Atletico Madrilen zaurian gatza bota nahi du Realak, gaur iluntzean

Txapeldunen Ligan porrot mingarria jaso zuten espainiarrek, asteazkenean. Zigorra beteta, hamaikakora itzul daiteke Theo Hernandez

Theo Hernandez —eskuinetara— Ruben Peñarekin lehian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2018ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Realak ez du lantegi samurra izango gaur iluntzean. Atletico Madrilen zelaian ariko dira donostiarrak, eta beti da zaila han aritzea. Hori gutxi balitz, amorruz betetako talde bat izango dute aurkari. Izan ere, asteazkenean,4-0 galdu zuten Txapeldunen Ligan, Borussia Dortmunden zelaian. Jasotako kolpea ordainarazi nahiko diete txuri-urdinei.

Alabaina, Atletico Madrilen zaurian gatza botatzeko prest daude donostiarrak. Realeko entrenatzaile Asier Garitanok, baina, ez du uste asteazkeneko norgehiagokak eraginik izango duenik Atletico Madrilek gaur egingo duen jokoan: «Mentalki ondo prestatutako taldea da». Bergararren esanetan, partidan zehar aritzeko «zenbait eredu» ditu Diego Pablo Simeoneren taldeak, eta norgehiagokako une guztietarako multzo «indartsua» duela zehaztu du: «Presioa egingo du, eta, aurretik jartzen badira, kontraerasora joko dugu».

Haiei aurre egiteko, Anoetatik urrun erakutsitako jokoari eutsi nahi dio Garitanok: «Etxetik kanpo gehiago ari gara asmatzen. Etxean gehixeago ari zaigu kostatzen; hobetu beharra daukagu». Haren esanetan «partidako egoerak txikiagotzea» izango da neurketako gakoetako bat, eta «prest egotea» bestea: «Badakigu zer egiten dugun, eta partidaren bila joango gara».

Horretarako, zenbait aldaketa egin ditzake Garitanok hamaikakoan. Zigorra bete du Theo Hernandezek, eta hasieratik aritu daiteke: «Jokalari garrantzitsua da». Frantziarrak ondo ezagutzen du Atletico Madril, bertako harrobian hazitako jokalaria baita. Miguel Angel Moyarentzat ere partida berezia izango da. Lau sasoi egin zituen Madrilgo taldean. Lehen urtean jokatzen hasi bazen ere, aulkitik ikusi zituen partidak azken denboraldietan. Gaur zelaian izango da, Realari irabazten laguntzeko. Ez du lan erraza izango.

ATLETICO MADRIL-REALA

Atletico Madril. Oblak; Arias, Godin, Lucas Hernandez, Filipe Luis; Saul, Rodri, Lemar, Koke; Griezmann, Diego Costa. Reala. Moya, Aritz, Hector Moreno, Navas, Theo; Illarramendi, Zubeldia, Pardo, Oiartzabal; Sandro Ramirez, Willian Jose.

Epailea. Mateu Lahoz.

Lekua. Wanda Metropolitano (67.829 ikusle).

Ordua. 20:45ean (BeIN).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.