Omenaldia, irabazita

Emozioz eta hunkituta agurtu dira Anoetatik Xabi Prieto eta Carlos Martinez. Realaren garaipena bigarren planoan geratu da (3-2)

Taldekideak eta senideak, Xabi Prieto eta Carlos Martinez airean dituztela. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
jon eskudero
2018ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Ez edozein jokalari, Xabi Prieto eta Carlos Martinez baizik agurtu ziren atzo Anoetan, betirako, Leganesen aurkako partidan. Biek azken neurketa jokatu zuten etxean Realeko elastikoarekin, eta emozioz beteriko omenaldia jaso zuten. Benetan hunkigarria. Imanolen taldeak lortutako garaipena ere bigarren plano batean geratu zen (3-2). Eta ez da gutxiagorako, XXI. mendean klubaren ibilbidean giltzarri izan diren bi jokalari baitira. Partida jokoan zegoen bitartean keinu batzuk izan ziren haien ohorez, baina epaileak azken txistua jo bezain laster hasi zen festa. Ondo merezitakoa, bien artean 700 partida jokatu baitituzte Realarekin.

Neurketak ez zuen distira gehiegirik izan, baina bai golak. Oiartzabalek sartu zuen Realaren lehena, eta aulkian zeuden Prieto eta Martinezengana jo zuen zuzenean. Canales ere oroitu zen kapitainarekin bigarren golean, ezkutuan haren aurpegia ageri zela baliatuz, keinu nabarmena egin baitzuen. Leganesen 2-1ekoa iritsi zen gero, eta bigarren zatian binakoa. Oso deseroso aritu zen Reala azken tarte luzean, baina zalantzaz beteriko penalti batek ekarri zion garaipena. Willian Josek 3-2koa egin ondotik zelairatu ziren Prieto eta Martinez, aulkitik. Kapitainak txalo sorta galanta jaso zuen 83. minutuan, eta zaleek portaera bera izan zuten nafarrarekin, 88.ean.

Partida amaitzean, klubak omenaldihunkigarria eskaini zien biei. Hainbat jokalari ohi sartu ziren zelaira, eta haien tartetik pasatu behar izan zuten Prietok eta Martinezek. Zelai erdian pankarta bat ageri zen, zera zioena: Nik ez dut bigarren talderik. ondoan zain zegoen Jokin Aperribai presidentea. Martinez abiatu zen lehenbizi, eta esker oneko hitzak egin zituen. Haren atzetik, Prietoren txanda izan zen, eta lau lagun eraman zituen ondoan, hark baino partida gehiago jokatuta dituzten laurak: Gorriz, Larrañaga, Zamora eta Arconada. Kapitainari ere eman zioten mikrofonoa: «Oso harro nago armarria eraman dudalako». ondoren, ohorezko itzulia eman zioten Anoetari, eta bukaeran Agur, jaunak abestu zuten denek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.