Irak, herrialde baten gainbehera. Batasuna kolokan. ANALISIA

Teherango auzo hartan

2014ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Iraken maiz entzun dut honako hau: «Amerikarrek borrokatu eta irandarrek irabazitako gerra da gurea». Ados, azalpen sinplista da baina, era berean, oso esanguratsua.

Egungo Iranen aldeko gobernua, Nuri al-Maliki xiitarena, 2003ko inbasioaren ondorioetako bat da. Bagdadera iritsi eta Teheran ekartzen digu gogora Irakeko hiriburuak; nonahi daude xiita buruzagien erretratuak, irakiarrak nahiz irandarrak. Hegoalderantz jo, eta milaka urtez oparoak izandako Tigris eta Eufratesen ibaiertzak idor aurkituko ditugu. Bertako nekazaritza produktuak ezin izan dira lehiatu Irango barazki merkeekin. Lehen sektorea gutxi ez, eta bigarrena ere irentsi du Teheranek. Nola saldu irakiar axuleiuak, edo aire girotuaren instalazioak, irandarrak prezio erdian daudenean? Iranek ekonomikoki eta sozialki estutu du Irak, baita politikoki ere. Ugariak dira irandar pasaportea duten Irakeko gobernukideak.

2011ko protesta haietan, irakiarrek ozenki salatu zuten, besteak beste, gobernuaren ustelkeria, islamizazioa, bai eta herrialdearen iranizazioa ere. «Xiitak gara, baina arabiarrak, eta ez persiarrak!», kexu ziren Bagdadeko Tahrir plazan. Eta xiitek hala bazioten, zer esanik ez herrialdeko sunitek Fallujan, Ramadin, Mosulen... berriki Bagdadeko kontrolpetik at geratu diren hirietan alegia.

Azken hauek diotenez, Iranek Al-Qaedako hainbat zelulari babesa eman zion gizarte zibil sunita hondatzeko eta berau gobernutik aldentzeko. Sunitak izan ziren, hain justu, Al-Qaeda orduan kanporatu zutenak. Paradoxa bada ere, bat egin dute berriz gaur Safavid-en kontra. Baathistek nahiz jihadistek Persiar Inperioaren izena berreskuratu dute Malikiren gobernua izendatzeko.

«2003an amerikarrak pairatu genituen baina Iran dugu etsai nagusia gaur», azpimarratu zidan 2011n Fallujako tribu buruzagi Talib al-Hasnawik. Irak «Teherango auzo» bilakatu dela ikusirik, nola uler daiteke Washingtonen agenda Ekialde Hurbilean? Iran eta Siriako mugetan anabasa piztea izan zen inbasioaren helburua? Irak zatitzea? Oraingoz kurduek euren hiriburu historikoa den Kirkuk mendean hartu dute. Sunitek muturreko islamistekin bat egin dute eta xiitek besoak zabalik hartu dituzte euren eskualdea defenditzeko prest dauden irandarrak. Ba ote da Iraken irakiarrik?
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.