Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Tren beharginarenak

2017ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Francisco Perez Adria valentziarra zen (Herrialde Katalanak). Tren behargina zen, eta Bierzora (Leon, Espainia) lan egitera iritsi zen. Bierzoko Obdulia Carames Sanchezekin maitemindu, eta hango lurrekin eta paisaiarekin zoraturik, hantxe geratu zen betiko. 1940an, Bodega de Francisco Perez Adria upategia sortu zuen. El Registrador familia etxean, hain zuzen ere. Huraxe izan zen haren lehen upategia Villafranca del Bierzon eta huraxe izan zen gero etorriko zirenen iturburua.

Francisco hil zenean, lehenengo haren alargunak eta gero haren alaba Rociok eman zioten jarraipena Perez Adriak hasitako lanari.

1975ean, izena aldatu eta Bodega Hija de Francisco Perez Adria jarri zioten. Eta, 1988an, izen berarekin, sozietate anonimo bilakatu zen.

Rocio Perez Caramesen bultzadarekin, sozietate berria sortu zuten 2002an, upategiari gaur egun duen izena jarrita: Bodegas Adria S.L., alegia, Bierzo sor-markarekin.

Gaur, Rocioren txanda hartuta, Margarita Lopez-Teijon Perez dago upategi buru, aitonak duela ia ehun urte hasitako lanari eta hark markatutako bideari jarraitzen.

Berrogeita hamar hektareako mahastiak dituzte: erdiak zuriak, godello mahatsez osatuak; eta beste erdiak mencia mahats beltzez osatuak. Bitxia bada ere, zuriak jabetzan dituzte, eta, beltzak, jabetzan ez, baina kontrolpean.

Beltzen kasuan, mikropartzelak alokatzen dituzte, 450 eta 750 metroko altueran daudenak, Villafranca del Bierzon, Valtuille de Arriban eta Pieros herrietan. Lurren arabera, 2-3 kiloko ekoizpenak dituzte mahatsondoko menciaren kasuetan. Neguan inausketa selektiboa egiten dute landareari zama arintzeko, eta, udan, beste inausketa batzuk egiten dituzte, mahatsondoak behar bezala heldu daitezen, nahi diren aleak baino ez utziz. Izan ere, gakoa fritua eta hostoen masaren arteko orekan datza. Mahastiak upategitik oso gertu daude. Oxidazioa saihesteko oso aproposa da kokapena.

Bierzoko ardo asko dastatu ditut, beltzak zein zuriak, eta zuri bikainak dastatu ditudan arren, beltzak nabarmentzen zaizkit oroitzapenean. Gaurkoan, baina, upategiko zuri bat ekarri nahi dut hona: Etapa 24.

Ardoaren izenak erromesei egiten die aipamen, Donejakue bidea egiten dutenei, alegia. Izan ere, Frantziako bidea deiturikoari jarraitzen diotenek upategiaren ataritik igaro behar baitute 24. etapan. Bere ligekin ontzen da ardoa sei hilabetez, eta horrek konplexuago bilakatzen du, eta gorputzari ere eragiten dio. Sudurrean fruta gozoak nabarmentzen dira, baina ahoan ematen du onena ardo honek: dotore eta oso espresiboa da, eta mineraltasunak eta eukalipto ukituek freskotasuna gehitzen diote. Ardo bikaina da, eta dotorea, freskotasuna eta konplexutasuna galdu gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.