Asperen betekada

Lehen aldiz, enpresa bereko lau pilotari ariko dira banakakoaren finalerdietan. Elezkano-Jaka lehia, larunbatean; Altuna-Dario, igandean

Julen Etxeberria.
2020ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Danel Elezkano Erik Jakaren aurka, larunbatean, Bilbon; eta Jokin Altuna Dario Gomezen kontra, igandean, Eibarren (Gipuzkoa). Horra Banakako Txapelketako finalerdiak. Lehen aldiz, enpresa berekoak dira buruz burukoaren finalaurrekoetan ariko diren lau pilotariak; kasu honetan, Aspekoak. Lau eta erdikoan eta binakakoan gertatua zen, azken aldiz duela hamar urte, eta orduko horretan ere Aspekoak izan ziren nagusi. Baina inoiz ez zen halakorik gertatu manomanistan.

Enpresa bakoitzeko sei pilotarik ekin zioten banakakoari: Aspetik, Dario, Jaka eta Altuna III.a aritu ziren final-zortzirenetan; eta Baikotik, Iraitz Zubizarreta, Oinatz Bengoetxea, Asier Agirre, Jon Ander Peña eta Joanes Bakaikoa. Aspeko hirurak sailkatu ziren: Dariok Zubizarreta III.a kanporatu zuen; Jakak, Bakaikoa; eta Altuna III.ak, Peña II.a. Baikok, ordea, bostetik ordezkari bakarra sartu zuen final-laurdenetan, Agirre, baina ziurra zuen gutxienez bat izatea, hura eta Bengoetxea VI.a elkarren aurka aritu zirelako. Hasi orduko, handia zen enpresa baten eta bestearen arteko aldea: Aspek sei pilotari izango zituen final-laurdenetan: Iker Irribarria, Elezkano II.a, Joseba Ezkurdia, Dario, Jaka eta Altuna III.a; eta Baikok, bi baino ez: Mikel Urrutikoetxea eta Agirre.

Eta final-laurdenak Asperen onbidea eta Baikoren galbidea izan dira: Jakak Urrutikoetxea kanporatu du (22-13) eta Elezkano II.ak Agirre (22-9). Dario eta Altuna III.a ariko dira bi pilotariekin finalerdietan, hurrenez hurren, Irribarria (22-13) eta Ezkurdia enpresakideak kanporatuta (22-18).

Aspekoen nagusitasunak azken bi urteetako joerari segida emango dio: enpresa horretako hiru pilotari aritu ziren finalerdietan, eta beste enpresako bakarra. Aurreko bi urteetan, 2017an eta 2016an, berriz, berdindu egin zuten. 2015era egin behar da atzera Baiko azken aldiz aurretik ikusteko, hiru eta bat.

Asperen nagusitasuna agerikoa da Promozio Mailan ere, finalerdietan ariko diren lau pilotarietatik hiru baitira enpresa horretakoak: Iker Salaberria, Aitor Elordi eta Julen Egiguren. Axier Arteaga da Baikoko ordezkari bakarra. Arteaga II.ak eta Salaberriak jokatuko dute lehen finalerdia, ostiralean, Bergaran (Gipuzkoa); eta Elordik eta Egiguren V.ak, bigarrena, igandean, Eibarren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.