Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Ulla Erriberako Castrobrey

2017ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Galizian bost ardo sor-marka daude, baina ezagunena, sona handiena duena, Rías Baixas da, inongo zalantzarik gabe. Rias Baixas bost azpieremutan-edo zatitzen da: Condado de Tea, El Rosal, Ribera del Ulla, Sotomayor eta Valle de Salnés. Denetan ezezagunena Ribera del Ullakoa da, eta hantxe dago gaur hona ekarri nahi dizuedan Castrobrey upategia. Azpieremu guztietatik Ullako hori dago iparralderen, Coruña probintziatik oso gertu, eta itsasotik urrutien dagoena ere bada.

Adegas Castrobrey 1982. urtean sortu zuten, eta, gaur egun, hirugarren belaunaldiaren esku dago. Upategia Camanzo herrian dago, inguru magiko batean, eta paisaia bitxi batez inguratua.

Zazpi hektarea baino ez dituzte, albariño, treixadura eta godello, zurietan; eta mencia, caiño beltza, brancellao eta souson, beltzetan. Mahasti gazteenek hamar urte dituzte, eta zaharrenek, berriz, 60. Mahastiak San Salvador de Camanzo komentuaren antzinako mugen barruan daude.

Beste proiektuen antzera, hemen ere mahatsa da garrantzitsuena, eta, horrenbestez, mahastiko lana da lanik aipagarriena eta zainduena, hori baita upategiaren filosofiaren oinarri eta funtsa. Mahats bilketa eskuz egiten da, eta mahats mordo bakoitza begiratzen da, aukeraketa zehatza egiteko.

Mahatsa hogei kiloko kutxetan garraiatzen da upategira, eta ez du sekula ere sei ordu baino gehiago ematen ardoztatze prozesua hasi aurretik.

Txortena kendu ondoren, zortzi orduko kriomazerazioa ematen zaio, eta, prentsatu ondoren, altzairuzko deposituetan egiten du hartzidura alkoholikoa. Hartzidura amaitu ondoren, gutxienez zortzi hilabetez edukitzen dute ardoa deposituetan bere ligekin.

Paraje horretan lan egitea ez da erraza, klimaren baldintzek exijentzia handia dutelako, baina, era berean, mahatsaren onena ateratzea ahalbidetzen dute.

Mahatsondoak bideratzeko, mahats parren sistema erabiltzen da; haien esanetan, «etruskoen mahastizaintza».

Zoruek granitoa, kuartzoa, burdina eta buztina dituzte oinarri. Mahastiak 100 metroko altueran daude, baina haran menditsu batean. Mahasti guztiak hego-ekialdera daude orientatuta, eta batez besteko %20ko pendizarekin. Atlantikotik datorren haizeak ere badu bere eragina mahasti horietan, noski.

Hainbat ardo egiten badituzte ere, Sin Palabras Castro Valdés da, nire uste apalean, upategiko ardorik bikainena, berrogeita hamar urteko mahatsondoek ematen duten albariño mahatsez egina.

Sudurrean, lore zurien ukitua nabarmenduko nuke, fruta freskoa oinarri badu ere. Ausartuko naiz mineral ukitua ere erakusten duela esatera. Ahoan, berriz, zaporetsu agertzen da, fruta bikainarekin; azidotasun bitxi eta orekatuak dotorezia aparta ematen dio.

Desberdina, konplexua eta dotorea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.