Tokio 2020. ERAZTUN MOREA. Olga Korbut

1972. urtea

Municheko olinpiar jokoetako izarra bihurtu zen; urte batzuk geroago, entrenatzailearen sexu erasoak salatu zituen.

NEVIT DILMEN.
jakes goikoetxea
2021eko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Metro eta erdiko eta 50 kiloko neska hark mundua liluratu eta bereganatu zuen. Haren mugimenduek, haren jauziek, haren itzulipurdiek, haren teknikak... eta haren malkoek eta etsipenari aurre egiteko gaitasunak.

Munich, 1972. Olga Korbut 17 urterekin iritsi zen Olinpiar Jokoetara. Sobietar Batasuneko selekzioko gimnasta zen. Taldeka urrea irabazi zuten, seigarren aldiz jarraian Olinpiar Jokoetan. Korbutek erakarri zuen Municheko ikusleen eta lehiaketa telebistaren bitartez ikusi zuten milioika lagunen arreta guztia. Taldekako lehiaketan ariketa ikusgarria egin zuen barra asimetrikoetan; banakako lehiaketan, aldiz, hiru akats larri egin zituen. Mundu osora zabaldu zen Korbuten irudia, akatsek atsekabetuta, negar malkotan.

Hurrengo egunean ariketa bakoitzaren finalak jokatu ziren. Korbutek aurre egin zion bezperako atsekabeari. Urrea irabazi zuen lurrean eta oreka barran. Zilarra barra asimetrikoetan. Irribarre zabala erakutsi zion munduari.

Korbutek bi jauzi berri egin zituen Munichen: bata, oreka barran atzerantz egindako jauzi nagusia, Korbut jauzia; bestea, barra asimetrikoetan egindako Korbut flip-a, oinak goiko barran jarrita, barra askatu, atzerantz jauzi nagusi bat egin eta berriro barrari heltzea. Jauzi arriskutsua. Urte batzuk geroago debekatu egin zuten.

Korbut oso ezaguna bihurtu zen. Gimnastikaren zabalkundea bultzatu zuen. 1999an, ordea, gimnasta zen garaian egin zizkioten erasoak eta gehiegikeriak kontatu zituen. Korbuten esanetan, haren entrenatzaileak, Renald Knixek, abusuak egin zizkion eta bortxatu egin zuen: «Kirol makina ez ezik, sexu esklabo ere bihurtu nintzen entrenatzailearentzat». Alkohola edatera behartzen zuela eta kolpeak ematen zizkiola gehitu zuen. Taldekide gehiagok berretsi zituzten Korbuten salaketak. Knix ikertu egin zuten, baina kasua itxi egin zuten, froga faltagatik.

«Guztiek zekiten», esan zuen Halina Kartxeuskaiak. «Baina dominak irabaztea zen lehentasuna, eta guk ordaindu genuen». Knyshek 1958tik 1966ra entrenatu zuen Kartxeuskaia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.