Bertol Arrieta.
Brasilgo Munduko Kopa. 'O TEMPLO DO FUTEBOL'

'Maracanaço'-aren mamua

2014ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Telebistari begira geunden, Argentina eta Belgika ari ziren nor baino nor.

- Irudikatu al dezakek? -galdetu zidan Aldok, tabernako oihuei gain hartuta-. Brasil-Argentina Munduko Kopako finala, non eta Maracanan -tragoa ostu zion garagardoari-. Alde batetik, nahiko nikek, baina bestetik, dardarka jartzen zaizkidak hankak. Argentinar putaseme hauek zer diren konpetitiboak! Ez ditek ekipo onegia baina kapaz dituk mundiala irabazteko. Messik berak bakarrik irabaz lezakeela ematen dik, ezta?

- Hi, Aldo, gainontzeko brasildar guztiak hi bezain negartiak al dituk? Edan ezak, epeldu baino lehen, eta isil hadi behingoz.

- Bazirudik idatzita dagoela,ez zekiat non, futbolaren biblian edo...

- Futbolaren biblian? Eta zein dituk apostoluak? Valdano eta Bielsa? Clemente eta Guardiola?

- Brasil-Argentina, Maracanan, eta Messik, goante zuriko lapur, kopa Argentinara. Jainko berria, zaharra ordezkatzeko. El diez el Dios-etik, Messi el Mesias-era.

- Nahi al duk mukizapi bat?

- Bazaudek pertsona batzuk zeregin konkretu batekin jaio direnak, eta Messi duk horietako bat, eta munduko kopa altxatzea bere zeregina. Soilik espero diat oraingoan ez izatea.

- Alemaniarren kontra irabazi beharko duzue, lehendabizi. Eta Thiago Silvak eta Neymarrek ez ditek jokatuko... Dedio! Sanba nazkante honekin ez al zaizkizue zainak lehertzen? Goazen hadi beste batera!

- Brasildarrok, dugun izaerarengatik, ez diagu sekula munduko kopa bat etxean irabaziko.

- Hi, Aldo, Bruxo Marceloren txokoa libre geratu dela uste diat.

- Arinegiak gaituk izakeraz, dantza eta joko polita bai, baina konpetizioan kale.

- Eskerrak! Bestela bederatzi izar bai paparrean.

- Eta gero Maracanaço-aren mamua zagok...

- Ederra ematen duzue Maracanaçoarekin!

- Kontatu al diat inoiz zein izan zen Riokoa baino Maracanaço handiagoa?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.