Osasuna jokatu gabe igo daiteke etzi, Mallorcak eta Albacetek galduz gero

Jokalariak gola ospatzen. J. M. / FOKU.
enaut agirrebengoa
Iruñea
2019ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Osasunak matematikoki Lehen Mailako talde bihurtzeko bigarren aukera izango du jardunaldi honetan. Aurrekoan bezala, aurkari zuzenen estropezuak beharko ditu: galdu egin beharko lukete Albacetek eta Mallorcak, edo galdu Albacetek eta berdindu Mallorcak eta Granadak. Nafarrek ez dute beren jardunaz kezkatu beharrik, Reusen aurka jokoan egongo liratekeen hiru puntuak jasoko baitituzte.

Jokatu beharrik ez dutenez, arreta osoa aurkari zuzenen neurketetan jarriko dute. Granada Teneriferen kontra ariko da gaur, etxean; Mallorcak Nasticen zelaian jokatuko du bihar; eta Albacetek Rayo Majadahondari egingo dio bisita igandean. Emaitza guztiak aldekoak balira, Osasuna azken norgehiagoka hori amaitzean igoko litzateke gorengo mailara.

Bestela, hurrengo jardunaldian Iruñeko taldearen esku legoke igotzeko aukera. Cadizen zelaian irabazita, matematikek ez lukete zirrikiturik utziko. Arrasaterenek 80 puntu edukiko lituzkete, eta hirugarren sailkatuarentzat ezinezkoa litzateke kopuru horretara iristea. Eta agian irabazi beharrik ere ez lukete izango, Albacetek eta Granadak elkarren aurka jokatuko baitute.

Berandu jota, eta oker handirik ezean, 40. jardunaldian beteko lukete helburua, Sadarren, Las Palmasen aurka. Ospakizuna biribila izango litzateke kasu horretan, baina ordurako, ziurrenik, lanak eginak izango ditu Osasunak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.