Arrabotsetik errealitatera

2014an, Evo Moralesek legezkotzat jo zuen Bolivian hamar urtetik aitzina lan egitea. Mundu guztian eskandalua eragin zuen legeak, haurren lana desagerrarazteko ildoari muzin egiten baitzion, errealitatea arautzeko. Onartutako legea gauzatzeari ekin diote orain.

Haur batzuk semaforoetan gelditutako autoen beirak garbitzen, La Pazeko kaleetan. PAULINE BAROU.
Joanes Etxebarria.
La Paz
2016ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Haurren lana desagerraraztea kontzientzia soziala desagerraraztea da» erran zuen Evo Moralesek. Boliviako presidentea bera gazte-gaztetatik hasi zen lanean, herrialdeko 5-17 urteko 848.000 haur eta nerabe bezala —2008ko azken datu ofizialen arabera—. Aimara hizkuntzan lana hitza ez da existitzen, baina sozializatzeko bide arrunta da herriko etnia gehienetan.

Ezin uka daiteke, haatik, pobrezia ere lan egiteko arrazoietarik bat dela Bolivian. Ana Bazan Haurren, Gazteen eta Edadetuen zuzendaria da Justizia Ministerioan. Honela dio: «Estatuak helburutzat hartu du muturreko pobrezia desagerraraztea—2005ean %38an zen, eta %18ra jaistea lortu zen 2013an—; alde horretatik, pobreziagatik lan egiten duten haur eta nerabeak baldin badaude, pentsa daiteke lana utziko luketela». Legeak, baina, ez du haurren lana desagerraraztea helburu, haien eskubideak bermatzea baizik.

2013ko abenduan, haurren lana arautzeko legea onartzekotan zenean, haur eta nerabe langileen erakundeak (Unatsbo) martxa bat antolatu zuen La Paz hirian, besteak beste gutxieneko adina 14 urtetik behera jaisteko. Poliziak martxa gogorki zapaldu zuen, eta, Unatsboko koordinatzaile Lizeth Castroren hitzetan, «horri esker agintariek entzun gintuzten». Goi mailan entzun ere, presidentearekin bildu baitziren 10 eta 17 urte arteko Unatsboko ordezkariak. Salbuespen gisa, lan egiteko gutxieneko adina 10 urtera jaistea kausitu zuten, besteak beste.

OIT Lanaren Nazioarteko Erakundearen hitzarmenak 14 urtean ezarri du lan egiteko gutxieneko adina. Bolivian —salbuespen gisara, instituzioen baimenarekin—, 10 urterekin lan egin dezakete beren kontura, eta 12 urterekin beste norbaiten kontura. Evo Moralesi bidalitako gutun ireki batean, gobernuz kanpoko erakunde batzuek —Anti-Slavery International eta Human Rights Watch tartean— honela zioten legea onartua izatekotan zenean: «10 edo 12 urteko haurrek lan egiteko eskubidea ukanez gero, eskolan huts eginen dute, eta, konturatu gabe, amaigabeko pobreziaren eta analfabetismoaren gurpil zoroan sartuko dira». Semaforoetan dantza egiten duen Clararen ustez, aldiz, «ez bagenu lan egingo, gutariko anitzentzat zaila litzateke eskolako gastuak ordaintzea». Izan ere, gobernuak ikasle bakoitzariurtean 200 boliviano ematen badizkio ere (27 euro eskas) Jacinto Pinto bonuaren bidez, gastuak handiagoak dira.

Abolizioa ala eskubideak

Isabel Flores haur eta nerabe langileen Sarantañani zentroko koordinatzaileak argi dauka: nahiz eta haren ustez «legeak oraingoz ez duen ezertarako balio, ez delako gauzatzen», okerragoa litzateke haurren lana debekatzea. «Legeak erran dezake 16 urte dela gutxieneko adina, baina gazteagoek ez diote horregatik lan egiteari utziko», haren esanetan. «Kontua da ez dutela izanen euren eskubideak non betearazi». Hori bera da gobernuak ere defendatzen duena.

«Mendebaldean ere haurrek lan egiten dute, eta ez soilik 14 urtez gorakoek, OITk nahi lukeen bezala, baizik eta gazteagoek ere bai», Ana Bazanen ustez. Legeztatzearen arrazoi nagusia haur eta nerabe langileen eskubideak bermatzea dela dio Justizia Ministerioko goi kargudunak: «Egitura oso bat plantan ezarriko da haien eskubideak bermatuak izan daitezen. Haurren lana debekatuz gero, lan esplotazioa ziurragoa da, ezkutuan eginen litzatekeelako».

Bi ikuspegiek talka egiten dute gaiaren inguruan. Lan bortxatua eta lan esplotazioa debekatzen ditu konstituzioaren 548. legeak, baina errealitateari so daudela ziurtatu du Bazanek. Kanpora ere so daude, OITren planteamenduaren ondorioei, hain zuzen: «Indian, 1986an, haurren lana debekatu zuten, eta zigorrak planteatu zituzten enplegatzaileentzat. Ikerketak diona da nagusiek lortzen dutela legea saihestea, haurrei gutxiago pagatzea, eta familiak behartuak dira haur gehiago bidaltzera lanera. Haurren lana debekatu beharrean, areagotzen du».

Bost urte legea gauzatzeko

Boliviakoa lege berria da, eta, hain iraultzailea izanik, instituzioak egokitu behar dira gauzatzeko. Lurralde osoan 339 udal daude, eta bakoitza behartua da haurren eskubideak bermatzeko erakunde edo defensoria bat ukaitera. Oraingoz 288 udaletan sortu dira, eta horien gain litzateke haur eta nerabe langileekin harremanetan jartzea. «Gauza konkretuak falta dira: defensoria badago, baina haiek haurren sexu abusuak eta salaketa guztiak hartzen dituzte, eta lan baldintzekin ez dira sentsibilizatuak izan, haientzat garrantzi gutxiko gaia baita», Isabel Floresek dioenez.

Haur eta nerabe langileen ahotsa entzuna izaten ari bada ere, Unatsboko kideak legea gauza dadin bultzatzen ari dira, Lizeth Castro buru: «Kontuan hartu gaituzte, baina oraindik horretan gabiltza; legea gauzatzea nahi dugu. Erakundeetan azaldu digute ez dagoela aurrekonturik. Hitzak hitz dira, eta guk ekintzak behar ditugu».

Haurren, Gazteen eta Edadetuen Sailak gidatzen du erakundeen arteko koordinazioa: udalak, departamentuak, gizarte zibila eta 21 ministerio dira artikulatu behar direnak. Lehen bi urteetan plan bat diseinatu eta datuak berritzeko ikerketa bat egin nahi dute —11 miloi bolivianoko kostua luke, eta diru iturriak ez dira oraindik lortu—, eta hiru urte lituzkete gero politikak gauzatzeko, gobernuaren agintaldia bukatu arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.