Beste zazpi positibo izan dira

Athleticen, Williams, Sancet, Larrazabal, Unai Nuñez, Cordoba eta Unai Lopezek eman dute positibo, eta, Osasunan, Arrasatek

Iñigo Martinez proba fisikoak egiten, atzo, Lezaman. ATHLETIC.
Iñigo Lasa Fresneda.
2020ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Gero eta gehiago dira koronabirusaren proban positibo ematen dutenak, eta futbola ez dago horretatik salbu. Azken egunetan asko ugaldu dira positibo eman duten taldeetako kideak. Euskal taldeen artean, jada hamar dira.

Herenegun, Alavesek jakinarazi zuen taldeko hiru kidek positibo eman zutela PCR proban. Atzo, berriz, euskal taldeetan ari diren beste zazpi lagunek eman zuten positibo: seik, Athleticen; eta batek, Osasunan. Alavesen kasuan, ez da izenen berri eman. Bai, ordea, Athleticen eta Osasunaren kasuan. Talde zuri-gorrian sei jokalarik eman dute positibo: Iñaki Williamsek, Oihan Sancetek, Gaizka Larrazabalek, Iñigo Cordobak, Unai Nuñezek eta Unai Lopezek. Guztiek eman zuten albistearen berri euren sare sozialetan. Osasunan, berriz, klubak berak jakinarazi zuen Jagoba Arrasatek positibo eman duela. Guztiak asintomatikoak dira, eta bakartuta daude etxean. Datorren astean beste proba batzuk egingo dizkiete. Denboraldi-aurreari ekin aurretik, Espainiako Liga Profesionalak (LFP) talde guztiak behartu ditu koronabirusa atzemateko PCR eta serologia probak egitera. Protokoloari jarraiki, lehenengo probetan negatibo eman dutenei beste bat egingo diete.

Liga irailaren 12an da hastekoa, baina oraindik erabakitzeko dago zein izango den Bigarren Mailatik igoko den hirugarren taldea, eta egutegia ere ez dute zozkatu. Horri begira, lanean hasiko dira gaur Alaves, Athletic, Eibar eta Osasuna. Protokoloari jarraikiz, ez dira oraindik denak elkarrekin ariko.

Odegaard, Real Madrilera

Realak, berriz, larunbatean ekingo dio denboraldi-aurreari, Zubietan. Eta han ez da izango Martin Odegaard, erdilari norvegiarrak ez baitu jokatuko hurrengo denboraldian Realean. Odegaard Real Madrilek utzita aritu da sasoi honetan, eta Espainiako taldeak hitza eman zion Realari hurrengo denboraldian ere Donostian jokatuko zuela, baina Zinedine Zidanek hura nahi du taldean, eta Real Madrilek berreskuratu du. «Oso eskertuta nago, urte ahaztezina bizi izan baitut. Une ederrak bizi izan ditut Realaren elastikoarekin. Harrobiko jokalari bat bezala sentiarazi nauzue. Inoiz ez dut ahaztuko zelaian eta zelaitik kanpo erakutsi didazuen maitasuna», esan zuen atzo Odegaardek, klubaren webgunean, bideo batean.

Kolpe handia da norvegiarrak taldea uztea, denboraldi bikaina egin baitu talde txuri-urdinean. Orain, ikusteko dago ea klubak norbait fitxatzen duen, edo etxean dagoenaren alde egiten duen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.