eta biok izan behar genuen ardura, baina hura ez da izango azkenean, eroriko baten ondorioz. Bakarka askoz ere handiagoa da presioa, eta egoera hori kudeatu beharko dut. Ez dut nahi hori nire ahulgunea izaterik».

Ehiztarien laguntzailea

Merino eta Santestebanekin batera, Enara Lopez (Durango, Bizkaia, 1997) da Giroan lehiatuko den beste euskal herritarra. Haien aldean, oso bestelako zeregina izango du Bizkaia-Durangoko txirrindulariak: taldekideei etapak ehizatzen laguntzea. Emaitza onak lortzen saiatuko dira Nicole D'Agostin, Cristina Martinez eta Sandra Alonso, eta haientzat lan egitea egokituko zaio Lopezi. Bigarren Giroa izango du, iaz estreinakoa egin eta gero. «Eskarmentua hartu nuen, eta aurten askoz ere hobeto moldatzea espero dut. Sasoi onean nago».

Ez dio gezurrik, berriki bigarren izan baita 23 urtez azpiko errepideko Espainiako Txapelketan. «Bertako maila ezin daiteke alderatu Girokoarekin. Edonola ere, aurrean egotea espero dut, ongi kokatuta, eta ea postu onen bat lortzen dudan». Bizkaiko taldeak etapa bihurriak ditu begiz joak. Goi mendikoetan «zaila» izango omen da onenak ezustean harrapatzea. «Gaviako etapan, adibidez, pentsatzekoa da sailkapen nagusiko emakumeak egongo direla aurrean. Oso amaiera gogorra izango da, baina, era berean, egunik aproposenetakoa izango da niretzat. Gehiago sufrituko dut etapa lauetan».

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Albiste gehiago

Baikoren pilotarien arteko bilera, joan den urriaren amaieran. ©Aritz Loiola / Foku

Akordioa lortu dute EPELek eta pilotariek

Julen Etxeberria - Paulo Ostolaza

Grebalariek onartu egin dute enpresen ligak egindako eskaintza, eta bertan behera utzi dute lanuztea. Iosu Eskirozi, Victor Estebani, Unai Lasori eta Jon Mariezkurrenari kontratuak berrituko dizkiete.

Panaman aritu zen azkenekoz Euskal Selekzioa ©

Euskal Selekzioak Costa Ricaren aurka jokatuko du azaroaren 16an, Ipuruan

Aitor Manterola

FIFAko egutegiaren barruan hirugarren partida izango da gizonezkoen selekzioarentzat: Venezuelaren aurka aritu zen 2018an, eta Panamaren kontra iaz. Horixe izan du azkeneko partida orain arte.

 ©EFE

Woodsek irabazi du Uribarri-Gaubean

Aitor Manterola

Azkeneko kilometroan utzi ditu atzean iheskideak, tartean bigarren izan den Omar Fraile. Richard Carapazek eusten dio lehen postuari. 

 ©BERRIA

«Buruz indartsua ez bazara, eskiak frustrazioa ekar dezake askotan»

Unai Ugartemendia

Ainhoa Ibarra gernikarra Euskal Herriak eman duen eskiatzailerik onena da. Oso gaztetan, Katalunia aldera abiatu zen, bere pasioarekin jarraitzeko asmoz. Lau Olinpiar Jokotan aritu da bere ibilbidean, eta gaur egun bere talde propioa dauka Aran bailaran (Herrialde Katalanak); Kataluniako selekzioan duen koordinatzaile tekniko lanpostuarekin uztartzen du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna