Altxorrez betetzen hasi da

Gipuzkoako Foru Aldundiaren beste 10.500 pieza jasoko ditu ondorengo bi hilabeetan Gordailuak, Gipuzkoako ondare arkeologiko, artistiko eta etnografikoa biltzeko, zaharberritzeko eta ezagutarazteko zentroak.

Antton Arrieta Gordailua zentroko arduraduna, aurreneko solairuko apaletako batean gordeta dauzkaten margolan batzuk erakusten. ARGAZKIAK: GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Igor Susaeta.
Irun
2013ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Bi aste barru hankaz gora jarriko dute Gordailua, Gipuzkoako Foru Aldundiak herrialdeko ondare arkeologiko, artistiko eta etnografikoa berreskuratzeko, biltzeko, zaharberritzeko eta ezagutarazteko ia orain bi urte Irunen eraikitako eta irekitako zentroa. Izan ere, Villabonan eta Donostian dituen biltegiak hustuko ditu aldundiak, Gordailura haren ondarearen beste 10.500 pieza eramateko. Gabriela Vives diputazioaren Ondare Historiko-Artistikoaren, Artxiboen eta Museoen zerbitzuburuaren esanetan, pare bat hilabete beharko dituzte prozesua burutzeko. Gaur egun, 17.000 pieza daude Irunen, eta lehen fasean 55.000 bildu nahi dituzte — edukieraren %65 gutxi gorabehera, 100.000rentzako tokia dauka-eta lekuak —. Hasi dira, hortaz, Gordailuko apalak altxorrez betetzen.

Gipuzkoako museoen sareari baliabideak eskaini nahi dizkio zentroak, baina, oraingoz, aldundiaren bilduma propioak, Donostiako San Telmo museoarenak, Kutxaren funtsaren zati batenak eta herrialdeko ondare arkeologikoa eta paleontologikoa apailatuko dituzte Irunen. Ireki zutenetik gaur arte eraman dituzte hara San Telmoko pieza batzuk, baina, oraingoz, ez dago zehaztuta noiz egingo duten lekualdatzea. Kutxaren funtsik ez dute eraman, oraingoz, Gordailura. Halere, altxorrak pilatzeko gunea baino askoz ere gehiago da. «Gordetzeko, zaintzeko eta daukaguna ezagutarazteko tokia da; Gipuzkoako museoentzako baliabide gune bat», adierazi du Vivesek.

Hiru solairu dauzka eraikinak, eta lehenengoak baditu, esaterako, areto balioaniztun bat, beste pare bat gela, eta liburutegi bat, ikastaroetarako, erakusketetarako, tailerretarako eta hitzaldietarako baliatzeko, besteak beste. Ikerketa eta hedapen programak egingo dira Gordailuan, eta aholkularitza teknikoa eskainiko da. Aurreneko solairu horretan bertan dago, gainera, biltegi handi bat, eta horretan pilatutako pieza dezente ikus daitezke beirate baten atzean. Jose Luis Zumetaren hiru margolan daude, baita Antonio Ortiz Echaguek 1908 inguruan Sardinian margotutako pintura bat ere. Zeramika piezak, burdinazkoak, eskultura klasikoak zein modernoak eta margolanak ikusgai daude, nahiz eta tartean beirate bat dagoen. Lehen solairu horretan pieza arraroenak, onenak, «Euskal Herrian berezienak direnak» jarriko dituztela jakinarazi du Iñaki Sagarzazu zentroko arkeologoak.

Antton Arrieta Gordailuko arduradunak esan du bisita gidatuak antolatu nahi dituztela, ondarea nola biltzen, zaintzen eta zaharberritzen den erakustea interesgarria dela iruditzen zaielako. Halere, «era kontrolatuan» egin beharko lituzkete. «Bisitariek janzkera egokia eraman beharko lukete horretarako». Izan ere, ondarea behar bezala kontserbatzeko, bere tenperatura eta hezetasun maila dauka eraikineko gune bakoitzak. «Helburuak eta lan ildoak prest dauzkagu. Zabalkundea nola egin pentsatzen ari gara, zerbitzua antolatzen», argitu du Vivesek.

Uholdeetatik babesteko

Pieza gehienak goiko solairuetan, lehenengoan eta bigarrengoan, gordeko dituzte, balizko uholdeetatik eta «arratoietatik-eta», babesteko. Behekoa, berriz, pieza astun eta handientzako lekua izango da. Ate handi bat dauka, eta handik sartzen dira kamioiak materialarekin. Putzu edo igerileku moduko bat ere badute sotoan.«Material organikoa edo uretatik datorrena behar bezala mantentzeko erabiltzen dugu», argitu du Sagarzazuk. Gaur egun, aingura bat, ontzi baten egurrezko piezak eta balea baten hezurrak dituzte uretan.

Putzutik gertu dago berrogeialdiko gela. Gaizki dagoen materiala edo tratatu gabekoa eramaten dute hara. «Badaezpada ere, pipiak-eta saihestearren», adierazi du Arrietak. Biltegietan dauden pieza guztiak daude desinfektatuta eta tratatuta. Ezin dira zuzenean sartu kaletik barrura. Sokagintzako tailer bateko piezak ari dira tratatzen orain.

Gauza bat da desinfektatzea eta tratatzea, eta beste bat, ordea, zaharberritzea. Hain zuzen, pieza arkeologikoak zaharberritzen lan egiten du Gordailuan Giorgio Studer suitzarrak. Laborategi itxura dauka Studerren gelak. Xabier Martiarena, berriz, artelanak zaharberritzeaz arduratzen da —lehen Artelekun egiten zen hori—. Dionisio Azkueren margolan bat txukuntzen ari da. Horren azalpena eman du Arrietak: «Hilabete batzuk barru dozena erdi bat margolariren erakusketa bat egin behar da, eta horiek prestatzen ari da».

Izan ere, beste museoentzako baliabide gunea izatea ere bada Gordailuaren asmoetako bat. Hartara, Arrietak azaldu du urtarrilean buru-belarri ibili zirela Zestoako Lili jauregia janzten, «martxoan edo apirilean» hango museoa irekiko dutelako Gordailura eramandako zein San Telmoko piezekin.

Sotora eraman dituzte «Irun inguruko» beiragile bati erositako tailerreko pieza guztiak —4.000 bat, marrazkiak, beira-leihoak eta zirriborroak kontuan hartuta, besteak beste—, eta Porcelanas Bidasoa zenaren tailerreko piezek gela oso bat betetzen dute. Hor daude, piezez gain, orain urte gutxi arte tailerrean erabiltzen zituzten irabiagailua, labea edo errota. Horiek baino zaharragoak dira, ordea, pieza handientzako biltegian sartu dituzten Ferguson etxeko bi traktoreak. Gipuzkoako zaharrenak dira, Aiako baserri batean aurkitutakoak, eta 1928an egin zituzten Detroiten (AEB). Satostegi zilar-lantegiko mahai bat dauka ondoan, eta laster lekua egin beharko diote Kontxako Estropadetan erabilitako buia bati. Villabonatik ekarriko dute.

Karga-altxagailu erraldoi batean egin daiteke bigarren solairurako bidea —64 pertsonarentzako tokia dauka—, baina astiro egiten du gorantz, eraikinean dardaraldiak ez sortzeko eta materiala ez hondatzeko. Bigarren solairua «pieza sentikorrenen» biltokia da. Planoak, oihalak, jantziak...Tenperatura eta hezetasuna aztertzen hasi da Arrieta. «Ohe bat ekarriko nuke hona!», esan du pozik, lekua maite duelako. Pieza arkeologikoak ere hor biltzen dituzte zaharberritu ondoren, baina Eusko Jaurlaritzarena da aurkikuntzen eskumena. Hortaz, gero Donostiako Intxaurrondo auzoko gordetegi batera eraman beharra dauzkate. Vivesek argitu du Jaurlaritzarekin negoziatzen ari direla, pieza horiek Gordailuan jarrai dezaten. «Haientzako toki aproposena da».

Eraikin «eredugarria»

Leku egokiena da Vivesentzako, eta eraikina «eredugarria» da, gainera. Esaterako, energia aurrezteko neurrietan berritzailea da. Batetik, eguzki plaka fotoboltaikoen baratzea jarri dutelako teilatuan energia garbia lortzeko. Horrez gain, klimatizazio geotermikoko sistema bat dauka, lur azpiko energia aprobetxatzeko. Modu horretan, eraikinak behar duen energiaren %80 era garbian lortzen dute, energia fakturan aurreztuz.

Europan badaude Gordailuak dituen ezaugarri teknikoko beste eraikin batzuk. Baina berritzailea da beste arlo batean, Vivesen esanetan: «Izan ere, hainbat erakundetako bildumak jasotzen ditu toki bakar batean, era bateratu batean kudeatu ahal izateko. Denon artean bilduma bakarra egingo dugu, bakoitzak bere jabetza edukiko duen arren. Gure helburua da giza baliabideak eta ekonomikoak hobeto aprobetxatzea».

Oraingoz, ez dute bilduma pribaturik jasoko. Aztertu beharra dagoela uste dute Arrietak eta Vivesek. «Hemen uzten baldin badute aldi baterako, gero erakutsi egin behar delako. Baina bildumak ez ditugu gordeko gordetzeagatik». Oraingoz, altxorrez betetzen hasi da Gordailua, eta datozen bi hilabeteetan aldundiaren beste 10.500 pieza jasoko ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.