Jorge Antonio Domic Ruiz. La Paz fundazioko psikologoa

«Haurrekin elkarlanean egin da legea; beste zein herritan ikusi da hori?»

Domicek haurrekin eta nerabeekin lan egiten du, eta onartu du azken urteetan aurrerapauso handiak eman direla haur langileen egoera hobetzeko. Hala ere, 2014ko legeak hutsuneak dituela dio.

PAULINE BAROU.
Joanes Etxebarria.
2016ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Jorge Antonio Domic Ruiz (Potosi, Bolivia, 1948) Garapenerako eta Parte Hartzerako La Paz Fundazioaren sortzailea da. Azken 35 urteak haur eta nerabe langileak laguntzen eman ditu.

Boliviak haurren lana legeztatu zuen 2014an. Nolakoa zen egoera ordura arte?

2014koa ez da lege berria. Aitzineko haur eta nerabeen kodeak zioen, bere artikulu iragankorren artean, nerabeen eskubide berak zituztela 14 urtez azpiko haurrek. Boliviako prozesu historikoa ezagutzen dugunok erran dezakegu orain adin nagusiagokoei onartzen zaiela lan egitea.

Irudi luke lanaren kontzeptu desberdinek talka egiten dutela lege honen eztabaidan.

Lanaren antropologia ikertzean ohartzen gara historian Mendebaldearen kontzeptua torturari lotua dela; lana hitzaren jatorri latinoak berak, tripaliare-k, torturatzeko hiru makil erran nahi du. Baina munduaren parte honetan, lanaren kultura bada. Ezin dugu imajinatu baserriko haur bat, kitxua edo aimara, lanaren bidez gizarteratzen ez denik. Haur aktiboa da, familiaren berritze prozesuan parte hartzen duena. Lana gizarteratzeko tresna oso azkarra da. Ez da Mendebaldeak defendatzen duen ikuspegia.

Bolivian haurrek lan egitea kulturari lotua dela diozu, baina pobreziaren faktorea ere bada.

Bai, badira desberdintasun sozio-kulturalak eta etno-kulturalak. Nahiz eta anitz aitzinatu den azken urteetan, Boliviak baditu egitura arrazista oso azkarrak ere. Ez da bakarrik pobreziaren gaia, ez da bakarrik kulturarena; bi faktore horien artekoa da, eta ikuspegi arrazista ere bada gibeletik. Lege honek faktore horiek gainditzea du xede, baina ez da perfektua. Adibidez, planteatzen du haur orok baimena beharko duela lan egiteko. Baimena eskatu ondoren, badituzte 72 oren mediku txosten bat, txosten psikologiko bat eta txosten sozial bat aurkezteko. Munduko zein herrialdetan lortu daitezke hiru txosten horiek 72 orduan? Ezta batean ere! Txosten sozialean zuritu behar da haurrak lan egin behar duela frogatuz pobreziaren baldintzak betetzen dituela. Horrela, bazterketaren eskema berresten dugu: soilik haur pobreek lan eginen dute, eta ez besteek. Non dago orduan haurren eskubide unibertsalak aipatzen dituen diskurtsoa? Badira ikuspegi ahulak, ez direnak aski eztabaidatuak eta aztertuak izan.

Alde onak ikusten dizkiozu?

Ikuspegi askotan aitzinamendu adierazgarriak ekarri ditu. Uste dut bizkortasun handiagoa behar litzatekeela, baina aitzinamenduak ez dira berehalakoak izanen. Badira elementuak funtsezkoak direnak. Hasteko, lege hau ez doa Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren kontra, eta ildo konstituzionalean dago. Gainera, lege honek funtsezkoa dena markatzen du: subiranotasuna. Hirugarrenik, herri honetako aparatu juridikoa ezagutzen dutenek onartu behar dute gezurra dela lege honek haurren lana legeztatu duela; hori garai neoliberaletako legeetan jadanik bazegoen, eta inork ez zuen deus erran. Gainera, garai horietan ez zegoen gutxieneko adinik. Eta azken elementua, haurren parte hartzearekin egin dela legea; beste zein herritan ikusi da hori?

OIT Lanaren Nazioarteko Erakundea legearen kontra agertu zen; Unicef erakundeak, berriz, dudak agertu zituen.

Nik uste dut Unicefek ez duela errealitate nazionala irakurtzen, ez duela aurreko legedia irakurtzen. Erakunde horrek aurreko legea proposatu zuen eredu gisa, baina horretan ez zegoen adin mugarik lanean hasteko.

Orain gobernua aldatuko balitz eta Bolivia eredu neoliberalera itzuliko balitz, nola garatuko litzateke gai hau?

Larria litzateke, zaila. Badatorren krisiarekin, eredu neoliberal batera itzuliko bagina, lehenik kaltetua litzatekeena alde soziala litzateke: hezkuntza eta osasuna. Duela 15 urte hezkuntzako aurrekontua 6.000 miloi boliviano zen [807 milioi euro]; gaur egun, 19.000 milioi da [2.555 milioi euro]. Ez da nahikoa aitzinatu, baina ikaragarri aitzinatu da. Osasun arloa ere bai. Garapen ekonomiko oso interesgarria ukan dugu, eta aberastasunen banaketa hobea egin da; horregatik gutxitu da desberdintasuna.

Eta, alderantzizkoa gertatuz gero, agintaldi hau luzatuz gero alegia, zertan ezarri behar lirateke indarrak hobetuz joateko?

Inbertsio publiko handiagoa sustatzen duten prozesu guztiak sostengatu behar dira. Baina borrokatu behar da haurtzaroa giza garapenaren ardatz bilaka dadin. Zientziak ere hori erakusten digu: 0 eta 3 urte artean gaizki elikatua izan den haur batek hainbat arazo ditu gerora, neurologikoak bereziki. Politika unibertsal publikoak behar ditugu. Gobernu honek, mugimendu sozialen laguntzarekin, politika publiko oso azkarrak plantan ezar litzake, baina aukera hori ez da baliatzen. Oraindik borrokatu behar da askoz gehiago aitzinatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.