Eneritz Iturriagaetxebarria.
ERRELEBOKA

Erakusleiho ederra Tourrari begira

2023ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Amaitu da aurtengo Itzulia. Baina utzi digun aho zaporeak egun batzuk iraungo digu. Uztaileko Tourraren ekitaldirako erakusleiho aparta izan da. Batetik, ikuskizuna ederra izan da;eta, bestetik, zale mordoa pilatu da errepideetan, txirrindularitzaz gozatzera.

Espero bezala, Vingegaardentzat izan da garaipena. Hasi eta buka erakutsi du besteengandik koska bat gorago dagoela. Atzoko etapan ere nahi zuenean egin zuen ihes, eta garaipena oso lotuta izan zuen une oro. Pena izan zen azken etapak emozio apur bat gehiago ez edukitzea. Uztailean berriro ere gure errepideetan ikusiko dugu danimarkarra, eta polita izango da Pogacarrekin batera aritzea.

Horrekin batera, Euskal Herriko txirrindulariek eman duten maila nabarmendu nahiko nuke. Hain onak izan ez diren urte batzuen ostean, berriro ere gora doa azken denboraldietan. Gorenean izan ez arren, bi txirrindulari izan ditugu podiumean,Landa eta Izagirre. Landaz aurrekoan hitz egin genuen. Baina Izagirrek egindakoaz aritu nahiko nuke. Seigarrenez lortu du Itzuliaren podiumean egotea, eta horrek meritu handia du. Beti esan du bere lasterketa kuttuna dela, eta beste behin erakutsi du beti ailegatzen dela ondo.

Beste izen batzuk ere agertu dira: Victor de la Parte, Mikel Bizkarra... Eta, nola ez, Jon Barrenetxea eta Igor Arrieta. Mendiko elastikoa irabaztea oso garrantzitsua da Barrenetxearentzat, eta Caja Rurali ikusgarritasuna eman dio. Arrieta, berriz, lasterketako txirrindulari ausartenetakoa izan da. Etengabe ahalegindu da. Txirrindulari gazteak dira, etorkizun handikoak. Itzuliaren pareko lasterketa batean hala ibiltzeak erakusten du duten maila.

Maiatzean korrituko da emakumezkoen Itzulia, eta espero dugu orduan ere jende asko biltzea errepideetan eta aste honetan bezala, gozatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.