Bertol Arrieta.
Brasilgo Munduko Kopa. 'O TEMPLO DO FUTEBOL'

Hondorik gabeko motxilaren sindromea

2014ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Dirua eta burua Uruguairekin dauzkat, aitortzen dut, baina bihotza Brasilek lapurtu dit, zuk lapurtu didazu. Herrialde hau zoragarria da, Rio marabilla bat, eta zu euskaldun txatxu hau salbatu duen sorgina, Belinha!

Zure birraitonaren birraitona zuri (zuriegi) bihozgabe hark Mozanbiketik edo Angolatik esklabotzarako ekarritako neska beltz (beltzegi) dohakabe hura bortxatu zuelako daukazu kafearen kolorea eta lurrina azalean, baina libreegia zara zu, Belinha, halako eskandalu aspaldikoarekin aztoratzeko. Duela hiru segundoko kontuak ahazten zaizkizu, nola hartuko dituzu aintzat duela hirurehun urtekoak. Carpe diemaren maisuek, unea bizitzea zer garrantzitsua den esplikatzen duten horiek, zure argazkia jarri beharko lukete euren azalpenaren ondoan. Ez dago biharrik zure lengoia berezian, ezta atzorik ere. Gau bat egin dut zurekin, Belinha, baina ez naiz hori ez konprenitzeko bezain inozoa. Hiri hau, herrialde hau, gehien gorrotatzen nuen momentuan iritsi zinen, eta nire herria inoiz baino urrunago, sekula baino arrotzago, sentitzea ekarri didazu: debaldeko horrenbeste min pilatu hezurretan itsatsirik, alferrikako horrenbeste esperantza etorkizunean jarririk. Hondorik gabeko motxilaren sindromearekin bizi gara han, eta hemen ez dakizue motxila bat zer den ere.

Bart ulertu nuen Brasil, Belinha, zure zango finen oihanean galduta nenbilela. Ezin dizut ezer eskatu, badakit, eta, hala ere, hiri aldakor eta basati honen kaleak zapaltzen segitzen dudan bitartean, nire arima zuri nazkanteak zurea desiratuko du isilpean, bueltakoan distantziak edo itsasoak ahazturaren bataila irabaziko duten itxaropenarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.