Marea gorriak estali du zerua

Jendetza bildu zen atzo Iruñean, Osasunaren igoera ospatzeko. Uxue Barkosek egin zien lehen harrera, eta ondotik Iruñeko Udalean jarraitu zuen bestak. Udaletxe plaza bete zuten zaleek.

Osasunako jokalariak Iruñeko udaletxean, zaleekin Lehen Mailara igo izana ospatzen. Plaza sanferminen pare bete zen. IDOIA ZABLETA / FOKU.
Ainhoa Larretxea Agirre.
Iruñea
2019ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Kolore gorria zuen Iruñeak atzo arratsaldean. Gorriz jantzita zebilen jendea, eta kolore gorriko autobusean zebiltzan Osasunako jokalariak. Ospakizun handia zuten zaleek eta jokalariek: Osasuna Espainiako Lehen Mailara igo izana. 17:30ean atera ziren jokalariak Sadar estadiotik, eta hirian zehar itzuli txiki bat egin ostean, 18:15 aldera iritsi ziren Nafarroako Jauregira. Ordurako urduritzen hasia zen bertaratutako jendea. Haurrak ziren nagusi lehen ilaretan, eta gogoz zeuden jokalariak ikusi eta sinadurak eskatzeko. Jokalarien autobusa ikusi orduko egin zuen eztanda jaiak: oihuak, argazkiak... eta negar malkoak jausi zitzaizkion zale askori.

Jokalarien zain lehen ilaran zegoen Markel Martinez. Hamar zenbakia zuen margotua aurpegian, eta Roberto Torres zenbakiaren jabea ikusi orduko hasi zen salto eta oihuka. Jokalaria harengana hurbildu eta agurtu ondotik emozio betean zen. «Nire bizitzako egunik onena da», zioen hunkituta. Horrelako emoziorik gabe, baina pozarren zen Lurdes Ruiz zalea ere. Lehen Mailara igotzea merezitako saria zela zioen: «Hemendik aurrera helburua Lehen Mailan mantentzea da, hori da gure benetako lekua». Helburu bera zuen Markel Rosek:«Lehen Mailan luzaroan mantentzea nahiko nuke».

Bertaratutako zaleak agurtu eta jauregi barrura sartu ziren jokalariak. Uxue Barkos jarduneko presidentea zuten bertan zain.Ekitaldi instituzionala egin, eta jokalariak balkoira atera orduko berriro berotu zen plaza; zaleak kantuz hasi ziren, eta kantuz erantzun zieten jokalariek. Oier Sanjurjok hitza hartu orduko txalo zaparrada eskaini zieten zaleek eta kantuz erantzun zuten. Zaleek nahi baino lehen, ordea, jauregia utzi zuten.

Iruñeko udaletxera egin zuen festak. Jokalariak iritsi orduko beteta zegoen plaza sanferminetako txupinazoa balitz bezala. Bertan Joseba Asiron alkateak egin zien harrera, eta berriro ere atera ziren balkoira zaleak agurtzera. Marea gorri bat zuten zain bertan, bestetan ohikoa den zapi gorria soilik zuten falta. Jokalariek banaka hartu zuten hitza bertan, eta eskerrak eman zizkieten zaleei. Gogoz erantzun zuten zaleek oihuka eta kantuka. Euskarak ere izan zuen presentzia udaleko balkoian. Jokalari bat baino gehiago mintzatu zen euskaraz, eta Jagoba Arrasate entrenatzaileak bertso bat kantatu zuen. Ondoren, Kale Nagusian barrena San Fermingo kaperara joan ziren eskerrak ematera. Afari batekin biribildu zuten festa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.