Banaketa berari eutsita

Irribarria eta Dario ostiralean ariko dira; Jaka eta Urrutikoetxea, larunbatean; eta Agirre, Elezkano II.a, Altuna III.a eta Ezkurdia, igandean

Julen Etxeberria.
2020ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Banakako Txapelketako aurreneko galbaheak egin du bere lana: lau pilotari sailkatu dira final-laurdenetarako, eta beste lau geratu dira lehiatik kanpo. Dario Gomezek, Asier Agirrek, Erik Jakak eta Jokin Altunak egin dute aurrera, hurrenez hurren, Iraitz Zubizarreta, Oinatz Bengoetxea, Joanes Bakaikoa eta Jon Ander Peña kanporatuta. Ezusteko bakarra egon da: Agirrek Bengoetxea VI.a bidean uztea. Beste hiru kanporaketetan, ordea, ustez faborito zirenek irabazi dute.

Lehiak ez du etenik, eta datorren asteburuan jokatuko dituzte final-laurdenak. Final-zortzirenetako banaketa berari eutsiko diote, eta hiru egunetan jokatuko dituzte neurketak: bat ostiralean, beste bat larunbatean, eta azkeneko biak igandean. Ostiralean, Iker Irribarria eta Dario ariko dira Irunen (Gipuzkoa). Aurreko astearekin alderatuta, arratsaldez jokatu beharrean gauez jokatuko dute: 22:00etan hasiko da jaialdia, eta bigarren norgehiagoka izango da. Ikuslerik ez egoteak zerikusia izan du erabakian. Larunbatean, berriz, Jaka eta Mikel Urrutikoetxea ariko dira Bilbon (17:45). Igandean, azkenik, bi neurketa izango dira Eibarren (Gipuzkoa), 17:00etan hasita: Danel Elezkano eta Agirre ariko dira aurrenekoan, eta Altuna III.a eta Ezkurdia bigarrengoan. Irabazleek bi aste barru jokatuko dituzte finalerdiak.

Emakume Master Cupa

Emakume Master Cupean, berriz, zehaztuta geratu dira Binakako Txapelketako finalerdiak. Patri Espinar-Naroa Agirrek eta Ainhoa Ruiz de Infante-Miriam Arrillagak jokatuko dute bat; eta Gentzane eta eta Olatz Arrizabalaga-Gentzane Aldaik eta Amaia Aldai- Oihana Orbegozok bestea. Abenduaren 6an izango dira finalerdiak.

Joan den larunbatean, Guardian (Araba), Espinar-Agirrek 22-18 irabazi zieten Andrea Aldaregia-Olatz Ruiz de Larramendiri; eta Arrizabalaga-Gentzane Aldaik 22-15 Iera Agirre-Arrate Bergarari. Igandean, berriz, Legution (Araba), Ruiz de Infante-Arrillagak 22-8 hartu zituzten mendean Gentzane Aldai-Leire Garai —berriz ere jokatu zuen Aldaik—; eta Amaia Aldai-Orbegozok 22-20 Miren Larrarte-Bergara —azken horrek berriro jokatu zuen—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.