ERAZTUN MOREA. Lis Hartel

1952. urtea

Zilarrezko domina bat lortu zuen zaldiketan, gerritik behera elbarri egonda ere, eta gizonen aurka lehiatuta.

BERRIA.
jakes goikoetxea
2021eko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Lis Harteli (Hellerup, Danimarka, 1921) zaldi gainean ibiltzea eta lehiatzea gustatzen zitzaion. 23 urte zituela, alabaren esperoan zela, poliomelitisaz gaixotu zen. Gaixotasunak gorputz guztia paralizatu zion. Medikuek esan zioten ezin izango zela berriro zaldi gainean ibili. Haur osasuntsu batez erditu zen, eta errehabilitazio ariketei ekin zien, amaren eta senarraren laguntzaz. Berriz ere zaldi gainean ibili nahi zuen, eta zaldi hezieran lehiatu, besteak beste. Berriz ikasi behar izan zuen lau hankan eta oinez ibiltzen, eta besoak altxatzen.

Elbarri geratu zen gerritik behera, betiko. Lau hankako makulu bat izan zuen birgaitze ahalegin gogorrean bidelagun: Jubilee, etxeko behorra. Bidea ez zen erraza izan. Behin baino gehiagotan erori zen, bai zutik zela, bai zaldi gainetik. Hala ere, zaldi gainean lortzen zuen zalditik jaistean falta zuen oreka. Eskandinaviako Zaldiketa Txapelketan lehiatu zen gaixotu eta hiru urtera. Bigarren izan zen. 1948ko Londresko Olinpiar Jokoetan parte hartzeko maila bazuen, baina emakumeek debekatuta zeukaten zaldiketan parte hartzea.

1952an, Helsinkin, utzi zieten, eta Hartelek parte hartu zuen —Danimarkako Txapelketa irabazi zuen aurretik—. Gizonekin batera, gizonen aurka, lehiaketa berean. Hertelek zilarra lortu zuen. Olinpiar Jokoetan zaldiketan domina lortu zuen lehen emakumea izan zen. Gizonen aurka lehiatu eta lehen domina lortu zuen emakumea. Ez hori bakarrik: desgaitasun fisiko handi bat edukita ere, domina lortu zuen lehena. Oztopo asko gainditu zituen domina bat izan zen Hartelena.

Lagundu egin behar izaten zioten Jubilee-ren gainera igotzen eta Jubilee-tik jaisten. Helsinkin, urrezko dominaren irabazleak, Henry Saint Cyr suediarrak eraman zuen Hartel zalditik podiumera. Podiumean makulurik gabe egon zen zutik. Zilarrezko beste domina bat irabazi zuen 1956ko Olinpiar Jokoetan, Stockholmen.

Hala ere, Hartelentzat, dominak baino gehiago, bere lorpen handiena Europako lehen zaldiketa zentro terapeutikoa sortzea izan zen. Lan asko egin zuen zaldian ibiltzea errehabilitazio modu gisa onartua izan zedin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.